AEBen eta Ipar Korearen arteko tentsioa gogortu da bien gerra dialektikoarekin

Piongiangek iragarri du plan bat duela Guam uharteko AEBen baseei eraso egiteko. Pentagonoak jakinarazi du militarki ez duela areriorik

Erredakzioa
2017ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Gerra dialektikoa noraino iritsiko den ikusteko badago ere, bi herrialdeen arteko tentsioa azken urteetako maila gorenera eraman dute Donald Trumpek eta Kim Jong-unek. Ameriketako Estatu Batuak eta Ipar Korea arerio historikoak dira, eta etengabeak dira bien arteko tentsio zikloak arma nuklearren mamua azaleratzen denean.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak iragan larunbatean hartutako erabakia dago oraingo gatazkaren jatorrian. Ipar Koreari zigor ekonomikoak ezartzea erabaki zuen erakundeak aho batez, uztailean kontinentearteko bi misil balistiko jaurtitzeagatik. Errusiak eta Txinak ere babestu zuten ebazpena; Pekin Piongiangen aliatu nagusia bada ere. Ordutik, agintarien mezuak gaiztotu egin dira, mehatxuek kezka eragiteraino.

Pentagonoak berak ohartarazi du militarki ez dutela areriorik. James Mattis AEBetako Defentsa idazkariak komunikatu baten bidez karrera armamentistikoa bertan behera uzteko eskatu dio Ipar Koreari. Antza, kontinente arteko misil batean txertatu daitekeen ojiba nuklear bat lortu berri du Piongiangek. AEBetako komunikabideek zabaldu dute hori, zehaztuz zerbitzu sekretuek horren berri dutela, eta, dagoeneko, hamalau entsegu egin dituztela aurten. Ipar Koreak egindako azken iragarpenak ere kezka eragin du. Piongiangek esan du Guam uharteko base estatubatuarrak erasotzeko plan bat dutela.

Donald Trumpen adierazpenen ostean etorri da iragarpena. Ipar Korearen kontra, behar izanez gero, «sua eta amorrua» baliatuko dituela esan zuen herenegun. Atzo, berriz, harago joan zen: «Presidente gisa nire lehen mandatua armategi nuklearra berritzea izan zen. Orain, inoiz baino sendoagoa da. Espero dut inoiz baliatu behar ez izatea, baina inoiz ez diogu utzi munduko nazio boteretsuena izateari».

Proba nuklearrak

Etxe Zuritik presidentearen hitzak leuntzen saiatu dira. Rex Tillerson Estatu idazkariak zehaztu du ez dela «aldaketa dramatikorik» izan, eta estatubatuarrek «lasai» egin dezaketela lo.

AEBak izan dira arma nukelarrekin eraso egin duten herrialde bakarra, baina asko dira proba nuklearrak egin dituztenak— Washingtonek 1.300 proba nuklear egin ditu—. Pentagonoaren arabera, gaur egun 60 buru nuklear ditu Ipar Koreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.