Berlinera, baina lanera

Athleticek erakutsi gura du multzoko lehen bi postuetako bat lortzeko faboritoa dela. Hertha antzeko mailako taldea da

Haritz Gallastegi -

2017ko irailak 14
Athleticek hartu du Europarako trena. Beste behin. Laugarren urtez erreskadan. Zortzigarren aldiz azken hamarkadan. Ez da makala egiten ari dena. Baina ez da atzera begira egoteko momentua. Aurrera egin behar da, besteak beste, egindakoetatik ezin delako bizi. Erronka berri bat zain dauka talde zuri-gorriak. Europa liga ondo ezagutzen dute jokalari, klub zein jarraitzaileek. Baina ligaxkan egokitutako aurkariak berriak dira. Hortaz, orain arte zuri-gorrien kontra jokatu ez duten futbolariak ezagutzeko aukera izango da. Estadioak ere berriak dira. Eta, hortaz, bisitatu beharreko hiriak ere nobedadea izango dira zale guztientzat.

Berlin da lehen geltoki nagusia ligaxkan. Hiri erakargarria da oso. Egun, euskal gazte askok aisialdirako aukeratzen dute. Denetarik aurki daiteke bertan, eta bidaia erosoa da oso. Beraz, aukera ona da Athletic ikustera joateko. Baina zuri-gorriak ez doaz jai giroan. Lanera doaz, Europan ez baitago lo hartzerik. Lau taldeko ligaxka batean kale bat edo beste egin daiteke, baina ez dago lasaitzeko tarterik, asko kostatzen baita aurrera egitea. Athleticek ondo daki zenbateraino oker daitekeen ligaxka. Iaz, adibidez, izugarri sufritu zuen. San Mamesen lortutako emaitza onek salbatu zuten. Baina etxetik kanpo makal aritu zen. Ondorioz, presiopean jokatu behar izan zuten etxean.

Athleticen txandakatzeak

Bada, joan den urteko hutsegiteak berriro ez egiten ahaleginduko da. Jakinekoa da euren zelaian talde guztiak hazi egiten direla; ez da samurra etxetik kanpo puntuak irabaztea. Bestalde, Athletic oso talde ezberdina da etxean eta etxetik at jokatzen duenean. Kanpoan lehiakorragoa izan behar du. Hala ere, gaurko norgehiagoka ez da erraza izango. Hertha Berlinek seigarren postuan amaitu zuen aurreko sasoian Alemaniako Liga. Hortaz, gutxi-asko Athleticen antzeko maila dauka. Hori bai, bakoitzak bere dohainak ditu. Herthak Alemaniako talde askok izan ohi duten dohainak ditu: talde langilea, indartsua eta serioa da. Zelaian egindako behar guztia eraginkorra izateko Vedad Ibisevic aurrelari bosniarra eta Mathew Leckie hegaleko australiarra ditu. Azkenak hiru gol sartu ditu Bundesligaren hasieran. Ate aurrean konfiantzaz dago, eta gertutik jarraitu beharreko futbolari izango da.

Herthak lau puntu eskuratu ditu lehen hiru partidetan. Lehen partida irabazi egin zuen, bigarrena galdu, eta hirugarrena berdindu. Athleticek, berriz, bi irabazi ditu, eta bat berdindu. Ondo hasi izanak konfiantza eman die jokalariei. Hala ere, zuri-gorrien jokoa eztabaidarako gai da berriz ere. Ez da joko osoa izan. Defentsan ondo ari da, baina erasoan zuloak aurkitzeko zailtasunak ditu. Sormen arazoekin jarraitzen du. Oraingoz, Jose Angel Ziganda Kuko-k ez du gabezia hori konpontzeko bidea aurkitu. Baina probak egiten ari da. Gaur, besteak beste, Beñati emango dio atseden. Egungo Athleticen hura da baloia oinetan duenean gauzak argi ikusten dituen apurrenetako bat. Baina ez du denboraldia ondo hasi. Ez da taldea antolatzeko orduan nabarmentzen ari. Hortaz, beste formula bat erabiliko du entrenatzaileak. Vesgak izan dezake ardura hori gaur. Defentsan, Etxeita erdira itzuliko da, eta ez litzateke harrigarria izango Boveda eskuinetik aritzea. Aurrean, berriz, Susaetak atseden eman diezaioke hiruko lerroan aritzen diren futbolarietakoren bati.

Zigandak partida estua espero du: «Bi taldeak sendoak eta batuak gara. Maila antzekoa daukagu. Ez dut uste oso partida irekia izango denik. Taldeak argi du irabazteko zer egin behar duen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna