Artiumen zuzendaritza utziko du Castillejok

Urriaren 21ean utziko du postua, karguan hamar urte beteko dituen egunean. Arrazoi pertsonalak argudiatu ditu: «Pisu handia kenduko dut gainetik». Museoko artatzaile kargura itzuliko da

aitor biain
Gasteiz
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
«Aldi baterako kontratatzen zaituztenean, behin denbora hori igarota, alde egin eta beste batzuei lekua utzi behar zaie». 2009ko urriaren 21ean hartu zuen Daniel Castillejok (Burgos, Espainia, 1957) Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoaren zuzendari kargua. Haren aurretik izan zen Javier Gonzalez de Duranaren lekukoa hartu zuen orduan. Postuan hamar urte beteko ditu, beraz, datorren urriaren 21ean. Egun horretan, ordea, zuzendari izateari utziko diola jakinarazi du Castillejok, eta museoko bildumaren artatzaile postura itzuliko dela.

Astelehenean eman zion erabakiaren berri museoko patronatuari, eskutitz bidez, eta atzo adierazi zion Artium fundazioaren batzorde exekutiboari, goizean izandako bilera batean. Eguerdian, berriz, museoan bertan egindako prentsa agerraldi batean eman zuen dimisioaren albistea. Orain, zuzendari berria hautatzeko jardunbidea abiatuko du batzordeak datozen hilabeteetan.

Castillejok nabarmendu zuen arrazoi pertsonalek eraman dutela kargua uzteko erabakia hartzera, eta ez duela jasan «inolako presiorik». Areago, azpimarratu zuen museoko langileen eta erakundeen babesa duela. Hain zuzen, zenbait ordezkarik karguan jarraitzeko eskatu diotela adierazi zuen, Igone Martinez de Luna batzordeko lehendakaria tartean. Hautua behin betikoa dela berretsi zuen hark, ordea: «Aurreko udatik daramat pentsatzen; erabakia irmoa da».

Erabaki hori hartzeko beste arrazoi «nagusietako bat» kultur erakundeen zuzendari postuen denborak «mugatu beharra» dela azaldu zuen Castillejok. Hori baita, haren irudiko, kudeaketa modurik «egokiena». Izan ere, bost urterako hautatu zuten bera Artiumeko zuzendari, eta beste bost urtez luzatu zioten kontratua 2013an. Karguan segitzeko denbora mugagabea ezarri zioten orduan. «Nik, ordea, nahiago izan dut hasierako kontratu hura aintzat hartu. Hark bost urterako izendatu ninduen zuzendari, beste bost urterako luzatzeko aukerarekin. Karguan hamar urte eginda, lekua utzi behar zaie berriei».

Krisiaren ondorioak

Zuzendari gisa emandako hamar urte hauetan krisi ekonomikoaren ondorioz izandako zailtasunak ere jarri zituen Castillejok kargua uzteko arrazoien artean. «Krisi ekonomikoa oso-osorik irentsi dugu: a-tik z-ra», adierazi zuen. Erakunde publikoek jarri zioten «sabai ekonomikoak» museoaren etorkizuna zalantzan jar ez zezan egin beharreko esfortzuari oraindik buelta eman ezinik dagoela aitortu zuen museoko zuzendari denak. Egun museoa «egonkor» dagoela azpimarratu arren, adierazi zuen hor daudela krisiaren «arrastoak»: «Gihar ekonomikoa galdu dugu 2009az geroztik; %31, zehatz esateko. Baina gihar ekonomikoaz gain, pertsonala ere galdu dugu, eta oraindik horri buelta eman nahian gabiltza».

Krisiari aurre egin nahi horrek modu pertsonalean eragin diola nabarmendu zuen: «Ez da batere osasungarria izan. Une gogorrak izan ziren, zalantzarik gabe». Proiektu asko bide bazterrean utzi behar izan zituztela eta,«une gazi-gozoak» izan dituela nabarmendu zuen Castillejok, eta «nekatuta» utziko duela kargua: «Pisu handia kenduko dut gainetik». Bada, zuzendaritza uzteko erabakian, egonkortasun ekonomikoari eusteko egindako ahaleginak «erabakigarriak» izan direla jakinarazi zuen.

Langileei «beti alboan» egon izana eskertu zien zuzendariak. «Aurrekontu falta lan eskergarekin ordezkatu dute, eta hori ez da bidezkoa. Pertsona askok lanean jarri duen pasioari esker gaude egun egoera honetan. Duintasuna beti izan dugu aurrean». Hala ere, «autokritika» egin, eta barkamena eskatu zien «huts egindako proiektu ororengatik». «Bai, huts egin dugu proiektu askotan; ez daukat esateko arazorik». Artistei ere barkamena eskatu zien Castillejok, «inoiz karguak eskatu duen neurrian» egon ez bada.

Nolanahi ere, hura karguan izan den tartean arrakasta handiko erakusketak antolatu dira museoan. Horren adibide dira, esaterako, Punk. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak, Ikonokrazia. Kubako argazkigintza garaikidea eta Indarkeria isila, besteak beste. Nabarmentzekoa da, halaber, zailtasunak zailtasun museoaren bilduma propioa osatzeko egindako ahalegina: egun, 3.100 piezak baino gehiagok osatzen dute bilduma.

«Datorrena datorrela» museoaren alde «lanean» jarraituko duela azpimarratu zuen Castillejok. «Kulturan eta artean militante izan naiz beti, eta hala jarraituko dut. Inork ez dezala pentsa erretiratu egingo naizenik; kulturaren beharraz ohartarazten jarraituko dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.