Hitz onak besterik ez

Txinara egin berri duen bidaian inoiz baino hitz leunagoak izan ditu Donald Trumpek Xi Jinpingentzat. Washington barne gatazketan sartzen ez bada, elkarlanean aritzeko prest agertu da Pekin

Olatz Urkia
Pekin
2017ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Donald Trump Pekinera iritsi zenean, alfonbra gorriarekin hartu zuten aireportuan. Nork esango zukeen, hauteskunde kanpainan Txina horren gogor kritikatu ostean, Trumpek Pekinen ospatuko zuela bere agintaldiaren urteurrena? Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak urtebete egin du boterean, eta Xi Jinpingekin aurrez aurre elkartzean, haren hitzak inoiz baino leunagoak izan dira: «Txinatarrak harro daude zuen herrialdeak lortu duenarengatik, eta ez horregatik bakarrik: zutaz ere harro daude. Benetan gizon berezia zara; gure artean kimika handia dago, eta ziur nago orain elkarrekin gauza handiak egingo ditugula».

Xi Jinpingek irribarre lasai batekin entzun zituen hitzak, tarteka buruarekin baietz esanez. Bere hitzaldian ere hitz onak esan zituen, baina tonu neutroago batean. Washingtonekin elkarlanean aritzeko asmoa duela esan zuen, baina, hori bai, bien arteko harreman positibo bat landu ahal izateko beharrezkoak direla distantzia eta errespetua. Noski, horrela presidente txinatarrak Trumpi zeharka gogorarazi nahi izan dio Hego Txinako itsasoa, Taiwan eta Hong Kong Pekinen gatazka propioak direla, eta Txinako alderdi komunistari gustatzen ez zaion zerbait badago, Washington bere barne auzietan sartzea da.

Washington eta Pekinen arteko gatazketan hiru dira gai ilunenak: merkataritza harremanak, Hego Txinako itsasoko gatazka geopolitikoak eta, noski, Ipar Korea. Pekinek argi dauka ez duela onartuko bere barne gatazka geopolitikoetan Washingtonek presioa egiterik, eta merkataritza harremanetan badauka Washingtonengandik irabazteko zerbait. Trumpekin duen tirabira horretan, gai baten batean errenditu behar, edo errenditzen denaren itxura egin behar, eta Ipar Korea gelditzen zaio Xi Jinpingi.

Prentsaurrekoan, Trumpek eskerrak eman zizkion presidente txinatarrari azken hilabeteetan Ipar Korearen aurka ezarri dituen zigorrengatik. Zerbait berria da hori; izan ere, Washingtonek beti salatu izan du Pekin ez dela Piongiang geldiarazteko nahikoa inplikatzen. Azkenean onartu behar izan du Txina aurten inoiz baino gehiago inplikatu dela; izan ere, ezin da ukatu gogorrak direla Txinaren azken zigorrak, Ipar Koreara petrolioa esportatzea mugatzen dutenak. Pekinek guztiz utziko balio Ipar Korea energiaz hornitzeari, herrialde komunista horretako industria guztiz paralizatuko litzateke.

Hortzak eta ezpainak

Ipar Korearen programa nuklearrak mundu osoa bezalaxe kezkatzen du Txina ere, baina Pekinek Piongiangekin duen harreman berezia kontuan hartuta, ulertzekoa da Txinarentzat Ipar Koreari bizkarra ematea ere ez dela hain erraza. Mao Zedongek esan zuen Txina eta Ipar Korea ezpainak eta hortzak bezain gertukoak direla. Ideologia komunista, 1.420 kilometroko muga, gerra, herrialdearen berreraikitzea… Bi Koreen arteko gerran 150.000 bat soldadu txinatarrek bizia galdu zuten, eta armistizioaren ondoren Ipar Korea berreraikitzen lagundu zuen herrialde nagusia Txina izan zen. 1961. urtean Adiskidetasun eta Elkarlan Akordioa sinatu zutenean, Piongiang eta Pekinek agindu zuten batak besteari lagunduko ziotela kanpoko eraso armatu bat jasanez gero. Akordio hori sinatu zutenetik orain arte, Txina izan da Ipar Korearen ekonomia sostengatzen lagundu duen aliatua. Gaur egun, Piongiangen ekonomiak Txina du oinarri.

Bi herrialdeen arteko harremanari dagokionez, badira Washingtonekiko gertutasun berri honekin deseroso sentitzen diren txinatarrak; gehienbat, belaunaldi helduagokoak. Azken finean, Ipar Korea gertuago ikusten dute Estatu Batuak baino. Ez dituzte gustuko Washingtonek penintsula korearrean dituen base militarrak ere. Batzuen ustetan, Ipar Koreako misilak geldiarazteko hedatu duten misilen aurkako ezkutua eta militar hegokorearrekin aurten egin dituzten ariketa militar guztiak ez dira segurtasun kontu bat, Txina ere inguratuta edukitzeko modu bat baizik. Baina egungo gizarteak ez du zerikusirik ituna sinatu zeneko garaiko gizartearekin; Txinak ere ez du Ipar Korearekin zerikusirik, eta gazte gehienek Mendebaldea askoz gertuago dute kulturalki ere, bizilagun korearra baino.

Meng Ge 29 urteko txinatarra Barne Mongolia eskualdean jaio zen, baina hamar urte daramatza hiriburuan. «Estatu Batuak edo Ipar Korea? Estatu Batuak, noski. Indartsuago izan nahi baduzu, indartsuagoarengana gerturatu behar duzu. Ipar Koreakoa sistema zentzugabe bat da; ez dauka gurekin zerikusirik.Estatu Batuak ez zaizkit askorik gustatzen, baina Ipar Korea baino gehiago bai».

«Hau ez da erreala»

Trumpek Xiri, zeharka, gehiago eskatu dio. Txinako presidenteak zerbait nahi duenean lortu egiten duela, eta Ipar Korearekin ere, Kim Jong-Un benetan geldiarazi nahi badu, egingo duela, horixe esan du Pekingo bileran presidente estatubatuarrak.

Xik kolaboratuko duela adierazi du bileran, baina ez dago argi noraino iristeko prest dagoen. Zhang Li Fen soziologo txinatarra da: «Txinak ez du Ipar Korea lehen bezala behar, baina ez du nahi gatazkarik ere, eta Ipar Korea kontrolpean eduki nahi duen eremu bat da. Hala ere, azken urteetan Piongiang Txinaren buruko min bihurtu da, eta orain badirudi herritarrek hemen ere nahiago dutela Washington. Hala ere, Xik ez du onartuko Washingtonek agindurik ematea. Itxurazko gertutasun hori ez da erreala: azken finean, beti elkarri mesfidantzaz begiratzen jarraitzen dute. Etorkizunean, Pekinek Washingtoni aurre egingo dio, baina oraindik ez da iritsi garaia».

Urte hauetan guztietan ere, Pekin izan da Piongiang eta Washingtonen arteko gatazketan bitartekari bakezalea. Agian horregatik, Txinak Ipar Korean duen eragina pixka bat puztu edo idealizatu du Mendebaldeak. Baina Kim Jong-Unek aurten argi utzi du Txinarekin duen adiskidetasunaren aurretik jartzen duela programa nuklear preziatua; agian, nahi izan ala ez, Kim Jong-un lider iparkorearra ezingo luke Pekinek ere geldiarazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.