Literaturia
Soinu bandarekin dator komikia

Unibertsitate garaitik dator kontua. Autobusean pasatzean, itsasoak batzuetan izaten duen «gris neutro gogor» bati erreparatzen zion Joseba Larratxe Josevisky-k, eta ameskeriatan ibiltzen zen ea zer gertatuko litzakeen itsasoa hormigoizkoa edo harrizkoa balitz. Irudi bat ere eginda zeukan: harrizko itsaso bat eta marinel bat ageri ziren han, eta aingura lurrean iltzatuta arrastaka zeraman marinelak. Tiraderan gordeta egon zen irudi hura, harik eta Gaztezulo-tik dei bat jaso zuen arte. «Garai horretan, Aitor Abaroa zen Gaztezulo-ko zuzendaria; oso komikizalea da, eta hark proposatu zidan formatu horretako komiki bat egitea. Bi orriko kapitulu independenteak nahi zituen, baina elkarren artean loturaren bat izango zutenak. Gainera, eskatzen zidan umorea zuen gauza bat izateko, baina karga filosofiko pixka batekin; ez izatea arinegia», azaldu du Joseviskyk.
Hortik etorri zen Aingurak komikia. «Harrizko itsaso horrek ematen zidan halako oihal zuri bat gauza askori buruz hitz egiteko: bizitzaren kargak, nola behar ez diren kargak ezartzen dizkiogun geure buruari, nola antzematen dugun errealitatea modu oso itxi batean...». Aldizkarian, 2015ean eta 2016an argitaratu zuen komikia, eta kontatu nahi zuen istorioa ordurako kontatu zuela iruditu zitzaionean, bukatutzat eman zuen. «Baina arantza bat badut sartua: atalka ateratako komiki hori bilduma batean kaleratu nahi baitut, liburu batean. Baina lana eskatzen du horrek: kapituluak txukundu, eta bukaera luzeagoa marraztu nahiko nioke, eta ez dut denborarik hartzen».
Tiraderan zegoen berriz ere, baina Literaturiako antolatzaileek egindako proposamen batek aterarazi du. Aurtengo gaia aingura izango denez, eta Joseviskyk komiki hori egina zuenez, Literaturian hitzaldi bat emateko eskatu zioten aurrena. «Baina Ana Galarragak [antolatzaileetako bat] badaki Joseba Baleztena eta Miren Narbaiza oso lagunak ditudala, eta, haiek ere Literaturiako beste egun batean kontzertu bat eman behar zutenez, esan zigun ea zergatik ez genuen elkarrekin zerbait egiten». Proposamen horretatik etorri da Zer hartu ontzitik, itsasoa harri bihurtzen bada emanaldia. «Komiki gutxi ditut marrazkia eta gidoia nireak direnak, normalean beste gidoilariekin egiten dudalako lan, baina hau da horietako bat, eta, horregatik, oso nirea sentitzen dudan proiektu bat da, eta oso gustura hartu dut enkargua».
Atalka argitaratutako komiki hark bazuen hari bat, eta hari horri ondoen heltzen zioten kapituluak aukeratu ostean, binetetan sakabanatuko du orrialdea Joseviskyk, eta bineta horiek erakutsiz joango da, pelikula bat balitz bezala. Bitartean, Joseba B. Lenoirrek eta Miren Narbaizak soinu banda jarriko diote emanaldiari. «Zinema mutuaren garaian zinemetan egoten zen pianistaren lana beteko dute gutxi gorabehera. Bakoitzak baditu kanta batzuk, nire ustez, ondo bat egiten dutenak komikiaren gaiarekin; hala ere, egongo da sorpresaren bat, eta saio horretarako espresuki prestatutako kantu berriren bat ere joko dute».
Zarautzen izango da emanaldiaz gozatzeko lehen aukera, eta, oraingoz, bakarra. Antolatzaileen esanetan, publiko «ausartarentzako» jaialdia da Literaturia: emanaldietako batzuk han estreinatzen direnez, jasoko dutenaren aurrean «irekita» egon behar baitute ikus-entzuleek. Publikoaren aldetik jasoko duten erantzunak ez du hainbeste kezkatzen Josevisky. Komikia egiten zuen bitartean ez zuela batere feedback-ik sentitu azaldu du: «Ez nekien norbaitek irakurtzen zuen, ulertzen zen, abstraktuegia zen... Baina, gerora, topatu izan naiz irakurtzen zuen jendearekin, eta harrituta geratu naiz. Alde horretatik, badaukat jendeari egingo duguna interesatuko zaion esperantza».
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.