Martxoak 8: greba feminista

Bizkaia. Bizitza zaintzen dutenen lan isilari jarri diote bozgorailua

Egunero zaintza lanak egitera joaten diren emakumeen egoera hartu du gogoan Bizkaian mugimendu feministak. Hiriburutik kanpo, jendetza bildu dute herriz herriko deialdiek ere. Bideoa albistearen amaieran.

Jendetsuak izan dira herrietako deialdiak. AINTZINA MONASTERIO / HITZA.
Inigo Astiz
Portugalete
2018ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Bizkaian, ehunka emakumek bakarka gurutzatzen dute egunero Bizkaiko Zubia Portugaletetik Areetarako norabidean, zaintza lanak egitera joateko. Nagusiki emakumezko migratzaileek egiten dituzte lan horiek, eta, oro har, oso prekarioa da sektore horretako egoera. Horregatik, emakume horien guztien banakako bidaia isil horri bozgorailua jarri nahi izan zion atzo mugimendu feministak. 07:30etik 09:30era, emakumeen mugimendu hori irudikatzen duen performancea egin zuten ibaiertzean, eta, ileorde moreak jarrita, soka batean eskegita utzi zituzten garbiketarako eskularruak. Eta eskularru horietan idatzitako aldarrikapen mezuen bitartez eman nahi izan zuten zaintzaile horiek egunero bizi duten egoeraren neurria. «Deskantsua». «Soldata justua». «Pentsio duinak».

«Kontzientzia dudanetik egin ditut zaintza lanak, eta orain ere zaintzaile aritzen naiz hainbat etxetan. Gizartean erabat ikusezin dira lan horiek, ordea, eta aldarrikatu egin behar dira». Neurri batean, bortizkeriak bultzatuta egin zuen Silvia Rugamasek El Salvadortik Euskal Herrirainoko bidea duela 11 urte. Horregatik izan zen Portugaleten atzo. Arrazakeria ere salatu zuen. «Lana kentzera etortzen garela esaten dute askok, baina euskal herritar gehienek egin nahi izaten ez dituzten lanak egiten ditugu guk. Emakume migratuen kargu geratzen da zaintza».

El Salvadorkoa da sortzez Cony Carranza Castro ere, eta hamalau urte daramatza Euskal Herrian. Portugaleten zegoen atzo, barrez, beste emakumeekin batera. «Alaitasuna ere iraultzailea da», azaldu zuen. Zaintza lanetan aritu zen hasieran, eta hezitzaile aritzen da egun; beste zaintzaile batzuk laguntzen ere aritzen da, tartean. «Zaintzaileek beren bizitza eta gorputza ematen dute hemen, han bizitzari eusteko. Ikusgarri egin behar da hori: bizitza eusten eta babesten dugu».

«Gu gabe mundua gelditu egingo litzateke». Ekuadorren jaio zen Maria Juncay, eta hemeretzi urte daramatza Bilbon bizitzen. Menpekotasun egoeran dauden adinekoak zaintzen ditu. Hori izan du lana beti, baina, dioenez, ez du beti jaso lan horren araberako soldatarik. «Tranpa kontratuak egiten dizkigute maiz. Nolabait esatearren, ia klinikoak izaten dira gure lanak batzuetan, baina garbitzaile kontratuak sinatu behar izaten ditugu. Horregatik, nahiz eta ordu mordo bat sartu, eta nahiz eta lan berezitua egin, gutxieneko soldata baino ez dugu jasotzen askotan: 785 euro. Aldatu egin behar da hori. Egiten ditugun lanorduen eta lanaren berezitasunaren araberakoa izan behar luke ordainak».

Elkar ahalduntzea

Grupo Torre Babel emakume migratzaileen taldeko kide da Juncay, eta, dioenez, garrantzitsua izaten ari da talde horretan lortzen ari diren elkartasuna. «Elkar ahalduntzen ari gara». Hasi baino ez zen egin eguna Portugaleten mobilizazioak egin zituztenean, baina ordurako argi zuen mobilizazio handia izango zela atzokoa. «Historikoa».

Eguerdia heltzerako gainezka egin zuen Bilbok, eta Bizkaiko beste hamaika herritan ere mobilizazio jendetsuak izan ziren. Barakaldoko plaza, esate baterako, bete-beteta egon zen bazkalaurrean egindako manifestazioan, eta, besteak beste, Gernika-Lumon, Durangon, Bermeon, Basaurin eta Getxon ere jendetza bildu zuten tokian tokiko deialdiek. Beste hamaika herritan ere egin zituzten mobilizazioak.

[youtube]https://youtu.be/icSjn0cX3o4[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.