Albistea entzun

Katalunia. Erreferendumaren ondorena

Saenz de Santamariak dio «zubi guztiak eraitsi» dituela Puigdemontek

Gaur onartuko du Espainiako Senatuak 155. artikulua ezartzea. Presidenteordeak ez du azalpenik eman bitartekaritza saioez. Ganberan alegazioak azaltzea ukatu diote Kataluniako Gobernuari
Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordea, Justizia eta Barne ministroekin, atzo.
Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordea, Justizia eta Barne ministroekin, atzo. KIKO HUESCA / EFE

Jokin Sagarzazu -

2017ko urriak 27

Elkarrizketarako «aukera guztiei» uko egin izana leporatu dio Espainiako Gobernuak Carles Puigdemont Kataluniako gobernuburuari. Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak Senatuan eginiko agerraldian azpimarratu du Kataluniako Gobernuak «eraitsi» dituela «zubi guztiak», eta, beraz, bere gobernuaren «obligazioa» dela Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzea; besteak beste, Kataluniako gobernuburua eta kontseilari guztiak kargutik kentzeko eta Madrilek bere gain hartzeko autogobernuaren kontrol osoa.

«Gobernu demokratikoen lehen eginbeharra da legea errespetatzea eta errespetaraztea. Kasu honetan, konstituzioaz ari gara, baina baita Kataluniako Estatutuaz ere», adierazi du Saenz de Santamariak. «Ez gara ari Kataluniako autogobernuaren kontra». «Hau ez da, batzuek dioten moduan, zentralismo berri baten hasiera», azpimarratu du.

Kataluniako Gobernua ez bezala, Espainiakoa «arduraz» jokatzen ari dela adierazi du, eta Europako instituzioen babesa dutela. «Egoera hain larriak salbuespen neurriak eskatzen ditu». Hala izanagatik, «demokratikoa» ere badela gaineratu du, eta gogoratu du halako neurriak ez daudela Espainiako Konstituzioan bakarrik.

Saenz de Santamaria Senatuan mintzatu zen atzo, Puigdemontek bozetara ez zuela deituko iragartzeko agerraldia egiten ari zen une berean. 155. artikuluari buruz sorturiko batzordeak gaur onartuko du neurria ezartzea. PPk gehiengo osoa du ganberan. Dena den, PSOEk ere esana du babestuko duela, nahiz eta «azken unera arte» saiatuko den Puigdemontek bozetara ez deitzeko erabakian atzera egin dezan. Talde mistoko Ciudadanosek eta UPNk ere babestuko dute.

Agerraldi bakarra egin zuen Saenz de Santamariak; ez zuen beste taldeei erantzuteko aukera erabili. Osasun arazoak —«ahots galera larri bat»— argudiatuta, senatua utzi zuen saioa hasi eta ordu eta erdira. Hala ere, bere hitzartzean iradoki zuen gobernuak ez duela inolaz ere 155. artikulua aplikatzeari uko egingo, ezta Puigdemontek hauteskundeetara deituta ere. Era berean, ez zuen azalpenik eman Kataluniako gobernuburua hori egin zezan atzo goizean zabaldu ziren bitartekaritza saioei informazioei buruz.

Funtsean, Mariano Rajoy gobernuburuak egunotan emandako argudio berberak eman zituen. Kataluniako Gobernuari leporatu zion hitz egin nahi ez izatea, eta bere gobernuak beste erremediorik ez duela 155. artikulua ezartzea baino, «legera itzultzeko, elkarbizitza berreskuratzeko, ekonomia eta enplegua mantentzeko eta egoera politiko normalizatu batean hauteskundeetara deitzeko».

Aplikazio «graduala»

Sozialistak bat datoz neurria ezartzearekin, baina hiru zuzenketa aurkeztu dizkiote gobernuaren egitasmoari. Lehenengoan eskatu dute neurria bertan behera uzteko Puigdemontek hauteskundeetara deituz gero. Atzoko saioan, PSOEko senatari Ander Gilek «ate hori» irekita uzteko eskatu zion PPri, eta Puigdemonti «azken ahalegina egiteko, amildegitik erori aurretik».

Bigarren zuzenketan, sozialistek eskatu dute behin neurria ezarrita horrek sor ditzakeen ondorioak «modulatzeko» aukera emateko, «egoerak hori eskatuko balu», eta baita neurria indargabetzeko aukera zabalik uzteko ere. PPk zuzenketa hori onartu du, eta behin betiko testua egiteaz arduratzen den batzordeak hala jasoko du gaur osorik bozkatu den egitasmoan. Hirugarren zuzenketan, sozialistek galdegin dute Kataluniako komunikabide publikoen kontrolari buruzko neurriak «zehaztea». Atzo ez zuten akordio bat lortu PPrekin.

«Estatu kolpea»

Sozialisten zuzenketez gain, Kataluniako Gobernuak ere aurkeztu ditu alegazioak. Bere asmoa horiek Senatuan azaltzea zen, Espainiako hiriburuan duen ordezkari Ferran Mascarellen bidez, baina PPk galarazi egin zuen hori, argudiatuta Puigdemonti eman zitzaiola horretarako aukera eta ez zuela baliatu, «Kongresura joan nahi izan ez zuen bezala», Saenz de Santamariak azpimarratu zuenez. «Aukera asko eman dizkiegu independentistei, eta behin eta berriz uko egin diete horiei».

Antzera mintzatu zen Mascarell, baina PPren gobernuaren jarrerari buruz: «Elkarrizketarako borondaterik ez dagoela berresten ari gara. Inork ez ditu kataluniarren argudioak entzun nahi».

Alegazio horietan, Kataluniako Gobernuak dio Espainiakoak ezarri nahi dituen neurrien xedea ez dela ustezko independentzia aldarrikapena baliogabetzea, baizik eta Kataluniako instituzioak eskumenez hustea. Espainiako Gobernuari gogoratu dio 155. artikulua ez dela «txeke zuri bat».

Senatuan, PDECateko Josep Lluis Cleriesek esan zuen Kataluniako instituzioen aurkako «estatu kolpea» izango dela 155. artikulua indarrean jartzea. «Espainiako nazionalismoari» leporatu dio Katalunian bozen bidez irabazi ez duena «inposatzea». «Ez etorri gure demokrazia lapurtzera», egotzi zien.

Antzera mintzatu zen ERCko Miquel Angel Estrade. Espainiako historiako «gehiegikeria juridiko eta politiko handiena» burutzea leporatu die PPri, PSOEri eta Ciudadanosi. ERCk «Kataluniako herriaren» aginduari «men» egingo diola berretsi zuen.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Hainbat sudandar, herrialdeko armadaren aurkako protestan, ekainaren 3an, Khartum hiriburuan. ©ELA YOKES / EFE

Sudango krisi politikoa gainditzeko akordioa sinatu dute junta militarrak eta oposizioak

Mikel O. Iribar

Hitzarmenaren helburuak dira «gobernu zibila» osatzea eta bi urteko epean bozak egitea. Parlamentuko eserlekuen %40 emakumeek beteko dituzte. Estatuko hainbat eragilek itunaren aurkako protestara deitu dute.

Emakume bat burua estalita, atzo, Teherango kaleetan. ©STRINGER / EFE

Mobilizazioei eusteko eskatu dute Iranen, Moralaren Polizia desegin dutela zabaldu ostean

Edu Lartzanguren - Maddi Iztueta Olano

Datozen hiru egunetan manifestazioak eta grebak egitera deitu du oposizioak. Gobernuak, ordea, ukatu egin du Polizia taldea sakabanatu izana.

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.