Andrezj Wajda

Poloniako historiaren kronista

Europako zinemagintzaren ikurretako bat izan da Wajda II. Mundu Gerra ostean. Nazien aurka borrokatu zen nerabe zela, eta Lech Walesaren jarraitzailea izan zen 80ko urteetan. 40tik gora film egin zituen.
JAKUB KAMINSKI / EFE-EPA

Gorka Erostarbe -

2016ko urriak 11
Bigarren Mundu Gerra osteko Europako eta munduko zinemagile prestigiozkoenetakoa izan zen Andrzej Wajda. Poloniako herriaren historiaren kronista sentibera eta zorrotza izan zen, eta haren bilakaeraren berri eman zuen lengoaia propio baten bidez, artisautik asko zuen zinema eginez, informatu eta hunkitu aldi berean eginez. Naziek okupaturiko Poloniaren sinboloetako bat izan zen bere hastapenetan, eta 1980ko hamarkadan Lech Walesak gidaturiko Solidarnosc sindikatuarena ondoren. Igande gauean hil zen, egun batzuk koman eman ondoren, biriketako gabezia bati aurre egin izanda. 90 urte zituen.

Suwalki herrian jaio zen Wajda, 1926ko martxoaren 6an. Aita Poloniako armadako zalditeria ofiziala zuen, eta II. Mundu Gerarren hasieran hil zuten, Katyngo sarraskian. Sarraski horri buruz Katyn filma egin zuen Wajdak berak 2007an. Nazien aurka borrokatu zen Poloniako armadarekin, oraindik nerabe zela. Gerra hura amaitzean, pintura ikasi zuen Krakoviako Arte Ederretako akademian, eta, ondoren, Lodzeko Zinema Eskolan sartu zen. Aleksander Ford zinemagile herrikidea miresten zuen, eta haren estiloari jarraituz ondu zuen Pokolenie (A Generation) estreinako lana, 1954an. Lehen lan horretan jorraturiko gai antibelikoa gehiago landu zuen Kanal (1956) eta Popiól I Diament (1958, Errautsak eta diamanteak) hurrengoetan. Film horiez geroztik, eduki alegoriko eta sinbolikoko obrak egin zituen batez ere. Zenbait sinbolo ohikoak bihurtu ziren haren pelikuletan; esaterako, likore kopatan pizturiko sua, gerrak itzalitako gazte garaietako idealismoaren metafora modura.

Lehen film horietan, Zbigniew Cybulski aktorea izan zen protagonista roletan. Cybulski tren istripu batean hil zen, 1967an, eta Wajdak bere filmik pertsonalenetako bat eskaini zion. Wszystko na sprzedaz (1969, Everything for Sale).

Walesaren kide eta senatari

Polonian gobernu komunista indarrean zenean, haren kontra sorturiko Solidarnosc sindikatuaren aldeko jarrera aktiboa izan zuen Wajdak; sindikatu autonomoen gaia jorratzen dute, aldez edo moldez, Czlowiek z marmuru-k (1976, Marmolezko gizona) eta Czlowiek z zelaza-k (1981, Burdinazko gizona). Bigarren horretan Lech Walesa sindikatuko buruzagiak berak parte hartu zuen, bere burua antzeztuz. Poloniako Gobernuak Wajdaren ekoiztetxea legez kanporatu zuen garai hartan. Walesa bera herrialdeko presidente bihurtu zen 1990ean —bost urtez izan zen—, eta Wajda senatari hautatu zuten. Varsoviako Powszchny antzokiko zuzendari artistiko izan zen. 1982. eta 1983. urteetan, Europako mendebaldera autoexiliatu zen, eta, batez ere, antzerki obratan lan egin zuen. Shakespeareren Hamlet obraren lau egokitzapen egin zituen.

Bigarren Mundu Gerrari buruzko filmak egiten jarraitu zuen 1990eko hamarkadan, Pierscionek z orlem w koronie (1992, The Crowned-Eagle Ring) eta Wielki tydzien (1995, Holy Week), esaterako. Panna Nikt-en (1997, Miss Nobody) norantzaz aldatu zuen guztiz, eta hiru neraberen arteko harremanen alderik ilunenak arakatu zituen. 2000. urtean, Ohorezko Oscar saria eman zioten bere ibilbide guztiagatik. Sari hura Krakoviako Jaguelonica Unibertsitateari eman zion. Bere filmetako hiru Oscar sarietarako izendatu zituzten ingelesez besteko alorrean. Ziemia obiecana (Lur promestua, 1975), Czlowiek z zelaza (l'Homme de fer frantsesezko izenburuarekin ere zabaldu zen - Burdinazko gizona, 1981) eta Katyn (2007). 2006an, Ohorezko Urrezko Hartza eman zioten Berlingo zinema jaialdian.

Orotara, 40 lanetik gora egin zituen, eta aurtengoa du Powidoki (Afterimage) azkena, Wladyslaw Strzeminski pintore eta teoriko konstruktibistaren inguruko lana. Torontoko zinema jaialdian aurkeztu zuen, irailean, baina oraindik ez da iritsi zinema areto komertzialetara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna