Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua «Errepresioa izugarria izango da; jendearen erantzuna ere bai»

Publizitatea

Mundua

Kataluniako erreferenduma. Maria Rovira. Bartzelonako CUPeko zinegotzia

«Errepresioa izugarria izango da; jendearen erantzuna ere bai»

Erreferenduma Katalunian sakoneko aldaketak egiteko pausoa dela uste du. Etsipenez dio ezkerreko beste alderdiak aukera galtzen ari direla. Kontzientziak esnatzeko lanean jarraitzen dute kalean.
Argazkia: ORIOL CLAVERA
Alkateak deklaratzera deituko dituztela jakin aurretik, kanpaina aurkezpena egin zuen atzo CUPek Bartzelonan. Bertan hartu zuen parte Rovirak, eta etorriko dena gogorra izango dela ohartarazi zuen. Arratsaldean bertan, Espainiako Poliziak debekatu egin zien Valentzian egin asmo zuten ekitaldia, legez kanpokoa zela argudiatuta. Dena dela CUPek egunero-egunero egingo ditu gauzak auzoetan eta herrietan. Batzordeen bidez herritarrengana heldu nahi baitute: «Kontzientzia esnatu nahi dugu, bozkatzea bezalako eskubide oinarrizkoaren garrantziaz ohartarazteko eta jakinarazteko urriaren 1ean baiezkoa ateraz gero, ateak zabaltzen zaizkigula horren garrantzitsuak diren eraldaketak egiteko».

Ateak zeri irekitzen dizkio erreferendumak, baiezkoak irabazten badu?

Justizia soziala eraikitzeari zabaltzen dizkio, aberastasuna denon artean banatzeari, eta prozesu konstituziogilean gauza guztiez hitz egiteari. Mahai gainean jarriko ditugu egungo sistema produktiboa eta kapitalista, eta herrialde feminista bat eraikitzeko beharra: gai guztietan jarri nahi dugu feminismoaren garrantzia. Emakumeen eskubideak eta batez ere emakume langileen eskubideak eskatuko ditugu, bera baita orain defendatu beharko genukeen subjektu politikoa, modu indartsuago batean. Mahai gainean jarri behar dugu baita ere errepublika bat eraiki behar dugula non baliabide naturalak errespetatuko diren, eta ez dugula gure lurraldea suntsitu nahi.

Kalean egongo gara Espainiatik datorren errepresioari aurre egiten, baina garrantzitsua da ere jendeari azaltzea hori guztia lortzeko ezinbestekoa dela erreferendumean bozkatzea.

Prozesu Konstituziogilea aipatu duzu, eta ez da erraza izango gaur egun baiezkoaren aldean zaudeten alderdiak ados jartzea helburuetan.

Bai, oso zaila izango da ERC eta PDECarekin ados jartzea, gure eredu politiko, sozial eta ekonomikoek ez dutelako zerikusirik, eta horregatik garrantzitsua izango da langile klase osoak aliantza bat egitea gaur egun daukaguna baino indar gehiago izateko. Garrantzitsua izango da inoiz baino aktiboago egotea, gaur egungo sistematik urruntzen den eredua lortzeko. Azken aldian lan instituzional izugarria egin da, bai Parlamentuan eta baita udaletan ere, baina garrantzitsua da guk egiten dakiguna egiten jarraitzea, gure batzarretan lanean jarraitzea, alternatibak eraikitzen jarraitzeko. Kalean, kalean eta kalean.

Comun-en jarrera garrantzitsua izango da, baina momentuz erakutsi duten jarrera ez da prozesuaren oso aldekoa; Bartzelonako Udalean, besteak beste, ez dute argitu zer egingo duten.

Guk ulertzen dugu comun-en artean espazio ezberdinak daudela. Adibidez Barcelona En Comu-n Eniciativa per Catalunyak ez du eraginkortasunik, bai ordea Catalunya en Comun-ek, eta horrek sortzen du bi denbora edukitzea Katalunia mailan edo Bartzelona mailan, baina egia da bere burua ezkertzat jotzen duen alderdi batek, zeinak erabakitzeko eskubidea defendatzen duen, eta salatzen dituen frankismotik datozen organo batzuk dituen estatua... argi eta garbi jarri beharko luke erreferenduma egitearen aldean, eta lege injustuak desobeditu. Parlamentuan ere baiezkoa eman beharko lieke onartu diren legeei, eta ez da hala izan.

Zeri erantzuten dio jarrera horrek?

Irabaziak ateratzeari prozesu honetatik ere. Erreferenduma gaizki ateratzen bada, herrialdeak behar duen alternatiba gisara aurkezteko. Guk ulertzen dugu eurek ez dutela ulertu nahi CUP egiten ari dena, alegia: mahai gainean jartzen ari gara estatuarekin hautsi behar dela, eta ateak zabaltzen zaizkigula ezinbestekoak diren aldaketak egiteko, langileek baldintza duinak lortzeko. Eta hori ez dute ulertzen. Bartzelonak, adibidez, aurrekontu orokorrak onartzearen kontra bozkatu zuen CUPeko kontseilu nazionalean, bagenekielako aurrekontu antisozialak zirela, baina aurrera atera zen, ikusten genuelako, bestela, etorkizunean ez dugula ezer lortuko, erreferendumaren bidetik ez bada. Eurek ere aukera asko izan dituzte prozesuak ezkerrerago egin dezan, eta ez dute egin, eta ikusle izan dira demokraziaren kontrako estatu honek erabiltzen duen errepresioari begira. Uste dut egunkari batera sartu eta zuzendari baten kontrako neurriak hartzea ez dela onargarria ezkertzat jotzen duen alderdi batentzat. Espainiari begira ari dira eurak, ez Kataluniari begira. Espainian indarrak ez dira aldatuko denbora askoan, eta aldaketa hemen dago, eta orain.

Espainiatik errepresioa da momentuz etorri den bakarra.

Eta gehiago etorriko da. Aste honetan edozer gauza espero dugu, areagotuz joango da, baina jendearen erantzuna harrigarria izaten ari da. Astekari bateko zuzendaria deklaratzera deitu zutela jakin bezain laster kalera atera ziren, modu alai batean eta indartsuan egin ziren aldarrikapenak. Errepresioa etorriko da, izugarria izango da, baina jendearen erantzunak harrituko gaitu. Espero dugu Generalitateak erantzutea Parlamentuak hartutako erabakiari, eta hautetsontziak egotea urriaren 1ean.

Publizitatea

Sortu kontua
Amagoia Mujika Tolaretxipi Amagoia Mujika Tolaretxipi

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak