Industria, urrats gehiago egiten

EAEko ekonomiaren %24,2 da industria jada, Jaurlaritzaren helburutik zortzi hamarrenera. Biurtekoak sektorearen giharra erakutsiko du

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburua —erdian—, atzo, BECen. IREKIA.
xabier martin
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Espero baino azkarrago doaz euskal industria krisi aurreko mailara gerturatzeko urratsak. Krisi aurretik BPG barne produktu gordinean zuen pisutik, ordea, urrun dago oraindik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bigarren sektorearen arima. 2008an, %28tik gora ordezkatzen zuen, eta, gaur egun, %24,2 ordezkatzen du. Baina begien bistakoa da gorakada sendoa izan duela.

Izan ere, 2015ean %23,4ko pisua zuen —bost puntu eta erdiko galera izan zuen sei urtean—, eta erritmoa azkartu du azken hiru urteotan, Eusko Jaurlaritzak 2020rako ipinitako helburura gerturatuz. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak %25era iristea finkatu zuen aurreko legegintzaldian, eta falta dituen zortzi hamarren horiek betetzeko urte eta erdi geratzen da. Denbora nahikoa aldeko testuinguru batean. Historikoki industriaren esparrutik kanpo sailkatu izan diren hainbat zerbitzu industriarekin batera sailkatzen hasteko aldagaiak ere lagunduko du, bestalde.

Tapia sailburuak berretsi zuen, atzo, industriak hazten jarraitzen duela, eta astelehenean abiatuko den Makina-erremintaren Biurtekoaren azoka «erakusleiho paregabea» izango dela pauso gehiago emateko. «Ateak mundura zabalik ditu, eta merkatu berrietan saltzeko eta kanpoko erosleak erakartzeko aukera paregabea da».

Euskal enpresek beren gaitasun teknologikoak eta digitalak aurkeztuko dituzte, eta Tapiak uste du alor horretan ere«Euskadi abangoardian dagoela» islatuko dela. Teknologia berriak negozioetan duten txertatze mailari dagokionez, eta horien sofistikazioari begira, «lurraldea oso egoera onean dago», sailburuaren arabera. Enpresen % 65ek baino gehiagok digitalizazio prozesuak garatu dituzte, eta gogorarazi zuen kopuru hori soilik Finlandiak (%68) gainditu duela, Barakaldoko BECen, Biurtekoa hartuko duen agertokian. Datu horiek hainbat sektorek digitalizazioaren alde egin duten apustuarekin dute lotura; horien artean 4.0 industria.

Sektorea gora doa

Makina-erremintaren sektorea da euskal industria gehien hauspotzen duten sektoreetako bat. Ia %13 hazi zen 2017an, 1.690 milioi euroren salmentak iritsita. Halaber, esportazioek beren markarik onena ondu zuten, %4,10 hazi eta gero. 1.233,37 milioi euroren salmentak egin ziren atzerrian, sektoreko enpresen nazioartekotze maila handia garbi utzita. Biurtekoaren antolatzaile AFM klusterreko zuzendari Xabier Ortuetak esan zuen, atzo, azoka «ikusgarria» izango dela, digitalizazioak dena bustiko duela, eta erakutsiko diren ekoizpenerako sistemak «punta-puntakoak» izango direla. Eta enpresentzat garrantzitsuena: inbertsioa egiteko beharra duten erosle anitz joango direla BECera.

Biurtekoak beste azoka txiki batzuk izango ditu barruan, esaterako BeDIGITAL, teknologia digitalaren esparrua, eta ADDIT3D, fabrikazio aditiboari eta 3D ekoizpenari buruzko lehen azoka. WORKinn azoka, berriz, enpresek dituzten kontratazio beharrei begira egingo dute. Hori guztia, astelehenetik ostiralera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.