Armairutik ateratzearen garrantzia

Literaturian estreinatuko diren bi emanaldietako bat da Metrokoadroka konpainiaren 'Mr. Señora' teatro errezital dramatizatua. Oier Guillanek idatzi du, eta konpainiako aktoreekin batera moldatu dute.
Oier Guillanek <em>Mr. Señora eta beste ileorde batzuk</em> obra aurkeztu zuen aurreko astean, Donostian.
Oier Guillanek Mr. Señora eta beste ileorde batzuk obra aurkeztu zuen aurreko astean, Donostian. JON URBE/ ARGAZKI PRESS

Berria -

2016ko maiatzak 19
Gaur, armairutik ateratzearen aldeko aldarria egitera nator, armairugabetzearen arriskuaz ohartaraztera, eta desarmairugabetzearen alde egitera». Hitz horiekin aurkezten du bere burua Mr. Señorak, Oier Guillanek sortutako pertsonaiak. Bakarrizketa batetik abiatutako teatro errezital dramatizatua da Mr. Señora, eta Metrokoadroka konpainiak Literaturian estreinatuko du larunbatean 17:00etan, Zarauzko (Gipuzkoa) Modelo aretoan.

Guillanek aurreko astean argitaratutako Mr. Señora eta beste ileorde batzuk liburuan oinarritutako emanaldia osatu dute Metrokoadroka konpainiako lagunek. Hala, bakarrizketa lau ahotsetan banatuta dago, eta hainbat elementu performatiborekin osatu dute ikuskizuna. Bakarrizketari buelta bat eman diote, Guillanen esanetan: «Autorea, hau da, ni neu, boikoteatu dugu errezitala sortzeko. Nik idatzitako testua oinarria bada ere, Metrokoadrokako gainontzeko aktoreekin batera eraldatu dugu istorioa, hasierako probokaziotik abiatuz baina nire lana sakratu bihurtu gabe». Idoia Beratarbide arduratu da estetikaz, kartelaz eta jantziez; oholtza gainean, berriz, Ainhoa Alberdi, Amaia Corral eta Joseba Roldan ariko dira, Guillanekin batera.

Mr. Señora publikoari arituko zaio, begiratuak sentitzen diren gorputzei buruzko gogoeta eginez; hainbat galdera airera botako ditu: «Zein neurritan naiz besteek ikusten dutena? Existitzen al naiz besteen begiradarik gabe? Nortzuk zarete zuek, begiratzen dizuedanean? Nik, gaur, nire armairua topatu dut: antzokia». Umorea eta probokazioa dira lanaren abiapuntuak, eta ikusleen jarrera aktiboa lortu nahiko dute. «Beharbada, jendeak ez du hala ikusiko, baina guk ulertzen dugu umorean duela oinarria antzezlan baten sormen lanak. Umoretik abiatuta, eraginkorragoa izan ohi da ikusleengana iristea. Gainera, emanaldiak zentzu performatiboa duenez, zuzenean publikoari hitz egiten diogu, ikuskizun probokatzaileagoa sortuz. Publikoaren esku dago guk bidalitako mezua hartzeko modua; eroso senti daitezke ala ez, baina haien begirada ezinbestekoa da sormen lana erabat osatzeko».

Armairutik ateratzen den jendearentzako maitasun adierazpen moduan deskribatu du Guillanek Mr. Señora. Iluntasunean hasten da errezitala, armairuan sartuta egoteak dakarren sentipena adieraziz: «Mr. Señora armairu barrutik hasten da hizketan, eta, horretarako argiztapenarekin jokatu dugu; hala, pertsonaia iluntasunetik argira mugitzen da, argitasun hori bonbilla zahar bat bada ere». Armairutik ateratzen direnak behatuak sentitzen dira, baina horrek ez du zertan txarra izan, idazlearen esanetan: «Begiratuak sentitzen diren gorputzei buruzko errezitala da; pertsonaia armairutik ateratzen denean, besteen begirada jasotzen du. Alde horretatik, esker onekoa sentitzen naiz armairutik atera direnekin, beren izaera eta nortasuna jendaurrean aurkezteko beldurrik ez dutelako. Errealitatea beste betaurreko batzuekin ikusteko aukera eskaini digute».

Errezitala armairutik ateratzeko ekintzatik harago doa, eta belaunaldi baten sustrai kulturalei erreparatzen die. «Feminismoa edota LGTB mugimenduaren historia errotuta dago gure belaunaldian, txikitatik edan dugu feminismotik eta sexu askapenaren aldarritik. Gutako askok gertutik sentitu dugu armairutik ateratzeak dakarrena, eta sentipen hori baliagarria da egunerokotasuneko gainontzeko egoeretan ere».

Literaturian ikuskizuna estreinatzea plazera da Guillanentzat: «Halako sormen lanak aurkezteko zirkuituak ez dira oso ugariak, eta, guretzat, oso garrantzitsua da Literaturian izatea, gure lanean interesa duen publikoarekin egoteko aukera eskaintzen digulako». Larruarekin lotura badu Guillanen obrak; aurreko astean plazaratutako liburua zazpi antzezlanekin osatu du, eta bertan gorputz matxuratuak dituzten pertsonaien istorioak bildu ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna