Kontratazio publikotik «sare klientelarrak» erauzteko legea, aurrera

Kontratu Publikoen Legea onartu dute Nafarroan. Irizpide sozialak ezarri dituzte administrazioaren eta enpresen arteko harremanetan. UPNk eta PPk kontra bozkatu dute, euskara aitzakia gisa hartuta

UPNko legebiltzarkide Carlos Garcia Adanero —ezkerrean— eta Jose Javier Esparza. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Enpleguaren kalitatea bermatu, iruzurrari aurre egin, kontratazioetan gardentasuna sustatu, zerbitzuak hobetu, lan prekaritatea murriztu, administrazio publikoaren klientelismoa errotik erauzi... Asmo handiko araua da Nafarroako Parlamentuak atzo onartutako Kontratazio Publikoen Foru Legea. Eztabaida eta parte-hartze prozesu luze baten ostean heldu zen legebiltzarrera, eta gehiengo zabal baten babesa izan zuen testuak.

Lege «aitzindaria» eta «ereduzkoa» izanen dela nabarmendu zuten ordezkari politiko gehienek. UPN eta PP gelditu ziren kontsentsutik kanpo, ohiko motiboengatik: «inposiziotzat» jo zuten euskarari eginiko erreferentzia bakarra. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra «oso pozik» azaldu ziren, atzo onartutakoa legealdiko arau «garrantzitsuenetako bat» dela iritzita. PSNk ere baiezko botoa eman zuen, euskara eskakizunei buruzko xedapen gehigarriarekin bat etorri gabe ere.

Zehazki, administrazioak enpresa pribatuekin egin beharreko kontratazioak arautuko ditu atzo onartutako lege berriak, Europa 2020 estrategiari jarraikiz. Laukoak eta PSNk adostutako araua, ordea, Europako Batasunak proposatutakotik harago doa: besteak beste, «klausula sozialak» eta «printzipio etikoak» ezarriko ditu gobernuaren eta enpresen arteko harremanetan. Atzoko bilkuran, Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak azaldu zituen proiektuaren nondik norakoak. Haren esanetan, administrazio publikoarekin kontratu bat sinatzeko ez da lehentasun izanen eskaintza ekonomikorik merkeena egitea, «paradigma berria» ezarriko baitu arauak: «Enpresa txikien parte hartzea sustatuko du foru legeak, eta baliabideak eskainiko ditu, kontratazio publikoa politika sozialak egiteko tresna bihur dadin».

Besteak beste, ingurumenari, genero berdintasunari edota gizarteratzeari buruzko klausulak ezarri beharko dituzte enpresek, kontratu publiko bat sinatu aurretik. Euskara plan bat ere ondu beharko dute administrazioarentzat lan egin nahi badute.

Berrikuntza horien guztien ondorioz, Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak ez ezik, UGT ez bestesindikatu guztiek bat egin dute lege proiektuarekin, «aurrera urrats handia» dela iritzita.

Aranbururen azalpenen ostean, talde parlamentario bakoitzeko ordezkariek hartu zuten hitza. Legearen «onura sozialak» azpimarratu zituzten lauko gobernuari eusten dioten taldeetako eta PSNko eledunek. UPN eta PPren txandan, berriz, «euskararen inposizioa» izan zen mintzagai ia bakarra.

Geroa Bairen izenean, arau berria txalotu zuen Jokin Castiella legebiltzarkideak: «Esparru berri batera iristeko ahaleginetan da administrazioa; aurrerantzean, instituzioen bitartez kalitateko enplegua eta ardura sustatzeko tresna gisa ulertuko dugu kontratazio publikoa».

EH Bilduko eledun Arantza Izurdiagak nabarmendu duenez, Kontratu Publikoen Foru Legeak «erabat apurtuko du orain arteko kontratazio eredua», eta «helburu sozialak lortzeko baliabide garrantzitsua» izanen da.

Ahal Dugu-ren izenean hitz egin zuen Laura Perezek, eta legea idazteko prozesua txalotu zuen: «Eragile sozialen, sindikatuen, udalen eta beste hainbat erakunderen ekarpenak jaso ditu proiektuak». Ildo beretik, «oso balorazio positiboa» egin zuen Ezkerrako Jose Miguel Nuinek, kontratazio publikoen esparruan «aldaketa historikoa» eraginen duela iritzita.

Bestelako iritzia agertu zuten oposizioko taldeek. UPNren izenean, Juan Luis Sanchez Muniainek aitortu behar izan zuen foru lege berria «oso garrantzitsua» izanen dela, eta «aurrerapen ugari» ekarriko dituela, baina gaineratu zuen onura guztiak «orbandu» dituela euskarari buruzko xedapen gehigarriak: «Galbidera eraman duzue legea, zuen fanatismo nazionalista edonon sartzeko tema horrekin. Hemendik aurrera, euskara plan bat egiteko beharra ezarriko diezue administrazioarekin lan egin nahi duten enpresa guztiei. Murchanteko kultur etxea kudeatzeko, adibidez, ezinbestekoa izanen da euskara plana egitea, herri horretan inork inoiz euskarazko ekitaldirik eskatu ez badu ere».

Argudio bertsuak erabili zituen PPko Javier Garciak: «Euskara inposatu duzue hezkuntzan, euskara inposatu diezue funtzionarioei eta euskara inposatu duzue bide seinaletan ere. Hori guztia nahikoa ez, eta enpresei ere inposatu nahi diezue euskara».

Hondakinen legea

Kontratu publikoen legeaz gain, hondakinen eta haren fiskalitatearen foru lege proiektua ere eztabaidatu zuten atzo Nafarroako Legebiltzarrean. Legea behin betiko onartzeko bidean beste urrats bat egin zuen laukoak, UPNk, PSNk eta PPk aurkeztutako osoko zuzenketak atzera botata. Ingurumen kontseilari Isabel Elizalderen esanetan, legea ezinbestekoa izanen da «hondakinak murrizteko, ekonomia zirkularra sustatzeko eta klima aldaketari aurre egiteko». UPN, PP eta PSNren aburuz, lege proiektua «zehaztugabea» da. «Zabortegi berrien aipamenik eza» ere kritikatu zuen oposizioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.