Elurtea. Ipar Euskal Herria

Goiz bakarra, baina goiz konplikatua bideetan

A-63 eta A-64 autobideak itxiak izan dira goizean, elurraren ondorioz. Laborariek ez dute eragin larririk pairatu: «Hau berezia izan da». Obra publikoetako lanak geldirik izan dira

Baionaren eta Hazparneren arteko autobidea, atzo goizean, elurretan. BOB EDME.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Goizaldean hasi eta bazkalondoan geratu zen elurra; goiz bateko kontua izan zen, baina denboraleak eragozpen ugari utzi zituen Ipar Euskal Herrian ere. Hondartzetan, karriketan eta zelaietan, zazpi eta hamabost zentimetroko geruza zuria izan zen goizean. Irudi ederrak utzi zituen, baina ezbehar handi bat ere bai: Arbonan (Lapudi), bi herritarrek 65 urteko emazte bat hilik aurkitu zuten haren autoan, bihotzekoak jota. Larrialdi zerbitzuei dei egin zieten, baina ezin izan zuten ezer egin hura salbatzeko. Garraio sarean ere nahasmen handia eragin zuen elurrak, eta prefeturak zentro operazionala jarri zuen martxan.

Lapurdin, goizean, bertan behera geratu zen Baiona, Angelu eta Miarritze hiriak lotzen dituen Chronoplus autobus zerbitzua, baita ikastetxeetakoak ere. Eskola gehienak itxiak egon baziren ere, gutxi batzuek ateak ireki zituzten, bertaratzeko modua izan zuten ikasle urriei aterpea emateko. Tren sareak ere oztopo ugari izan zituen, eta Miarritzeko aireportuko hegaldi guztiak bertan behera utzi zituzten.

Errepideetan, A-63 eta autobideko sarrera guztiak itxi zituzten goizean, eta A-64ko zirkulazioa ere mugatua izan zen; arratsalderako, baina, bide guztiak ireki zituzten berriz. Elurteak istripu ugari eragin zituen; kalte larririk ez zuten eragin, baina ezin zenbatuak izan ziren Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako bide bazterretan geldituak eta bertan utziak izan ziren ibilgailuak. Philippe Goietx Nafarroa Behereko eta Zuberoako bideetako langileak berretsi zuen auto franko arroiletan erori zirela. Haren erranetan, «uste baino elur gehiago» bota izanak eragin ditu ezbeharrak: «Elurra kentzeko makinak pasatu dira, gatza bota dugu, baina lurra izoztua zen, eta, autorik igaro gabe, gatzak bakarrik ez du efekturik egiten».

Eguraldiagatik, obra publikoko langileek ere ez zuten lanik egin atzo, adibidez Baionako Santizpiritu zubian, edo Lapurdiko hiriguneko autobus sare berriko eraikitze lanetan.

Laborariei arazo gutxi

Laborariei, ordea, ez zien ondorio larririk eragin elurteak. «Ardi esnea egiten dutenentzat arazo bat da, esnea biltzen duen kamioia ezin baita pasatu», azaldu zuen Panpi Saint Marie laborari eta ELBko bozeramaileak. Haren erranetan, kanpoan diren kabala bakarrak zaldiak eta marroak dira: «Elurra baztertzen dute, eta azpian den belarra jaten dute; ohituak dira». Mozkinetarako diren kabalak, ordea, ukuiluetan dira: «Lastoa eta janaria baldin badute, ez da problemarik». Azpimarratu du «zailagoa» izango litzatekeela elurteak iraun izan balu. «Baina ez du eginen; hau berezia izan da». Haren erranetan, elurrak Arnergi aldean (Nafarroa Beherea) eragin ditu ondorio handienak: «Arbola anitz erori dira, elurraren pisuaren eraginez». Baina ez atzo bakarrik, aurten elur franko egin baitu medialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.