Azpidatzietako poesia

Literaturian iazko esperientzia arrakastatsua berritzeko asmoz, poesia bideoak euskaratzeko eta azpidazteko tailerra antolatu du EIZIEk berriro ere; aurten, larruarekin lotura duten bideoak landuko dituzte, zentzu zabalenean.
Iazko Literaturian poesia bideoak euskaratzeko EIZIEren tailerrean landutako filmetako irudi batzuk.
Iazko Literaturian poesia bideoak euskaratzeko EIZIEren tailerrean landutako filmetako irudi batzuk. BERRIA

Berria -

2016ko maiatzak 19
Itzultzaileei erronka bikoitza proposatuko die EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak Literaturian; poesia itzuli eta bideoetako azpidatziak sortzeko tailerra antolatuko dute larunbatean, 10:00etan. Iazko harrera onak animatuta, udaletxean bilduko dira berriro ere; aurten, Literaturiaren gaiarekin bat eginez, larruarekin lotutako bideoak landuko dituzte. Tailerra hiru ordukoa izango da.

Bego Montorio, Joseba Peña eta Garazi Arrula dira tailerraren antolatzaileak. Arrularen esanetan, aurretik prestatze lan mardula eskatzen du saioak, bideoak aukeratu eta itzulpenak eginda ekarri behar dituztelako parte hartzaileek. Horregatik, beharrezkoa da aurretik izena ematea: «Tailerrean lan egiteko soilik hiru ordu ditugunez, ezinbestekoa da aurretik poesia bideoak aukeratzea eta testua itzulita ekartzea. Hala, tailerrean azpidatziak jartzen ikasten dute parte hartzaileek; dudak argitzeko eta eztabaidatzeko tartea ere hartzen dugu. Aurten, sarrera bat egingo dugu hasi aurretik, parte hartzaileek beren burua koka dezaten».

Dagoeneko, zortzi itzultzailek dute izena emana tailerrean; adin eta profil askotako parte hartzaileak dira, eta denek dute ikus-entzunezko mundua hurbiletik ezagutzeko grina: «Erronka interesgarria da itzultzaile askorentzat, poesia eta ikus-entzunezkoak lantzeko aukera eskaintzen duelako tailerrak. Poesia itzultzea ez da erraza, eta poesia irudiekin bat egiten duten azpidatzietara egokitzea oraindik ere konplikatuagoa da». Hala, itzultzaileek narratzailearen abiadurarekin jolastu behar dute, Arrulak azaldu duenez: «Errezitalak direnez, errepikapenak egon ohi dira, eta horiek zuzen azpidazten ikasten dute parte hartzaileek. Bestalde, batzuetan narratzaileak abestu ere egiten du, eta halakoetan ere kontu handiz jarri behar dira azpidatziak, hiru lerro baino gehiagoko testu zatiak txertatu gabe. Testu gehiegi jarrita, irakurtzeko nekezak dira».

Helburu nagusia denez azpidatziak sortu eta irudiarekin zuzen txertatzen irakastea, tailerrean programa berezi bat erabiltzen dute EIZIEko arduradunek. Itzultzaileei lana errazteko, hainbat argibide ematen dizkiete tailerraren aurretik. «Informatika programa aldez aurretik ezagut dezaten, hainbat jarraibide ematen dizkiegu parte hartzaileei, hala tailerra hastean zuzenean lan egiten hasteko aukera izan dezaten. Horrekin batera, testuak itzulita ekartzeko eskatzen diegu; iaz izan zen itzulpena egin gabe etorritako partaideren bat, eta ez zuen izan azpidazteko astirik».

Larrua hizpide

Aurten, larruaren inguruko gaia duten bideoak proposatu ditu EIZIEk, baina norberak bere bideoa aukeratzeko askatasuna duela gogoratu du Arrulak: «Denak ez dira zailtasunak bideoak azpidazteko orduan; irudiek pistak eman ditzakete, eta testuaren edukiari erreferentzia egin diezaiekete. Beraz, norberak gustuko duen bideoa aukeratu dezake. Dena den, polita iruditu zaigu Literaturiaren aurtengo gaiarekin lotura egitea, eta, beraz, larruarekin lotura duten bideoak proposatu ditugu, adierarik zabalenean». Aukeratutako lanak gehienez ere sei minutukoak izatea gomendatu du Arrulak, iaz denek ez baitzuten izan amaitzeko denborarik: «Azpidazteko arazoak izateaz gainera, ondoren lanak aurkezteko orduan astuna gerta daiteke sei minutu baino gehiagoko bideo bat».

Aukeratutako bideo gehienak gazteleratik eta ingelesetik itzultzen dira, Arrularen esanetan, baina iaz sorpresaren bat izan zuten. «Frantsesetik itzulitako poesia bideo bat izan genuen iaz. Normalean, gurean oso zabalduta dauden hizkuntzetan egindako bideoak aukeratzen dituzte parte hartzaileek, baina zeharkako zubi hizkuntza eginez itzultzeko aukera ere badute bestelako hizkuntza bat aukeratuta».

Lizardiren Baratza irratsaioak tarte bat eskaini zion proiektuari iaz. Irratsaioan entzungai jarri zituzten ikasleek tailerrean itzulitako poesia bideoen hainbat zati. «Poesia bideoen hiru orduko tailer batek gerora zabalpena izatea harrigarria izan zen guretzat, eta, horregatik, berriro arituko gara aurten. Irratsaioko tarte horrek oihartzuna izan zuen, eta, gerora, zinema aretoetan ikusgai izan ziren poesia bideoak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna