«Egin beharrekoa» egin zuenez, Israelek ez ditu ikertuko Gazako hilketak

Igor Susaeta -

2018ko apirilak 3

NBE Nazio Batuen Erakundeak eta EB Europako Batasunak Israelgo Gobernua gaitzetsi dute, joan den ostiralean Israelgo armadak hemezortzi palestinar hil zituelako Gazan, Itzuleraren Ibilaldi Handiaren hasieran. Dena den, Tel Avivek ez du gertatutakoa ikertzeko intentziorik. Halaxe jakinarazi zuen atzo Avigdor Lieberman Defentsa ministroak. Haren esanetan, «egin beharrekoa» egin zuten soldaduek, eta ikerketa egin beharrean «aitortza» merezi dutelakoan dago.

Israelgo soldaduek, gainera, 1.400 bat lagun zauritu zituzten —horietatik 805 balaz—, lurren okupazioaren kontra palestinarrek datozen sei asteetan egin dituzten mobilizazioen lehen egunean. Baketsuak izaten ari ziren, baina manifestarien artean «terroristak» zeudela argudiatuz, soldaduek bildutakoei eraso egin zieten. Itzuleraren Ibilaldi Handia dela eta, ehunka palestinarrek Gazako mugan jarraitzen dute, eta atzo ere istiluak izan ziren.

Arabiar Ligak, bestalde, urgentziazko bilera batera deitu du gaurko, Palestinako Gobernuak hala eskatuta. «Israelek egindako krimenak aztertzea» du helburu.