Baskonia 77. Real Madril 62

Defentsaren erauntsia

Baskoniak 62 puntura mugatu du Real Madrilen erasoko uzta, eta garaipen handia lortu du. Kopa jokatzeko sailkatuta daude arabarrak

unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Baskonia. Larkin (16), Budinger (6), Hanga (16), Xengelia (7), Voigtmann (5) —hasierako bostekoa—; Prigioni (2), Sedekerskis (2), Beaubois, Blazic (2), Diop (7) eta Tillie (14).

Real Madril. Llull (8), Doncic (12), Maciulis (2), Reyes (6), Ayon (2) —hasierako bostekoa—; Randolph (9), Draper (3), R. Fernandez (12), Nocioni, Carroll (2), Hunter (6) eta Taylor.

Markagailua. 20-19, 32-27 (atsedenaldian); 65-42 eta 77-62.

Epaileak. Perez Pizarro, Calatrava eta Martinez Fernandez. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 14.316 ikusle Gasteizko Buesa Arena pabiloian.

Defentsarik onena erasoa dela esan ohi da sarritan, baina Baskoniak irauli egin zuen atzo uste hori. ACB ligako bi erasorik onenak parez pare jarri zituen 15. jardunaldiak, Gasteizko Buesa Arenan, eta luzaroan gogoan edukitzekoa izan zen etxekoen defentsako lana. Batez beste 90 puntu sartzen ari da Real Madril denboraldi honetan ligan, baina 62 besterik ez zuen saskiratu atzo; zortzi bigarren laurdenean, eta hamabost hirugarrenean. Hain zuzen ere, aldageletatik bueltan astindu zuen Baskoniak aurkaria, 33-15eko partzial ikusgarria lortuta —33-10ekoa laurden horretako azken zazpi minutuetan—. ACB ligako bederatzigarren garaipena lortuta, Kopa jokatzeko sailkatuta daude, jada, arabarrak.

Euroligaren egitura berriaren eraginez, ligan sufritzen ari dira talde asko, baina Baskoniak izaera bereziarekin jokatzen du talde handien aurka. Real Madril lidergoan iritsi zen Gasteizera, baina Buesa Arenara joandako 14.316 zaleek gozatu handia hartu zuten. Hirugarren laurdenean bereziki. Lehen laurdena 20-19 amaitu ondoren, 32-27 iritsi ziren atsedenaldira, eta gasteiztarrek hamar minutu zoragarri eskaini zizkieten zaleei. Hangak eta Diopek armiarma sarea sortu zuten defentsan, eta, 15-0eko partzialarekin, Baskoniak ihes egin zuen markagailuan (47-32).

Minutu askoan defentsan harrigarri estututa, hiruko lerrotik ere asmatzen hasi ziren gero Hanga eta Larkin (58-39), eta partidako alderik handienarekin iritsi ziren azken laurdenera, Larkin eta Prigioni kantxan zirela (65-42). Hemezortzi puntuko balorazioa lortu zuen Hangak, eta hamabostekoa Larkinek.

Kontrol lana amaieran

Egin beharreko lanik handienak eginda, bizitasuna pixka bat baretu eta Rudy Fernandezen eskutik inguratzen hasi zen Real Madril (71-58). Baina erasoko baloi jabetzak luzatuta, estutasunik gabe amaitu zen partida etxekoentzat. Festa betean, aipagarria izan zen Gasteizera bueltan Prigionik lortutako lehen saskiratzea (20-13). Multzo sendoarentzat gehigarri ona izaten ari da argentinarra. Atsedenerako tarterik gabe, Baskoniak Unics Kazanen aurka jokatuko du bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.