Katalunia

Madrilek ez du onartu nahi Puigdemonten presidentetza sinbolikorik ere

Erredakzioa
2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
«Onartu behar duen gauza bakarra justiziaren aurrean agertzea da». Espainiako Gobernuak ez du asmorik Carles Puigdemonten inbestidura sinboliko bat ere onartzeko, eta Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari beste behin eskatu dio beste hautagai bat aurkezteko; «justiziarekin zorrik» ez duen bat, Iñigo Mendez de Vigo bozeramaileak atzo esan zuenez. Oriol Junqueras ERCko buruak proposatu zuen herenegun presidentetza sinboliko bat presidentetza «eraginkor» batekin uztartzea, eta Marta Rovira errepublikanoen idazkari nagusiak plan «zehatz» bat aurkezteko eskatu zion JxC Junts Per Catalunyari. Plana badaukala erantzun dio JxCk, eta berriz adierazi du parlamentuko arautegiak baimentzen zuela Puigdemont presidente izendatzea joan den astearterako deituta zegoen inbestidura saioan.

Torrentek atzeratu egin zuen saio hori, «bermeak» falta zirela argudiatuta. Mendez de Vigoren arabera, Torrentek hartutako erabakia «Konstituzionalak ezarritakoarekin bat» doa. «Espainiako Gobernuak ez balu helegitea aurkeztu Auzitegi Konstituzionalean, ez litzateke egongo kautelazko neurririk, eta Carles Puigdemont telematikoki hautatuko lukete». Kataluniako Parlamentuko abokatuak hurrengo astean esatekoak dira hauteskundeetara deitzeko bi hilabeteko epea joan den asteartetik zabalik dagoen ala ez, eta Mendez de Vigok adierazi du abokatuek diotena errespetatuko duela Espainiako Gobernuak.

Forni askatasunik ez

Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak, berriz, askatasuna ukatu dio Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilari ohiari. Besteak beste, Larrenak argudiatu du Fornek «ideologia subiranista» mantentzen duela oraindik, eta, hortaz, «delitua berriz egiteko arriskua» duela. «Kataluniaren independentzia lortzeko asmoa desagertu dela adierazteko ziurtasunik ez dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.