Athletic 2. Bartzelona 1

Intentsitatea eta biziraupena

Athleticek gol baten aldeari eutsi beharko dio Kopako final-zortzirenetako itzulikoan. Bederatzirekin amaitu dute lehia zuri-gorriek

Athleticeko jokalariak, pozez zoratzen, Adurizek sartutako gola ospatzen —1-0ekoa izan zen—. MARISOL RAMIREZ / ARP.
unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Athletic. Iraizoz; Boveda, Etxeita, Laporte, Balentziaga; San Jose, Iturraspe; Williams (Elustondo, 84. min.), Raul Garcia, Saborit (Muniain, 69. min.); eta Aduriz (Javi Eraso, 78. min.).

Bartzelona. Stegen; Sergio Roberto, Pique, Umtiti (Alcacer, 88. min.), J. Alba; Busquets, Rakitic (A. Gomes, 71. min.), Iniesta; Messi, Neymar eta Luis Suarez.

Golak. 1-0. Adurizek (23. min.); 2-0. Williamsek (28. min.). 2-1: Messik (53. min.). Epailea. Fernandez Borbalan. Txartel gorria (bi hori): Athleticeko Raul Garciari (74. min.) eta Iturrasperi (81. min.). Txartel horiak: Athleticeko Adurizi; eta Bartzelonako Umtiti, Iniesta, Jordi Alba eta Busquetsi.Bestelakoak. 45.772 ikusle San Mamesen. Bi taldeetako jokalariak Yerayren aldeko elastikoekin zelairatu ziren.

Beti ez bada gehienetan, daukana ematen du Athleticek. Bartzelonak asko sufritu ohi du San Mamesen, eta atzo ere gorriak ikusi zituen; lehen zatian, bereziki. Aduriz eta Williamsen golekin, Espainiako Kopako final-laurdenei begira hasi ziren asko eta asko, baina munduko jokalaririk onentsuena dauka Bartzelonak, eta erabakigarria izan daitekeen gola sartu zuen 53. minutuan, falta jaurtiketa batean. Izan zitekeenari begira egongo dira asko, baina izan zitekeen 2-1ekoa baino emaitza kaskarragoa ere, epaileak lehen zatian Neymarri egindako penalti argia adierazi balu, edo Adurizek Umtitiri emandako ukondokoa zigortu balu. Raul Garcia eta Iturraspe behar baino lehen aldageletan zirela, bederatzi jokalarirekin eta arnas-estuka amaitu zuten partida zuri-gorriek, baina ondo merezita lortu zuten gol baten aldea.

Joan-etorriko kanporaketetan, etxean, bi gol sartzea baino garrantzitsuagoa izaten da bakar bat ere ez jasotzea, eta helburu horrekin zelairatu zen Ernesto Valverderen taldea. Intentsitate handiarekin eta presioa goian eginez, ito egin zuen Bartzelonaren sormen lerroa. Giro zoragarria sortu zen San Mamesen, eta minutu askoan noraezean ibili ziren kataluniarrak; nahi baino urduritasun handiagoarekin aritu zen defentsako lanean.

Bost minutuko erauntsia

1-0ekoa da horren erakusgarri. Iturraspek zelai erdian baloia berreskuratu, Adurizi eman, aurrelariak Raul Garciari pase sakona bidali, nafarrak erdiratu, eta Adurizek berak bidali zuen baloia sareetara, buruz. 25. minutua zen. Bost minutu lehenago Iraizozek Piqueri egindako penaltiarekin haserre zeuden Bartzelonako jokalariak, eta egurrari sua botatzearen parekoa izan zen 1-0ekotik 2-0ekora arteko hiru minutuko tartea. Zaleak lehen gola ospatu eta artean esertzen ari zirela, Adurizek takoiarekin baloia utzi eta Williamsek jaurtiketa zitala bidali zuen sareetara (28. min.).

Su batean ari zen Athletic, eta galduta zebilen Bartzelona. Berea eginda, epaileak ere laguntza txiki bat eman zion Athletici, argi samarra izan zelako Etxeitak 45. minutuan Neymarri egindako penaltia. Kexa artean joan ziren kataluniarrak aldageletara, eta 53. minutuan iritsi zen amorruaren gola. Falta Neymarrek jaurtiko zuela zirudienean, Messik bidali zuen baloia ate barrura. Biziraupen ariketa izan zen hortik aurrerakoa. Bigarren txartel horiak ikusita, aldageletan amaitu zuten Raul Garciak eta Iturraspek, baina Messik ez zuen asmatu bi aukera argitan. Area barruan lo hartu zuen 79. minutuan, eta baloia zutoinera bidali zuen azken jokaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.