Kanaria Handia 74. Baskonia 61

Jokatu ordez, jolasean

Historiako lehen laurdenik kaskarrenetakoa jokatu ondoren (22-6) erreakzionatu arren, Baskoniak 74-61 galdu du Kanaria Handietan

Pablo Prigioni Baskoniako jokalaria Albert Oliver Kanaria Handikoarekin lehian, atzo. ELVIRA URQUIJO A. / EFE.
unai zubeldia
2016ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Kanaria Handia. McCalebb (17), Salin (2), O'Neale (4), Baez (9), Pasecniks (7) —hasierako bostekoa—; Hollins (2), Hendrix (6), Oliver (4), Pauli, Rabaseda (3), Kuric (10) eta Aguilar (10).

Baskonia. Larkin (12), Blazic, Hanga (6), Tillie (2), Diop (2) —hasierako bostekoa—; Luz, Beaubois (15), Prigioni, Budinger (9), Xengelia (11) eta Voigtmann (4).

Markagailua. 22-6, 40-24 (atsedenaldian); 50-42 eta 74-61.

Epaileak. Conde, Cortes eta Sacristan. Xengelia kanporatu zuten bost faltarekin.

Bestelakoak. 8.000 ikusle inguru Gran Canaria Arena pabiloian.

Sei baloi galduta, 11 jaurtiketa egin eta bakarra saskiratuta, bost errebote soilik hartuta, eta -6ko balorazioa pilatuta, Baskonia ez zen garaiz iritsi atzo Kanaria Handietara. Euskal Herrian 21:30 zirenean hasi zen ACB ligako 14. jardunaldiko partida, baina gasteiztarrek 22:25ean ekin zioten partidari. 22-6 lehen laurdenean, eta 40-24 atsedenaldian. Euroligan neke handia pilatzen ari da Baskonia denboraldi honetan, eta tentsioan koska bat behera egiten duen bakoitzean astindua jasotzeko arriskua izaten du beti. Hala gertatu zitzaion atzo ere. Erreakzioak erreakzio, 74-61 galdu zuten arabarrek Kanaria Handiaren kantxan.

Arrarotik asko izan zuen partidak, sinestezina delako Baskonia hamar minutuko tartean saskiratu ezinik ikustea. Hangaren jaurtiketa libre bat, Budingerren hiru, eta estatubatuarraren beraren saskiratze bat. Horixe izan zen gasteiztarren uzta lehen laurdenean. Baloi inozoak galdu eta galdu —hamargarrena galdu zuten bigarren laurdena hasi berritan—, 31-10 ere ibili zen atzetik Baskonia. Hirukoekin ez zuen asmatu, ordea, Kanaria Handiak, eta horri esker lortu zuten arabarrek atsedenaldiko galera hamasei puntura mugatzea. Harrigarria bada ere, Larkinen hiru jaurtiketarekin emaitza bera zen onena atsedenaldian (40-24).

Ia ezinezkoa zirudien arabarren erreakzioak, baina hirugarren laurdenean sei minutu jokatuta 43-37 ageri zen markagailuan. Sinestezina hori ere. Baskoniak lehen bi laurdenetan galdutako baloi guztiak galtzen hasi ziren etxekoak, eta Beaubois berotzen hasi zen pixkanaka. Xengeliak hirukoa sartu berritan (46-40), zortzi puntu behetik iritsi ziren gasteiztarrak azken laurdenera (50-42).

Eta jolasean hasitakoa jokoan amaituta, garaipena bera ere ez zuten urruti izan. Larkinen hirukoarekin 63-57 gerturatu zen Baskonia, baina Kanaria Handiak hiruko marratik deuseztu zuen bisitarien erreakzio oro (74-61).

Bilbo Basket, gaur, Galizian

Eurokopako kolpea lehenbailehen ahazten hasi beharra dauka Retabet Bilbo Basketek, ACB ligan Kopa jokatzeko postuetatik gehiegi ez urruntzeko. Sei garaipen eta sei porrotekin, sailkapenean bederatzigarren postuan daude bizkaitarrak, eta lau garaipen eta zortzi porrotekin, hamalaugarren dago Rio Natura Monbus Obradoiro, bilbotarren gaurko aurkaria. 20:00etan hasiko da partida, Santiagon, Galizian.

Bizkaitarrek hiru porrot pilatu zituzten Gabonetako atsedenaldiaren atarian, Real Madril (77-85), Khimki (99-78) eta Murtziaren aurka (97-71). Mingarriak izan ziren hirurak, Khimkiren aurkako Eurokopakoa bereziki. Bilbo Basketek hutsune dezente izango du gaur, Danilo Nikolic hegal-pibotarena tartean. Eskuin eskumuturreko eskafoidea hautsita dauka montenegroarrak, eta sei bat aste beharko ditu osatzeko. Bilbotarrek garaipen bakarra pilatu dute Santiagon jokatutako sei partidetan, duela bost denboraldi (65-79).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.