Txernobyl, 30 urte. Nuklearrak Euskal Herrian

Borrokaren orbain bizia

Euskal Herriko mugimendu antinuklearrak mugarri bat ezarri zuen 1970eko hamarkadaren erdialdean, batez ere Lemoizen aurkako borrokan irudikatuta.

Lemoiz izan zen Euskal Herrian aurreratuenegon zen zentral nuklear egitasmoa. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Energia nuklearrari buruzko eztabaida bizi-bizi dago Euskal Herrian. Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) arduratu da horretaz azken bi hamarkadetan, hein handi batean. Argindar sarera konektatu eta 45 urte geroago, hiru urte luzez geldirik egon ondoren, argitu gabe dago berriz irekiko duten. Iberdrolak eta Endesak—zentral nuklearraren jabetza partekatzen duten enpresek— iritzi kontrajarriak dituztela irudikatu dute asteon. Aldiz, Euskal Herriko gizarteak aurkako iritzi argia agertu du.

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak Garoña ez irekitzeko asmoaren berri eman die sindikatu eta langileei. Zentralaren %50aren jabeak arrazoi ekonomikoak baliatu ditu erabakia argudiatzeko. Hau da, Iberdrolaren kapitala duten beste zentral nuklearrak errentagarriak diren bitartean, haien alde egingo du: Almaraz, Cofrendes, Vandellos II eta Asco II. Garoñaren beste erdiaren jabeak jarrera zehaztu bitartean, Euskal Herritik gertuen dagoen zentrala ixteko norabidean jarri du Iberdrolak.

Iberdrola izan zen, hain zuzen ere, eztabaida nuklearra bete-betean sartu zuena Euskal Herrian, oraindik Iberduero zenean. Frankismoak energia nuklearraren alde egin zuen apustu, eta Iberduerok baliatu zuen hainbat proiektu nuklear abiarazteko. Euskal Herrian lau kokapen aurreikusi zituen 1970eko hamarkadaren hasieran: Deba (Gipuzkoa), Tutera (Nafarroa), Ispaster eta Lemoiz (Bizkaia). «Horiek kokapenak dira, baina askoz erreaktore gehiago ziren; Lemoizen, adibidez, lau erreaktore aurreikusi zituzten», oroitarazi du Carlos Alonsok, Ekologistak Martxan-eko kide eta orduko mugimendu antinuklearreko parte hartzaileak.

Egitasmo haiek ez zuten erantzunik jaso hasieran. «Garai hartan apenas zegoen informaziorik; areago, ez zegoen ez manifestaziorako eskubiderik, ez adierazpen askatasunik, ez ezer», arrazoitu du Alonsok.

Administrazioak ere, aurka

Egitasmoei eragozpenak jartzeko orduan, administrazio publikoek izan zuten garrantzia nabarmendu du Alonsok. Oraindik frankismoaren barruko tresnak ziren, eta haien aurkakotasuna esanguratsua izan zela azaldu du. Hainbat udal agertu ziren zentral nuklear horien aurka: Deba, Donostia, Tutera... Aldundiak ere zentralen kontra jarri ziren.

1975. urtearen bueltan aurkako lehen gizarte mugimenduak hasi ziren: aleka hasieran, eta apur bat antolatuagoak informazioa zabaldu ahala. Informazio lan horretan zeresan handia izan zuen Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Defentsa Batzordeak. «Bertan zeuden gehienak energia nuklearrean adituak ziren, edo derrigor aditu bihurtuko zirenak».

Euskal Herriko mugimendu antinuklearrak zenbait mugarri izan zituela azaldu du Alonsok. 1976ko abuztuaren 29an kokatu du lehena. Franco hil ostean onartu zen lehen manifestazioetako bat egin zuten Gorliz eta Plentzia artean. Garaiko datuen arabera, 50.000 pertsona bildu ziren. Bilboko manifestazioa heldu zen gero, 1977ko uztailean. Antolatzaileen arabera, 150.000 pertsona bildu ziren.

Mobilizazio haiekin batera, komite antinuklearrak sortzen hasi ziren. Auzo eta herrietan sortu ziren, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, «modu naturalean». Ordea, hilabeteen joanarekin koordinatzen hasi ziren.

Sabotajeak, gora

Deba, Ispaster eta Tuterako egitasmoak baztertu ziren, eta borroka Lemoizen zentratu zen. Hain zuzen ere, 1978rako nahiko aurreratuta zeuden lanak. Komite antinuklearren sorrerarekin batera hasitako sabotajeak ugaritu egin ziren urte hartan. ETA ere Lemoizen aurka jardun zen. Halaber, zentralaren lanetako langileen sabotajeak ere ekarri ditu gogora Alonsok: kableak moztu, tresneria lapurtu... Horrek guztiak zentralaren lanak atzeratu zituen. Lemoizen aurkako borrokan hamahiru pertsona hil zituzten: nuklearren aurkako ekintzaile bat, ETAko zazpi kide, eta bost langile.

1982an, PSOEren gobernuak zentral nuklearrak gelditzeko asmoa iragarri zuen, eta 1984an behin-behinean geratu zituen: Lemoiz (Bizkaia), Trillo (Guadalajara, Espainia) eta Valdecaballeros (Badajoz, Espainia). Zentralak behin-behinean ixtearen truke, gobernuak kalte-ordaina adostu zuen enpresekin: herritarrek argindarraren fakturaren %3,5etik gora ordaindu zieten enpresei, erabakia behin betikoa izan arte.

Hamar urte geroago, 1994an, Espainiako Argindar Sistema Antolatzeko Legearen bitartez, guztiz ezarri zuten etenaldi nuklearra. Ordurako herritarrek 3.750,32 milioi euro ordainduak zituzten, Ekologistak Martxan-ek zenbatetsitakoaren arabera. Dena den, zentral nuklearrak behin betiko gelditzeagatik enpresek kalte-ordainak eskatu zizkioten gobernuari. Espainiakoak 4.383,24 milioi euroan zehaztu zuen argindar enpresei eragindako kaltea, eta, ordura arte bezala, herritarrek fakturaren bitartez pagatu zuten.

Kalte-ordainaren %51,8 Lemoizentzat izan zen; %46,6, Valdecaballerosentzat; eta %1,6, Trillorentzat. Enpresen araberako banaketa aintzat hartuz gero, Iberdrola izan da kalte-ordain handiena jaso duena: %74,28, hau da, 3.255,87 milioi euro.

Herritarrek 2015eko urrian amaitu zuten eten nuklearren ondorioak ordaintzen. Lemoizen gaineko eztabaida ez da amaitu, ordea. Etenaldia ordaindu ondoren, zentrala hartu behar zuen azpiegituraren jabetza publikoa dela argudiatu dute zenbaitek. Argitu bitartean, guztiz amaitu ez den garai bateko borrokaren orbain gisa iraungo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.