Kolore zuri-gorria du

Athleticek eta Realak gaur jokatuko dute Espainiako Kopako final-laurdenetako itzuliko partida, Lezaman. Bilbotarrek aldeko dute kanporaketa, 1-2 irabazi baitzuten joanekoan Zubietan

Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herriko talde batek Espainiako Kopako finalerdiak jokatuko ditu datorren asteburuan Reusen (Herrialde Katalanak). Zein izango den falta da bakarrik argitzeko: Reala edo Athletic. Eta hori gaur bertan geratuko da zehaztua, bi talde horiek final-laurdenetako itzulikoa jokatuko baitute Lezaman. Irabazleak Levante edo Bartzelona izango du aurkari finalerdietan. Joanekoan, 1-0 nagusitu da Bartzelona.

Gaur-gaurkoz, talde zuri-gorriak dauzka gertuen finalerdiak. Irabazi egin zuen joanekoa, joan den larunbatean, Zubietan: 1-2. Beraz, nahikoa du etxean berdintzea sailkatzeko. Galduta ere sailka daiteke, emaitzaren arabera. Talde txuri-urdinak, berriz, kosta ahala kosta irabazi behar du. Garaipena lortu ez ezik, gutxienez bi gol sartu behar ditu. Hori egin ezean, lehiaketatik at geratuko da.

Athleticek aldeko du kanporaketa. Joaneko emaitza ona izateaz gain, etxean jokatuko du, eta, inon talde sendoa baldin bada, hori Lezaman da. Sasoi honetan, hamabost norgehiagoka jokatu ditu bertan, eta 11 irabazi ditu, bat berdindu, eta hiru galdu. Erreskadan irabazi ditu azken laurak, eta ez diote golik sartu. Hori gutxi ez, eta neurria hartua dio Realari. Izan ere, zuri-gorriek eta txuri-urdinek 28 aldiz jokatu dute elkarren aurka Espainiako Ligan: hemeretzi aldiz irabazi du Athleticek, zazpi aldiz berdindu dute, eta bitan besterik ez da nagusitu Reala. Iaz —2-0 Zubietan— eta duela zortzi urte —1-2 Lezaman— izan ziren bi porrot horiek. Denboraldi honetan, adibidez, jokatutako hiru partidatan nagusitu da Joseba Agirrek entrenatutako taldea: Ligan, 2-1 eta 1-4; eta Kopan, 1-2.

Hala ere, zuhur da Agirre partida bezperan. «Aukera ona izan genuen emaitza hobea lortzeko, baina bizitza eman genien, eta kanporaketan sartu dira bete-betean. Sufritu egingo dugu, eta ziur naiz lanak emango dizkigutela. Irabazten saiatuko gara; ez dakigu jokatzen emaitzaren mende. Baloia izan behar dugu, baloia izanda hobeto defenditzen eta erasotzen baitugu».

Estatistikak hankaz gora jartzen saiatuko da Reala, eta horretarako helduleku ona izan daiteke joanekoaren bigarren zatian eginiko lan ona. Kontrako emaitzari —0-2 zen galtzen—eta Sandra Ramajo kapitainaren lesio larriari aurre egin, eta nagusi izan zen talde txuri-urdina. Horri esker, estu hartu zuen Athletic, eta gol bat sartu. Gol horrek, hain zuzen, ematen dio itxaropena.

Zail dute sailkatzea, baina Gonzalo Arkonadak oso argi utzi du ez dutela inondik inora kanporaketa galdutzat ematen. «Zaila da, baina saiatuko gara, noski. Argi dugu egitekoa: ondo lehiatu, Athletici lanak eman, irabazten saiatu, eta, hortik aurrera, eta partida nola doanaren arabera, egoera kudeatu. Aurretik jartzen badira, oso zaila litzateke kanporaketa, baina, aurretik jarriko bagina, beldurra sar geniezaieke. Ez gaude sasoi betean, baina bai konfiantzaz. Gainera, gero eta hobeto ari gara Athleticen aurka».

ATHLETIC-REALA

Athletic. Mariasun; Iraia, Bea Beltran, Gastearena, Mendoza; Eizagirre, Itxaso, Baños, Chini; Nahikari eta Manu Lareo.

Reala. Ainhoa; Moraza, Gimbert, Murua, Eunate; Damaris, Maite Oroz, Diaz Zirauki, Nekane; Erika eta Lucia.

Epailea. Sanchez Miguel.

Lekua. Lezama (2.500 ikusle).

Ordua. 19:00etan (ETB4).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.