Altsasuko auzia. Epaiketa

Elkartasuna, Auzitegi Nazionaleko atariraino

Eragile politiko ugari joan dira Auzitegi Nazionalera, Altsasuko auziaren «neurrigabekeria» salatzeko. Auzipetuentzat «bidezko» epaiketa bat eskatu dute Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k. Bideoa albistearen amaieran.
Auzipetuen senideak, lagunak eta eragile politikoak, atzo, Auzitegi Nazionaleko atarian.
Auzipetuen senideak, lagunak eta eragile politikoak, atzo, Auzitegi Nazionaleko atarian. J. DANAE / FOKU

Joxerra Senar - Berriemaile berezia

2018ko apirilak 17
Leku hotzean dago Espainiako Auzitegi Nazionaleko San Fernando de Henaresko egoitza, hirigunetik aparte. Kontrara, dozenaka lagun elkartu ziren atzo auzitegi atarian, Altsasuko auziko ahozko epaiketa hasi aurreko minutuetan, 2016ko urriaren 15eko goizaldean izandako liskarrarengatik epaitzen ari diren zortzi gazteei elkartasuna adierazteko. Auzipetuen senide eta lagunak ziren horietako asko, baina izan ziren indar politiko ugaritako ordezkariak ere. Hara joandakoen artean, eskaera bat izan zen nagusi: gertatutakoa terrorismo delitutzat ez jotzea eta epaiketa «bidezkoa» izatea.

«Justizia eta proportzionaltasuna» eskatu zuen Unai Hualde Geroa Baiko parlamentariak: «50.000 pertsonak mezu hori bidali zuten larunbateko manifestazioan, eta Nafarroako instituzio demokratikoek ere mezu hori dugu». Hualdek «liskartzat» jo zuen Altsasuko auzia, ez terrorismo ekintzatzat: «Ez zuen gertatu behar, baina beste tratamendu bat izan behar du; desproportzionaltasun handia dago». Haren iritziz, Europako Batasuna «epaiketa begiratzen» ari da, eta Espainiako Estatuak «argi izan behar du hori».

Auzia «errealitatetik kanpo» kokatu zuen Bakartxo Ruiz EH Bilduko Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak: «Zentzu komuna duen edozeinek ezin du ulertu goizeko bostetan gertatutako liskar batengatik hiru gazte 500 egun baino gehiago kartzelan egotea». «Justizia, proportzionaltasuna» eta zortzi gazte auzipetuak aske uztea galdegin zuen.

Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak azpimarratu zuen Altsasuko auzia ez dela terrorismo delitutzat jo behar, hori «hitz handia» baita: «Altsasukoa, alkohol testuinguru batean, taberna batean gertatutako borroka bat izan zen». Terrorismoa «beste gauza bat» dela argudiatu zuen: «Nafarroako eta Espainiako gizarteek ederki dakite zer den terrorismoa, urte anitzez sufritu dugu. Ez dezagun nahastu, ez dugu banalizatu behar». Gogorarazi zuenez, Ahal Dugu-k gaitzetsi egin zuen 2016ko urriaren 15eko goizaldean gertatutakoa, baina ohartarazi «hilketa batengatik zigor txikiagoa» jaso daitekeela Altsasuko auzipetuentzat eskatutakoa baino: «Erabat neurrigabeak dira eskatzen ari zaizkien zigorrak, eta horregatik eskatzen ari gara epaiketa justu bat».

Iñaki Bernal Nafarroako Ezker Batuko senataria ere izan zen auzitegi atarian, Vanessa Angustia En Mareako kidearekin batera. Angustiak ere «azpijokorik gabeko justizia» eskatu zuen, eta epaiketa «bermeekin» egitea: «Ez dira gaizkileak; utzi Zigor Kodea okertzeari».

Akusazioa eta zigor eskaera «gehiegikeriatzat» jo zuen Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ere. Gasteizen atzo eginiko agerraldi batean adierazi zuenez, uste du gertatutakoa epaitu beharra dagoela, baina 2016ko urriko liskarra ez datorrela bat terrorismo delituekin.

Oposizioaren kritikak

Auziaz mintzatu zen Rafael Catala Espainiako Justizia ministroa ere. Haren iritziz, «arduradun politikoek beti errespetatu beharko lukete epaileen jarduera independentea». Gainera, uste du epaileek «analisi zorrotza» egin dutela gertakari bat Zigor Kodeko artikulu baten arabera epaitzeko, eta prozesu judiziala «berme guztiekin» egin dela: «Akusatuen defentsak aukera izango du nahi duena argudiatzeko, eta egongo dira lekukoak, Segurtasun Indarren txostenak eta parte hartzaileen deklarazioak; zaurituenak nahiz ustezko erasotzaileenak».

Nafarroako Parlamentuan oposizioan dauden indar politikoek Nafarroako Gobernua kritikatu zuten, larunbatean Iruñean eginiko manifestaziora Maria Solana bozeramailea ordezkari gisa bidaltzeagatik. Jose Javier Esparza UPNko presidenteak azpimarratu zuen «Nafarroako gizartearen parte bat» baino ez zegoela ordezkatuta manifestazioan, eta gobernuari egotzi zion «nafar guztiak ez ordezkatzea». Gainera, Uxue Barkos gobernuburuari leporatu zion «erasotzaileen alde» egotea «erasoa jasan zutenak» babestu beharrean.

Carmen Calvo PSOEko Berdintasun idazkariak Nafarroako Gobernuari egotzi zion larunbateko martxan parte hartu izana, «baina ez martxoaren 8koan edo pentsiodunen protestetan»: «Ez dugu gustuko gobernuak manifestazioak babesten ikustea botere judizialari presio egiteko». Ez zuen baloraziorik egin nahi izan Altsasuko auzipetuak terrorismo delituagatik epaitzea gehiegizkoa ote den, baina nabarmendu zuen bi guardia zibilei eta beren bikotekideei eraso zietela «Guardia Zibileko kide izateagatik».

PPko Gizarte Politikako idazkariorde Javier Marotok ere arbuiatu zuen Barkosen gobernuak larunbateko mobilizazioarekin bat egin izana, eta hitzeman zuen PPk «neurriko erantzuna» emango duela: «Egoerak eskatzen duen neurrira egongo da PP, Nafarroako PPrekin hasi eta [Espainiako] Gobernuko presidentearekin amaituta». Nafarroako Gobernuari egotzi zion «borreroen aldean» egotea, «ez biktimenean». Ciudadanoseko zuzendaritzako bozeramaile Ines Arrimadasentzat, «amorragarria» da Barkosen gobernua «erasotzaileen alde» jarri izana: «Gu biktimekin egongo gara, beren osotasun fisikoarekin espainiar guztien askatasuna defendatzen dutenak babesten».

Bestalde, AUGC guardia zibilen elkarteak espero du epaiketak balio izatea «ezker abertzaleak herri askotan guardia zibilen eta beren ingurunearen aurka mantentzen duen jazarpen sistematikoa amaitzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna