Martxoak 8: greba feminista

Araba. Enplegu arloko diskriminazioa, mobilizazioen jopuntuan

Lan merkatuan emakumeen jasaten duten prekarizazioa konpontzeko eskatu dute, Gizarte Segurantzaren egoitzan sartuta. Feminizatutako sektoreen lanari «balioa» eman behar zaiola aldarrikatu dute kalean. Bideoa albistearen amaieran.

GASTEIZ. Jendetzak blokeatu du Gizarte Segurantzaren egoitza.
GASTEIZ. Jendetzak blokeatu du Gizarte Segurantzaren egoitza. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2018ko martxoak 9

Emakumeek lan esparruan jasaten duten diskriminazioaren eta prekarizazioaren aurkako aldarria sistemaren barruraino eraman dute Araban. Mugimendu feministak tropelean hartu zuen atzo Espainiako Gizarte Segurantzako Institutuaren Gasteizko egoitza. Barruan zirela, enpleguaren arloko egoera hori konpontzeko hainbat neurri eskatu zituzten: asegururik gabeko etxeko langileen nagusiak zorrotz zigortzea, mendeko pertsonak zaintzeko baimen ordainduak ematea, kontziliazio politika benetakoak jartzea... Egoitza barruan geratu ziren eskari horiek, afixetan. Kaleko oihuen oihartzuna ere nabarmena izan zen. «Horregatik, emakumeok planto!».

Emakume askok enpleguaren arloan jasaten duten prekarizazioa ekarri zuten gogora mugimendu feministak eguerdian antolatutako mobilizazio jendetsuan. «Bizitzarentzat behar-beharrezko lanak badira ere, ez dira ikusarazten, ezta aitortzen ere, eta era prekarioan eginarazten dira». Etxez etxeko gizarte zerbitzua horren adibide «argia» da, zerbitzu horretako langile Estibaliz Gonzalez de Herrerok azaldu zuenez. Protestan dira arlo horretan.

2008an 1.200 langile zeuden etxez etxeko laguntza zerbitzuan Araban; orain, 750 inguru. «Inoiz ez gara hedabideetan atera lan erregulazioko espediente batengatik, baina, zerbitzurik ez badugu, kalera goaz», ohartarazi zuen Gonzalez de Herrerok. Halaber, kritikatu zuen administrazioak jokabide «kontraesankorra» daukala. Batetik, ez diola haien lanari baliorik ematen: «Ez ekonomikoki, ez sozialki, ez politikoki». Bestetik, ordea, %70eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zizkietela atzoko greba feministarako. «Ez gaituzte baloratzen, baina behar dute gu lanean aritzea».

Nuria Vallejos Barroso etxez etxeko langilearen iritziz, soldatak agerian uzten du emakume langileen egoera gordina. «Lankide batzuek diru sarrerak bermatzeko errenta jaso behar dute hileroko soldata osatzeko». Gaineratu zuen etxez etxeko laguntza zerbitzua ez dela horrelako arlo bakarra, feminizatutako beste sektore batzuetan ere antzekoa dela egoera; adinekoen egoitzak aipatu zituen adibide modura.

Egoera horien eragina «epe luzerakoa» dela ohartarazi zuten Gasteizko mobilizazioan: emakumeen etorkizuna baldintzatzen duela. Adineko emakumeak ekarri zituzten gogora. «Egungo gizartearen bizimodua ahalbidetzeko lan egin ostean, abandonatu egiten dituzte, eta premia gorrian bizi dira». Salatu zuten ordainpeko lana egin duten emakume asko daudela egoera horretan, izandako kontratuen ondorioz: behin-behinekoak, lanaldi partzialak, soldata baxuak...

Aldarria, bazter guztietan

Mobilizazioek jendetza bildu zuten Gasteizen goizean goizetik. Antolatzaileen arabera, eguerdiko mobilizazioan 12.000 emakume baino gehiago bildu ziren. Hiriko hamaika txokotara zabaldu zen greba feministaren olatua. Auzoetan kartelak eta horrelakoak jarri zituzten; Ertzaintzak identifikatu egin zituzten horietako talde batean zeuden feministak, eta materiala kendu zien. Corte Ingles saltokian ere sartu ziren, eta tarte batez itxi egin zuten. Ikastetxeetan, unibertsitatean... oihartzun zabala izan zuen mobilizazio feministak egun osoan.

Gasteizen ez ezik, Arabako gainerako lekuetan ere izan ziren mugimendu feministaren protestak. Ehunka emakume bildu ziren Agurainen, esaterako; Aiaraldean ere, jendetza. Arabako Mendialdean, Maeztun zein Kanpezun, ekitaldi jendetsuak egin zituzten, baita Arabako Errioxan eta Gaubeako kuadrillan ere.