Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: pasioaren izenean

«Ezinbestekoa da kontzentrazioa»

Metroka-metroka hasitako burutazioa muturreraino eramanda, Markel Uriarte aretxabaletarrak gurpil bakarraren gainean igo zuen Tourmalet erraldoia iazko abuztuan. Erronka batek beste bat dakarrela jakitun, Angliru igotzea edo Done Jakue bidea egitea dauzka buruan orain.

unai zubeldia
Aretxabaleta
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Giharrek asko sufritzen dute postura behartu horretan». Sufrituko ez dute, bada! «Gogor-gogor eginda geratzen dira denak». Mugimendu txikienik ere egin ezinaren ondorioak dira horiek. «Ordubetetik aurrera, eskuak lo hartzen hasten dira, ipurtaldean mina sentitzen da, bizkarrean ere bai... Ezinbestekoa da kontzentrazioa, nekea iristen denean nahikoa delako huts txiki bat egitea oreka galdu eta aurreko gurpilak lurra ukitzeko».

Bizikleta erostera joan, eta bi gurpil gehitxo direla iruditzen zaio beti Markel Uriarteri (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1991). Zerbaitegatik sortu zen, ordea, orekaren jokoa, eta aretxabaletarrak berak egiten du dendan eskaini ezin diotena. Gurpil bakarreko bizikleta ezin diotela eskaini? Bada, aurreko gurpila altxatu, eta aurrera. «Betidanik eduki izan dut gurpil bakarraren gainean ibiltzeko zaletasuna». Uriartek irribarre txiki batekin hasi du kontaketa. «Oso gaztetan hasi nintzen lehian, zazpi urterekin-edo, trialean». Teknika ona esan nahi du horrek. «Iaioa nintzela ikusi nuen berehala; gustatu egin zitzaidan, eta orduan hasi nintzen neure buruarekin erronkan».

Metro bat egingo ote zuen lehenengo, bi metro gero, hiru... Umetan balantzaka hasitako bidea Tourmaleten gora amaitu zen joan den urtean, abuztuaren 25ean eta 26an. Dena zailtzea gustatzen zaiolako gipuzkoarrari. Bi gurpil gehitxo, eta egun bakarra gutxitxo. «Igoera ona egin nuen lehen egunean, haizerik gabe eta giro onarekin, baina, igoera grabatuz, hurrengo egunean berriz saiatzea erabaki nuen». Youtuben dago ikusgai bigarren eguneko igoera, oso-osorik.

Baina nola iristen da txirrindulari gazte bat gehienek bi gurpilen gainean lanak izaten dituzten lekuan bakarraren gainean erronkan hastera? «Lankide batzuen kontua izan zen dena». Euskal Herrian oso ohikoa den moduan... «Bazkari giroan hasi ginen berotzen, Arrasateko Udala auzora bizikletan bizkorren nor igoko ote zen elkarri erronkan». Bi gurpilen gainean lankidea, eta bakarraren gainean Uriarte. Eta bai, Uriartek irabazi zuen. «Ondoren iritsi zen Tourmaleteko erronka. Aspalditik nerabilen buruan, eta iaz iritsi zen momentua. Entrenatu, eta abuztu amaieran joan ginen hara».

Zer-nolako entrenamendua egin behar izaten da, ordea, bizikletan gurpil bakarraren gainean ibiltzeko? «Gerria, besoa, hankak, burua... Dena da garrantzitsua, baina kilometroak egitea, beste sekreturik ez dago». Kilometro bateko saioekin hasi, eta 30ekoak eginez amaitu zuen Uriartek Tourmalet aldera joan aurretik. Esatea errazagoa da, «baina gorputzarekin jolastea da gakoa». Oreka jokoan ibiltzen direnek eskuak zabalduta egiten duten mugimendu berbera egin behar izaten du Uriartek hankekin. «Zabalduz eta itxiz. Oreka jokoa da dena».

Mendiko bizikletan lehian

Orbea taldearekin mendiko bizikletan ibiltzen da Uriarte lehian, enduro modalitatean. «Eta, horregatik, pixka bat baztertuta daukat gurpil bakarreko erronken bidea». Industria Ingeniaritza ikasi zuen, eta masterreko proiektua amaitu nahian dabil orain buru-belarri, erabat lanpetuta. «Amaitzeko gogo ederra daukat». Baina buruan dauzka hurrengo pausoak. «Angliru igotzea da aukeretako bat, eta Done Jakue bidea egitea bestea». Arazo bat dauka, ordea, azken erronka horrek. «Egun asko behar ditudala. Hamar bat etapa behar ditut, haizeagatik geldirik igaro beharreko denbora kontuan hartu gabe». Egun asko dira azkenerako. «Hamabost-hogei bai, segurtasunez egiteko». Eta, gaur-gaurkoz, ezinezkoa du erronka horri heltzea. «Burua lehiaketan sartuta daukadalako erabat».

Uriartek beldurtuta dauzka lagunak. «Lehen erronka botatzea erraza delako, baina hori nik irabazi ondoren, orain jada zailagoa delako». Entzun nahi duenarentzat, erronka itxura zeukan horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.