Italiako Giroa

Gainditu du azterketa

Simon Yatesek arazorik gabe eutsi dio lidergoari, Tom Dumoulinek 1.15 kendu baitio erlojupekoan, espero baino gutxiago. Rohan Dennisek irabazi du etapa, eta lehen eguneko arantza atera du

Gainditu du azterketa.
enaut agirrebengoa
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Kontuak garbi zituen Simon Yatesek (Mitchelton) atzoko erlojupekoari begira: arrosaz jantzita jarraitzeko, Tom Dumoulinekin (Sunweb) gutxienez bi minuturen aldea beharko ei zuen. Kalkuluak egitean, ordea, bi aldagai oharkabean pasatu zitzaizkion apika: bere gorputzaldia, batetik, eta Giroko bigarren asteak Dumoulinen hanketan eragin zezakeen nekea, bestetik. Britainiarra 2.11ko errentarekin iritsi zen 34 kilometroko bakarkako saiora, eta alde hori nahikoa eta sobera izan zuen maglia arrosari eusteko. Saio txukuna osatu zuen: 22. izan zen, erlojua 41 minutu eta 37 segundoan geldituta. Dumoulin, berriz, ez zen esperotako mailan aritu, eta 1.15 besterik ezin izan zion kendu. Hala, liderra 56 segundoren aldearekin iritsiko da azken txanpara.

Atzokoa zuen Yatesek Giroa irabazteko suzko proba nagusia, eta aise gainditu zuen. Hura izan zen eguneko irabazle nagusia, Rohan Dennisekin (BMC) batera. Australiarrak hatz puntekin ukitu zuen garaipena Giroko lehen egunean, Jerusalemen jokatu zen erlojupekoan, baina azken unean saririk gabe utzi zuen Dumoulinek. Atzo, berriz, inork ez zuen Dennisen denbora ontzerik izan. Tony Martin (Katuxa) luzaroan izan zen irabazlearen aulkian, baina BMCko espezialistak hamalau segundoan hobetu zuen alemaniarraren marka, 40 minutuko denborarekin. Helmugan eta tarteko bi mugarrietan izan zen azkarrena; hots, erabateko nagusitasunez irabazi zuen. Seigarren dago orain sailkapen nagusian.

Eguraldiaren beldur ziren ziklistak. Bezperan gogor jo zuen haizeak, eta atzo arratsalderako euria zegoen iragarrita. Azkenean, ostera, haizea bare ibili zen, eta erori ziren euri tanta apurrek ez zuten erlojupekoa baldintzatu. Faborito garbia zen Dumoulin, erlojuaren kontra tropeleko azkarrena izaki, baina, eguraldiarekin gertatu bezala, ez ziren iragarpenak bete. Ohiko ibilera dotorea erakutsi zuen herbeheretarrak, baina ezohiko emaitza lortu: hirugarren izan zen, Dennisengandik 22 segundora. Iazko erlojupeko luzean hankapean ibili zuen mundu guztia; Giro honetan, ordea, ez dabil horren distiratsu. Goi mendiko hiru etapa gelditzen dira, eta, gaur-gaurkoz, ez du ematen Yates artegatzeko gai izango denik.

Postu bat igo du Bilbaok

Podiumaren lehiari erreparatuta, aurrerapauso handia eman zuen Chris Froomek (Sky). Denborarik onenetan bosgarrena lortu zuen britainiarrak, eta 1.45 atera zion Domenico Pozzovivori (Bahrain), 2.12 Miguel Angel Lopezi (Astana), eta 2.44 Thibaut Pinoti (FDJ). Alegia, ezerezean utzi du igandean Sappadako helmugan izandako atzerapena, eta bete-betean sartu da berriro hiru onenen artean bukatzeko borrokan: laugarren dago orain, Pozzovivorengandik 39 segundora. Italiarra ez da iaioa banakako saioetan, baina hainbestean moldatu zen, eta ondo eutsi zion hirugarren postuari. Pinot, ordea, oso eskas aritu zen, eta 1.08ra urrundu zaio podiuma. Orain arte baino oldarkorrago aritu beharko du alde hori irauli nahi badu.

Sailkapen nagusiaren lehiatik at dago jada Fabio Aru (UAE), igandean izaniko makalaldiaren ondoren. Atzo ez zuen zertan indar betean jardun, baina, harrigarriki, espezialista onenen pare aritu, eta zortzigarren izan zen. Gero, hala ere, hogei segundoko zigorra jarri zioten. Hura izan zen eguneko ezustea. Aru ez da sekula ondo moldatu erlojupeko lauetan, eta aurtengo Giroan errukarri zebilen. Horregatik da txundigarria atzoko saioan italiarrak halako maila ematea. Sasoiari eutsiz gero, zeresana emango du gelditzen diren mendiko etapetan.

Pello Bilbaok (Astana) ez zuen horren saio borobila osatu, baina duin aritu zen berriro ere. Gernikarra 21. izan zen, Yates baino postu bat atzerago. Dennisekin 1.40 galdu zuen helmugan, baina igotzaile asko baino denbora hobea egin zuen. Hartara, postu bat egin du gora sailkapen nagusian, bederatzigarrenetik zortzigarrenera. Giroa hamar onenen artean bukatzeko ametsa du, eta, oraingoz, bide onean da.

Bihar, Giroko 17. etapa jokatuko da, Riva del Garda eta Iseo artean. Ez da oso luzea —154 kilometro—, eta hirugarren mailako mendate bat baino ez dauka, baina ibilbide nahiko hautsia du. Lehen hamar kilometroak aldapa gora dira, eta halako hasierek min egin ohi dute. Egun aproposa izan daiteke etapa ehiztarientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.