Enpresen zergak krisi aurretik zirenaren erdia dira egungo BPGan

«Krisiaren kontua norbanakoek ordaindu dutela» dio OCDEko zerga politikari buruzko txostenak.Luxenburgok McDonald'si zerga abantailak eman dizkion ikertzen ari da Europako Batzordea

xabier martin
2015eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Norbanakoak enpresak baino faktura handiagoa ordaindu du krisian. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak urtero ematen duen zerga sarreren inguruko txostenaren ondorioak argiak dira: 2007an, enpresen zergak erakundearen 34 herrialde bazkideen BPGaren %3,6 ziren; eta 2014an, %2,8 bihurtu dira. Aldiz, norbanakoen zergek gora egin dute krisialdiaren epe horretan: errenta zerga %8,8tik %8,9ra pasatu da, eta BEZa, %6,5etik %6,8ra.

Krisiaren fakturan enpresen ekarpena txikitu delako tesi hori islatzeko, Espainia jarri du OCDEk adibide gisa. Jose Luis Rodriguez Zapateroren eta Mariano Rajoyren gobernuek lortu dute enpresen irabazien zergak herrialde horretako BPGaren%12,4tik (2007) %6,2ra jaistea (2013); erdia pagatzen dute orain Espainiako enpresek, alegia, OCDEko herrialdeen batez bestekoa baino gutxiago (2013an, BPGren %8,5).

«Gutxiago pagatzeko modua aurkitzen jarraitzen dute enpresek eta, azkenean, kontua norbanakoek ordaintzen dute», laburtu zuen atzo Pascal Saint Amans OCDEko zerga politikaren txostenaren zuzendariak. Zergen igoera «gehien-gehienak» norbanakoen bizkarrean jarri direla azaldu du Sain Amansek, «Gizarte Segurantzaren kotizazioen bidez, Errenta Zergaren bidez eta BEZaren bidez». Haatik, enpresei zerga gutxiago eskatu dizkiete OCDEko gobernuek, eta hor ere Espainia da txapelduna: 2007an Sozietate Zerga BPGaren %4,4 zen, eta 2013an, %2, erdia baino gutxiago.

McDonald'sen auzia

Hain zuzen, Europako Batasuneko hainbat kidek multinazional handiei urte askoan emandako zerga abantailaren auziak beste atal bat ekarri zuen atzo: Europako Batzordeak ikerketa bat zabaldu du Luxenburgok McDonald'si faborezko tratua eman ote dion jakiteko. Luxenburgok estatu laguntzen mugak urratu dituen ikertuko du Batzordeak. Jean-Claude Junckerren gobernuak, orain Batzordeko presidente, zerga legearen hainbat arau bertan behera «propio» utzi ote zituen susmoa dauka, AEBetako erraldoiari zerga abantailak emateko.

Atzo bertan iritsi zen Luxenburgoren erantzuna. Gobernuak esan zuen herrialdeak ez diola inolako faborezko traturik eman McDonald'si, eta Batzordeari laguntza guztia emango diola bere ikerketan.

McDonald'sena ez da, ordea, inolako ezustea. Izan ere, Pepsi, Ikea, FedEx, AIG, Deutsche Bank eta mundu osoko 340 enpresa multinazionalek baino gehiagok itun propioak negoziatu zituzten Luxenburgoko zerga agintariekin. Horiei esker, ordaindu beharreko zerga faktura nabarmen murriztea lortu dute. Beste herrialde batzuetan egindako salmentak edo lortutako irabaziak dukerrian kokatutako filialetara bideratu izan dituzte. Luxenburgon sozietate zergaren tasa %29 da, baina beherapen oparoak onartu zaizkie konpainiei, eta, ondorioz, askorentzat ordaindu beharreko tasa %1 edo txikiagoa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.