Kataluniako erreferenduma

«Udazken festako» gogoeta

Amaitu da erreferendumaren kanpaina; independentzia bainoago, hautetsontzien presentzia bera izan da ardatz. Eskoletan daude jada milaka lagun, bihar bozkalekuak zabalik daudela bermatzeko

Mossoak IES Tarradell ikastetxean, atzo, Bartzelonan. Zuzendariari jakinarazi zioten ikastetxea ixteko agindua. MARTA PEREZ / EFE.
jon olano
Bartzelona
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Irailaren 30a Katalunian. Bozketa baten bezperan, gogoeta eguna beharko luke gaurkoak, baina, eragile ugarik «salbuespen egoera» salatu dutenez gero, salbuespenezko gogoeta eguna da gaurkoa. Atzo amaitu zen igandeko erreferendumerako kanpaina, eta, apenas hitz egin denez Katalunia estatu independente izatearen abantailez eta eragozpenez, ez dirudi herritarren artean hori izango denik hausnarketagai galdeketaren bezperan. Ekitaldien osaerak, sarritan elkarrekin parte hartuz independentisten kolore guztiek eta En Comu Podemekoek, erakutsi dute kanpainan nagusitu den haustura lerroa ez dela izan estatu independente bat osatzeari buruzkoa; aitzitik, «votarem» bozkatuko dugu- izan da lelo nagusia, Madrilen oztopoei aurre egiteko.

Testuinguru horretan, botoa emateko aukera izango ote duten da zalantza; zehatzago, bozkalekuak zabalik egongo ote diren, beharrezko material guztiarekin. Hala izan dadin, lanean ari dira milaka lagun herrialde osoan zehar. Egunak daramatzate auzoz auzo eta herriz herri bilkurak egiten, asteburuan eskolak nola babestu antolatzen. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko fiskal Jose Maria Romero de Tejadak alertan jarri zituen, mossoei aginduta ostiral arratsaldetik joan zitezen eskolak zigilatzera. Auzitegi horretako epaile Mercedes Armasek agindu hori igandera mugatu badu ere eta polizia guztiei zabaldu-, ehunka eskolatan atzotik daude jada itxialdiak, kanpaldiak eta bestelakoak egiten, ziurtatzeko igande goizean irekiko direla.

Hala gertatu da Bartzelonako Gracia auzoan, esaterako. Ostegunean, 250 pertsona inguru bildu ziren batzar ireki batean, Erreferenduma Babesteko Batzordeek deituta, auzoko hamabost ikastetxe eta espazioei zabalik nola eutsi adosteko. Konpromisoen kate bat osatuko dute hainbatetan: ikastetxeetako zuzendaritzek giltzak utzi dituzte, guraso elkarteak arduratu dira 48 orduko egitarauak prestatzeko, eta herritarrak modu koordinatuan joango dira eskola horiek irekita mantentzera. Ikastetxe guztien egoera ez da berdina, halere: batzuetan, zuzendaritzak erabaki du giltzarik ez ematea, edo guraso elkarteak ez du bere gain hartu ardurarik. Guztietan nahikoa jende egongo dela ziurtatzeko eta herritarrei non bozkatu behar duten jakinarazteko, informazio puntu bat ezarri zuten plazan ostiralean eta bertatik ari dira galdezka doazen herritarrak eskola batera edo bestera bideratzen.

Zineforumak, kirol txapelketak… askotariko egitarauak prestatu dituzte han-hemenka, orduak bertan igarotzeko. Eufemismoak dira sarri, galdeketari lotutako ezein ekintza gauzatzeko debekuari iskin egiteko; horren adierazle, hainbatek «udazken» edo «ikasturte hasierako festa» izenpean antolatu dituztela egitarauak. Herriz herri antolatutako jendeari gehitu zitzaizkien Escoles Obertes egitasmoaren bidez izena emandakoak. Goizerako, 60.000 ziren jada webgunean inskribatutakoak: arratsean, ordea, ataria itxi zuen Guardia Zibilak.

Jendea eskoletara sartzearekin batera hasi zen Polizia ikastetxeetara joaten. Sabadellen, esaterako, hiru lagun identifikatu zituzten, eta Manresan, eraikina hutsarazteaz ohartarazi zieten 50 familiari. Biharko egunera begira, ordea, Josep Lluis Trapero mossoen buruak poliziei agindu zien ez oldartzeko erresistentzia pasiboan daudenen aurka. Bozkalekuak itxita gelditzeko aukerari zirrikiturik ez uzteko asmoz, Clara Ponsati Hezkuntza kontseilariak bere gain hartu zuen atzo Kataluniako Gobernuarenak diren lokal guztien kontrola.

Datuen lehia

Herritar askoren zalantzetako bat izan da non eman behar duten botoa. Izan ere, bata bestearen atzetik itxi dituzte horren berri ematen zuten webguneak. Atzo, pauso bat harago joan zen Kataluniako Auzitegi Nagusia, eta Googleri eskatu zion bertan behera utz ditzala informazio hori ematen duten loturak eta aplikazioak.

Madrilek eta Bartzelonak egunak daramatzate katuaren eta saguaren antzera datuen kudeaketan, baina tirabira ez da bozkalekuen kokapenari buruzko webgune eta aplikazioetara mugatu. Datuen Babeserako Espainiako Agentziak hautes mahaietako kideei ohartarazi die 40.000 eta 300.000 euro arteko isunak jaso ditzaketela. Kataluniako agentziak erantzun dio: «Mahaietan parte hartzen dutenak ez dira datu pertsonalen erabileraren arduradun, erantzukizun hori hauteskunde administrazioari dagokiolako».

Kanpaina amaitzearekin batera bukatu zen ikasleen greba ere. Sektore horren mobilizazioak protagonismoa hartu du kanpainan, eta horrela islatu da nazioarteko prentsan. New York Times eta Wall Street Journal kazetek azaletan eman zuten protesten berri. Katalunian ere aipagarria izan da gazteen protagonismo hori; El Punt Avui egunkariak «Ikasleen itzulera politikoa» izenburuko editoriala argitaratu zuen, eta adierazi sektore horrek «jauzi inportantea» eman duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.