Arizkorreta «pozarren» dago, Jaurlaritza CAFen sartu delako

Jon Fernandez -

2018ko urtarrilak 13
CAFeko presidentea «pozarren» dago Eusko Jaurlaritza konpainiaren jabeetako bat delako joan den asteaz geroztik. Iñigo Urkulluren gobernuak CAFen akzioen %1,24 erosi dizkio Kutxabanki, ia hamabost milioi euroan. Erosketa horrekin hasi du Lakuak industria estrategikoetan esku hartzeko plan berria, euskal industrian inbertitzeko funtsa. Azaldu duenez, enpresa estrategikoen erabakiguneak Euskal Herrian errotuta egotea eta bertan geratzea da helburua. Bada, Andres Arizkorretak aitortu du «pozarren» daudela akziodun berriarekin.

Gogora ekarri du mende erditik gora daramala CAFek burtsan kotizatzen, eta, beraz, egunero sartzen eta ateratzen direla akziodunak kapitalean. «Enpresaren obligazioa da akziodun guztiak ondo zaintzea: hasteko, barruan daudenak, bertan jarrai dezaten; gero, joan direnak, bueltatu daitezen; eta akziodun berriak ere erakarri behar ditugu. Akziodun berri bat sartzea beti da pozgarria guretzat, esan nahi duelako apustu egiten dutela konpainiaren estrategiaren alde. Eta, gainera, sartzen dena Eusko Jaurlaritza bada, ez daukat ezer gehiago esateko: pozarren gaude».

Kritikak oposiziotik

Oposizioak eta hainbat sindikatuk kritikatu egin zuten Jaurlaritza CAFen sartu izana, hirurak ere ados egon arren botere publikoek enpresetan esku hartzearen inguruan. EH Bilduri erabaki «txapuzero eta inprobisatua» iruditu zaio. ELAk, bestalde, «Kutxabankek behar duen likideziarekin» lotu du operazioa, eta LABek «marketin operaziotzat» jo du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna