Aclimako ingurumen enpresek 1.882 milioi euro fakturatu dute

Jon Fernandez -

2018ko ekainak 14
Ingurumen arloko Aclima klusterreko enpresek 1.882 milioi euro fakturatu zuten iaz, 2016an baino %3,5 gehiago. Aclimak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ingurumen industriako enpresen erdiak hartzen ditu barnean. Sektore horrek 3.606 milioi euro fakturatu zuen iaz, EAEko BPGaren %5 inguru, eta horren erdia baino gehixeago dagokie Aclimako enpresei.

Klusterrak azaldu duenez, fakturazioaren igoera berrikuntzaren eta nazioartekotzearen aldeko apustuari dagokio. Aurrera begira, berriz, klusterrak helburu bat jarri du 2018rako: ingurumen sektoreko enpresak digitalizaziora moldatzea.

Kristina Apiñaniz Aclimako zuzendari nagusiak nabarmendu du «bereziki pozgarria» izan dela 2017. urtea, «bazkideak hasi direlako ikusten klusterraren azken urteetako lanaren balio erantsia eta emaitza».

%11 langile gehiago

Gaur egun, 103 enpresak osatzen dute klusterra: horietatik 78 konpainia pribatuak dira; hamasei, instituzio publikoak; lau, zentro teknologikoak; beste lau, unibertsitateak, eta bakarra, enpresa elkarte bat.

Xabier Cañok, Aclimako presidenteak, azaldu du enpresen jarduera handitzeari esker, 2016an baino %11 langile gehiago daudela lanean ingurumenari lotutako sektorean: 5.217, hain zuzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna