Akitania handiko buruak hautatzeko lehia, abian

Hilabete baten buruan eginen dituzte bozak Frantziako hamahiru eskualde berrietan. Limousin eta Poitou-Charentesekin elkartuta, Akitania eskualdeko kontseilariak hautatzeko aukera izanen dute Ipar Euskal Herriko biztanleek

Alain Rousset da Akitaniako presidentea 1998tik. Berriro aurkeztuko da PSko zerrendaburu gisa. GAIZKA IROZ.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Bozak ate-joka dira berriz ere Ipar Euskal Herrian. Herrietakoen eta departamenduetakoen ondotik, hain zuzen, eskualdeen aldia etorri da orain. Abenduaren 6an eta 13an eginen dituzte Frantziako hamahiru eskualde berrietan kontseilariak hautatzeko bozak, eta Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko herritarrek Akitaniako kontseilari berriak hautatzen ahalko dituzte.

Aldaketa anitzeko bozak izanen dira hauek ere. Batetik, abenduan eginen dituzte hauteskundeak, martxoan egin beharrean. Notre Frantziako lurralde erreformarekin bat etortzeko aitzinatu dute bozen egutegia. Izan ere, eskualde berrien mapa 2016ko urtarriletik goiti ezarriko dute indarrean, eta xedea zen hasieratik kontseilari berriekin abiatzea eskualde berriko agintaldia. Horixe da, preseski, bigarren aldaketa nagusia: eskualde berrietan eginen dituztela bozak.



AUSTRIAREN PARE


Joan den udazkenean erabaki zuen Frantziako Asanbleak lehengo 22 eskualdeetatik hamahirutara pasatzea, eta, horretarako, batzuk elkartu egin zituen. Ipar Euskal Herriari bete-betean eraginen dio aldaketak. Izan ere, Akitania, Limousin eta Poitou-Charentes elkartu dituzte, eta horien guzien baturak osatuko du Akitaniako eskualde berria. Austriarekin konparatu ohi dute eskualde erraldoia, Europako estatu horren eremua baino handiagoa izanen baitu Akitaniak urtarriletik goiti. Orain arte bezala, Bordele izanen du hiriburu, eta han egonen da, beraz, Akitaniako Eskualde Kontseilua.

Ipar Euskal Herria Akitania berrian ezerezean geldituko dela diote alderdi anitzetako hautetsiek, eta arrazoirik ez dute falta horretarako. Orotara 5,8 milioi biztanle izanen ditu eskualde berriak —Ipar Euskal Herrian 290.000 biztanle inguru daude—, eta 84.000 kilometro koadroko eremua —2.967 kilometro koadrokoa du Ipar Euskal Herriak—.



ESKUMEN UGARI


Lurralde erreformak eskualdeen eskumenak ere aldatu ditu, edo zehatzago erranik, indartu. Izan ere, departamenduak oraindik deuseztatu ez badituzte ere, Frantziako Gobernuaren asmoa eskualdeei gero eta botere gehiago ematea da, eta departamenduei, aldiz, gutxiago.

Garapen ekonomikoa da eskualdeek duten eskumen nagusia, baina baditu bertze zenbait botere garrantzitsu ere. Lurralde antolaketaz arduratzen da, eta baita garraioez ere. Adibidez, AHT abiadura handiko trenaren proiektua bultzatu dezake, orain arte egin duen bezala.

Hezkuntzan ere badu pisua eskualdeak: 14 urtetik 18 urtera arteko ikasleak biltzen dituzten lizeoak kudeatzen ditu, baita goi mailako ikasketak eta heziketa profesionala ere. Baditu eskumenak ere kulturan, turismoan, etxebizitza politiketan... Ingurugiroa babesteko plan bat egitea ere bere eginbeharren artean da. «Eskualdeko hizkuntzak» deiturikoak ere eskualdeak babestu beharko lituzke.



JOKO ARAUAK


Orotara 183 kontseilari hautatu beharko dituzte Akitania-Limousin-Poitou-Charentes eskualderako heldu den abenduaren 6an eta 13an, eta alderdiek jada aurkeztuak dituzte hautagaien zerrendak, hauteskunde kanpaina ofiziala azaroaren 23an abiatuko baldin bada ere.

Departamenduka sailkatu dituzte zerrendak, eta herritar bakoitzak bere departamenduari dagokion zerrendarentzat bozkatu beharko du, nahiz eta gero hautaturiko kontseilariak eskualde osorako izan. Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan 17 eserleku izanen dira aukeratzeko. Orain arte honela banatuak zeuden Pirinio Atlantikoetako eserlekuak: PSk zazpi, UMPk bi, EELV ekologistek bi, Modem zentro eskuinekoak hiru eta CPNT alderdiak (Ehiza, Arrantza, Natura eta Tradizioa), eserleku bat.

Bi itzulitan eginen dituzte bozak: lehenbizikoa abenduaren 6an, eta bigarrena 13an. Lehen itzulian alderdiren batek gehiengo absolutua lortuz gero, eserlekuen %25 eskuratuko ditu automatikoki, eta gainontzeko eserlekuak gutxienez bozen %5 lortu dituzten alderdien artean banatuko dituzte, proportzionalki. Inork gehiengo osoa eskuratuko ez balu, bigarren itzulia eginen litzateke bozen %10 lortu duten zerrenden artean. Bigarren itzulirako aldaketak egon daitezke zerrendetan, nolanahi ere: gutxienez bozen %5 lortu duten alderdiak elkartu daitezke, hala nahi izanez gero.

Bigarren itzulian ez dute gehiengo absoluturik lortu beharko, eta eserlekuak proportzionalki banatuko dituzte lortutako bozen arabera. Hautatuak sei urterako izanen dira Akitaniako kontseilari. Parekidetasuna bermatu beharko dute alderdi guziek, zerrendetan emakume eta gizon kopuru berak ezarrita, txandakatuz.



HAUTAGAIAK


Alain Rousset da gaur egun Akitaniako presidentea —1998tik dago karguan, eta 2004eko eta 2010eko eskualde bozetan berriz hautatu zuten—. Oraingo Akitaniari elkartuko zaizkion bertze bi eskualdeetan ere presidente sozialistak dituzte gaur egun: Limousingoa Jean Paul Denanot da, eta Poitou-Charentesekoa, berriz, Jean François Macaire. Hiru eskualde horiek elkartuta, Rousset ezarri dute Akitania eskualde handiko PSko zerrendaburu. Ikusteke dago presidentetzari eutsiko dion ala ez, baina aukerak baditu: aitzineko legealdian 92 eserleku zituen PSk orotara hiru eskualdetako eserlekuak batuta. Ikusi beharko da, halere, oro har Frantzian sozialistekiko dagoen kexak eraginik izanen ote duen.

Les Republicains —lehengo UMP— alderdiko Virginie Calmels izanen du aurkari nagusia Roussetek. UDI eta Modem zentro eskuineko alderdiekin batera osatu du zerrenda eskuineko politikariak, eta lehia nagusia Rousseten eta bere artean egonen dela aurreikusten da. Gaur egun, 43 eserleku ditu Akitania-Limousin-Poitou-Charentesen eskuineko koalizioak. Eserlekuak dituzten alderdi gehiago ere badaude, ordea. EELV Europa Ekologia Berdeak alderdi ekologistak 24 eserleku zituen orain arte Akitanian, eta Françoise Coutant dute zerrendaburua. Ezkerreko Fronteko hautagaia, berriz, Olivier Dartigolles izanen da —10 eserleku dituzte egun Akitanian—.

Orain arte kontseilaririk eskuratu ez duten alderdi ugari ere aurkeztuko dira bozetara. Eskuin muturrekoetan, Fronte Nazionalak eman dezake zer errana: Jacques Colombier izanen du gidari. Debout La France ultraeskuindarrak, berriz, Yvon Setze du hautagai nagusia. Beren burua ez ezker ez eskuineko dutenen artean dira Union Populaire Republicaineko (UPR) William Douet —Europatik ateratzea eskatzen dute— eta PFE Europako Alderdi Federalistako Jose-Manuel Boudey. Ezkerrean, azkenik, Lutte Ouvriere alderdiko Guillaume Perchet eta Nouvelle Donneko Nicolas Pereira. Azpimarratzeko ezaugarrietariko bat, UPR eta Nouvelle Donne alderdietako zerrendaburuen gaztetasuna: Douetek 23 urte ditu, eta Pereirak, 24.



IPAR EUSKAL HERRIA


Eskualdeetako bozak lehendik ere aski urrunekoak baziren, are gehiago izanen dira orain eskualde handituan Ipar Euskal Herriko biztanleentzat. Eta tokiko alderdi txikiei kalte eginen die eremuaren handitzeak. EAJ eta EH Bai alderdi abertzaleak ez dira aurkeztuko, adibidez, Ipar Euskal Herrian emaitza onak lortuta ere ezinen bailukete aitzina egin eskualdean.

Aurkeztuko diren alderdietako zerrendetan badira Euskal Herriko hautagaiak, dena den. PS alderdi sozialistan, erraterako, Pirinio Atlantikoetako zerrendan laugarren eta bosgarren jarri dituzte Frederique Espagnac eta Mathieu Berge. Andde Sainte Marie abertzalea ere sozialisten zerrendan sartu da, 9.postuan. Frantxua Maitia, berriz, kanpoan gelditu da, eta agintaldia bukatuta politika utzi beharko du.

Eskuineko koalizioan ere izan da gatazkarik: Max Brisson miarriztarra Pirinio Atlantikoetako bigarren jarri behar zuten hasieran, baina zortzigarren doa, azkenean. Politikatik kanpo gelditzeko arriskua luke hark ere, ez baita gehiago hautetsi Miarritzeko Herriko Etxean, eta Pirinio Atlantikoetako presidenteorde izan arren, desagertu eginen delako noizbait egitura hori. Zerrenda berean ditu, gorago, Sylvie Durruti baionesa, Michel Veunac Miarritzeko auzapeza eta Barthelemy Agerre Lüküze-Altzümartakoa (Baxenabarre). Azken bi horiek Ipar Euskal Herriko elkargo bakarraren aurka agertu izan dira.

EELV alderdi ekologistak, bertzalde, Alice Leiziagezahar garaztarra ezarri du Pirinio Atlantikoetako zerrendaburu. Laugarren eta bosgarren postuetan ditu Thibault Pathias lehuntzearra eta Sophie Bussiere Angelukoa (Lapurdi). Fronte Nazionalean, bertzalde, departamendukoetara aurkeztu zen Jean Michel Iratxet baionesa ezarri dute Pirinio Atlantikoetako zerrendaburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.