Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Espainiako erregearen abdikazioa. Soslaia

Pausoa, erori aurretik

Abdikatu egin du Espainiako errege Juan Carlos I.ak, eta bere seme Feliperi dagokio oinordekotza hartzea.

Askotariko krisien garaian heldu da erabakia; «egonkortasuna» aipatu du estatuburuak

Hodei Iruretagoiena -

2014ko ekainak 3

Bukatu da Espainiako Juan Carlos I. Borboikoaren erregetza. Bere seme Felipe Borboikoaren esku utziko du orain Espainiako estatuburutza. Kontatu duenez, urtarriletik hartua zeukan erabakia, baina atzo egin zuen publiko. Espainiako presidente Mariano Rajoyk aurreratu zuen berria 10:30 aldera, eta 13:00etan etorri zen erregearen adierazpena. «[Felipek] ordezkatzen du monarkiaren ikur den egonkortasuna». Mandatu horixe utzi dio semeari Francisco Franco diktadorearen oinordekoak: «Egonkortasuna ziurtatzea». Espainia bakarraren egonkortasuna.

Monarkia bera, eta monarkiak ordezkatzen duen sistema politikoa azken lau hamarkadetako egoerarik desegonkorrenean daudela etorri da Juan Carlos I.aren iragarpena. Krisi ekonomikoak krisi politiko azalarazi du, eta, Euskal Herrian edo Katalunian ez ezik, gero eta biziagoa da Espainian ere estatu ereduaren inguruko eztabaida. Erregearen beraren irudia ere krisian zegoela esan izan da azkenaldian, eta abdikatzeko erabakiarekin, Juan Carlos I.ak ez die tarterik utzi nahi izan ezustekoei. Krisiak krisi, ez dirudi epe motzean zalantzan egon daitekeenik Espainiako monarkiaren jarraipena, baina, oraingoan, badaezpada, erortzeko arriskurik gabe eman du joateko pausoa Juan Carlos I.ak.

Adierazpenean, «krisi ekonomiko sakona» onartu arren, ez du bestelako krisirik aipatu; belaunaldi aldaketa huts gisa azaldu du karguaren eskualdatzea. «Belaunaldi gazteago batek merezi du lehen lerrora pasatzea, energia berriekin, gaur egungo koiunturak eskatzen dituen eraldaketa eta erreformei ekiteko erabakitasunarekin dagoelako».

1975ko azaroaren 22an errege izendatu zutenetik, hamaika modutan azaldu izan da Juan Carlos I. aren ibilbidea: «demokraziaren berme» izan da batzuentzat, frankismoak «dena ondo lotuta» uzteko egindako erreformaren ikur besteentzat. Ibilbide horren erakusgarri, hamaika pasarte aipa litezke, Euskal Herrikoak horietako hainbat. Beste asko, ezin dira zehaztasunez aipatu, gardentasunik eza nabarmena izan baita errege etxearekin lotutako hainbat auzitan.

HEZIKETA, DONOSTIAN

Espainiako II. Errepublika ezarri ondoren ihes eginda, Italian zegoen borboitarren errege familia Juan Carlos Borboikoa jaio zenean (Erroma, 1938ko urtarrilaren 5). 1936ko Francoren altxamendu militarraren ondoren, irabazleen bandoak egonkortasuna bermatuta zuela itzuli ziren Espainiara. 1948an, Donostia inguruan egin zuten bilera Francok eta Joan Borboikoak —Juan Carlosen aitak, berezko oinordeko behar zuenak—, itsasoan, Azor izeneko yatean.

Biek hala erabakita, Donostiako Miramar jauregian eman zioten formazioa ondoren Espainiako errege bihurtuko zenari, 1959 eta 1954 artean. Besteak beste, Karlos Santamaria izan zuen irakasle —Franco hil ondorengo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izan zena—. Hala oroitu zuen berak: «Oso mutil sinpatikoa zen, oso ironikoa eta oso alferra».

1972an saldu zion Joan Borboikoak jauregia Donostiako Udalalari, 105 milioi pezetatan, 630.000 euro inguruan.

ANAIAREN «ISTRIPUA»

Alfonso anaiaren heriotza da Juan Carlos I.aren pasarte ilunetako bat. Hainbatetan aipatu izan da Donostian gertatu zela bertsio ofizialak «istripu» izendatutako heriotza hura. Portugalen izan zen, ordea, 1955ko martxoan, errege familia Aste Santuetako oporrak pasatzen ari zela. Tiroz hil zuen Juan Carlos I.ak Alfonso anaia. Tiroak ihes egin ziola esan zuten orduan; ordurako, kadete militarra zen Juan Carlos I.a.

FRANCOREN OINORDEKO

Garai hartarako, Francok begiz jo eta hautatua zuen Juan Carlos I.a hura hil ondoren Espainiako estatuburu izateko. 1969. urteko uztailean egin zuen zin, «Erreinuko Oinarrizko Legeak eta Mugimendu Nazionalaren printzipioak zaindu eta betearazteko». Francok «ondo lotuta» utzi nahi zuen sistema politikoa.

Sei urte inguruz itxaron behar izan zuen Juan Carlos I.ak estatuburu bihurtzeko, haren aurrekoak ez baitzuen abdikatu; ohean hil zen 1975eko azaroaren 20an. Bi egunera izendatu zuten errege Juan Carlos Borboikoa, agintari frankisten babespean.

«DEMOKRAZIAREN» GIDARI

Francoren heriotzaren ondoren, «demokraziaren» gidari eta berme izan dela defendatu dute Juan Carlos I.aren aldekoek. Berak kargua hartu ondorengo prozesu politikoaren ondorioz egin zituzten hauteskundeak Hego Euskal Herrian, lehen aldiz urte luzetan. Espainiako Konstituzioa eta Gernikako Estatutua ere bozkatu ziren orduan —Nafarroako Foru Hobekuntza ez—. Autodeterminazio eskubiderik ez zuten onartu, eta bi erkidegotan banatu zituzten Hego Euskal Herriko lau herrialdeak.

Horren ondoren etorri zen, 1981ko otsailaren 23ko estatu kolpe ahaleginean, Juan Carlos I.aren babesa areagotu zuen gertakaria. «Demokraziak» hari esker iraun zuela kontatu izan dute aldekoek, baina susmoak agertu dituzte zenbaitek mugimendu haietan izan zuen parte hartzeaz: kolpearen egileek helburua bete zutela esan izan dute. Francoren heriotzaren ondorengo giroa apaltzen hasia zen herritarren artean, erreforma onartu zuten alderdiekiko babesa makaltzen hasia zen, eta kolpearen ondoren, ordura arte errepublikaren alde egindakoak ere monarkiaren aldera igaro ziren. Lehenago hankamotz geratutako egonkortasuna eta kohesioa sendotu ziren horrela.

LEHEN BISITA, GERNIKAN

Egun batzuk lehenago egin zuen Juan Carlos I.ak Euskal Herrira lehen bisita ofiziala, 1981ko otsailaren 4an. Eusko Legebiltzarreko nahiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak zeuden gonbidatuta ekitaldi nagusira. Juan Carlos I.a bere diskurtsoa hastera zihoala, Eusko Gudariak abesten hasi ziren HBko eta LAIAko ordezkariak. Tentsio giroa sortu zen aretoan: txaloz estali nahi izan zuten abestia gainontzeko hautetsiek, eta Viva España-ka ere hasi ziren UCDkoak. Azkenean, Ertzaintzaren Berrozi talde bereziko agenteek atera zituzten «araudia hausten ari zirenak».

Erregeak «demokraziarenganako sinesmena eta euskal herriarekiko fedea» agertuz erantzun zion ustekabeari, «intolerantzia praktikatzen dutenen» aurrean. 1983an, Espainiako Auzitegi Gorenak estatuburuaren aurkako irainengatik eta desordena publikoagatik zigortu zituen HBko eta LAIAko hogei kide, baina hiru urtera bertan behera utzi zuen epaia Auzitegi Konstituzionalak.

UKIEZINA

Ez ziren haiek izan «erregea iraintzeagatik» auzipetutako euskal politikari bakarrak. Izan ere, Espainiako Konstituzioak dio «ukiezina» dela estatuburua eta ez dagoela «inongo erantzukizuni lotua». 2003ko otsailaren 26an, Egunkaria itxi berritan, «torturatzaileen buru» izendatu zuen Espainiako erregea Arnaldo Otegik, Batasunak egindako agerraldian. Urtebeteko zigorra ezarri zion Auzitegi Gorenak, baina zigorra gehiegizkoa zela ebatzi zuen azkenean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, adierazpen askatasuna aipatuta. Ezker Batuko koordinatzaile nagusi Javier Madrazo ere ibili zen auzitegietan delitu beragatik. Irakeko gerraren testuinguruan Juan Carlos I.a isilik egon zela eta Espainia «gerra inperialista» batera eraman zuela esan zuen.

ZARZUELAN, DENETARIK

39 urtetako ibilbidean, hainbat ordezkari politiko hartu izan ditu Juan Carlos I.ak Zarzuelako jauregian; HBko Jon Idigorasekin hasi, eta Iñigo Urkullu lehendakaria edo Yolanda Barcina presidentearekin amaituta. Era guztietako mezuak entzungo zituen haien ahotik.

1997tik errege etxeko kide den euskal herritar batek sortu dizkio azkenaldian arazoak: Iñaki Urdangarinek, Juan Carlos I.aren suhiak. Noos auziko ustelkeria zantzuak izan dira Espainiako monarkiaren gardentasunik eza agerian utzi dutenak. Errege etxeak distantziatik begiratu arren, ezin izan dute saihestu zipriztinduta bukatzea.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

EH Baiko zuzendaritza berria, Baionan ©EH Bai

Euskal Herri burujabea helburu, lurralde elkargo berezia aldarrikatuko du EH Baik

Ekhi Erremundegi Beloki

2022-2026 aldirako bide orri politikoa onartu eta ondoko urteetarako zuzendaritza berria hautatu dute ezkerreko mugimendu abertzaleko kideek. «Karrikan eta instituzioetan borrokatzeko» borondatea erakutsi dute, eta EH Bildureko duten hitzarmen estrategikoa «indartu eta berrituko» dutela erran dute.

KEM talde antimilitaristaren ekintza, Bilboko koartelean. ©BERRIA

«Kuartela auzoarena izan arte!»

Imanol Magro Eizmendi

Hiru igeltsero antimilitaristak Bilboko Juan de Garay kuartel militarra eraisteko lanekin jarraitu dute. 6.500 metro koadroko orubea Iralako auzotarren esku gelditu dadin egin dute lan. Ertzaintzak kalteak eragitea leporatu die.

Foro Sozialak antolatutako mahai inguruko partehartzaileak, herenegun, Donostian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Aitortzarako bide bat» zabaldu du Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak

Julen Aperribai

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeko presidente Juana Balmasedak biktima horien aitortzan batzordeak egindakoa goretsi du. Lan hori trabatzeko mekanismoak martxan direla ohartarazi du.

EH Baiko kideak, uztailean, kongresuaren aurkezpenean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Ezkerreko abertzale guziak biltzeko gai izan nahi du EH Baik

Ekhi Erremundegi Beloki

Bihar eginen du lehen kongresua ezkerreko abertzaleen mugimenduak, eta ondoko urteetarako bide orri politikoa bozkatuko dute. «Parte hartze handia» nabarmendu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.