Bera Berak izena eman du Txapeldunen Ligan

Donostiako taldeak atarikoa jokatuko du, irailaren 7 eta 9 artean. Ekainaren 27an jakingo du zein aurkari izango dituen. Irabaziz gero, ligaxkarako sailkatuko da, eta, bestela, EHF kopan ariko da

ainara arratibel gascon
Donostia
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Atzo amaitzen zitzaion Bera Berari Txapeldunen Ligan parte hartzeko izena emateko epea, eta baietz erantzun du. EHFri 15.000 euroko bermea ordaindu dio, eta Espainiako Eskubaloi Federazioari dagokion dokumentazioa igorri dio. Beraz, atarikoa jokatuko du Imanol Alvarezen taldeak «Argi dugu ligaxkara sailkatzeko aukerak txikiak direla. Baina oso pozik gaude, kantxan irabazi genuena posible egiteko aukera dugulako. Kirol aldetik gauza handia da Txapeldunen Ligako atariko bat jokatzea, eta hazten eta ikasten segitzeko aukera aparta», esan du Tati Garmendiak, Bera Berako kirol zuzendariak.

Aurreko astean Tati Garmendiak berak adierazi zuen %80ko aukera zutela Txapeldunen Ligan izena emateko, eta 90.000 eta 100.000 euro artean beharko zituztela parte hartzeko. «Alde horretatik, 2016an baino lasaiago egon gara. Aldundiak esana zigun lagundu egingo zigula. Baina dena lotu arte ez zaude lasai. Aurreko aldian zalantzak handiagoak ziren. Gainera, ez genuen babeslerik».

Ekainaren 26an jakinaraziko du EHFk atariko kanporaketa horiek jokatuko dituzten taldeen behin betiko zerrenda, eta hurrengo egunean egingo dute zozketa. Bera Berak bi partida irabazi beharko ditu ligaxka jokatzeko. Atarikoa irailaren 7 eta 9 artean jokatuko da, eta ligaxkarako leku bakarra egongo da jokoan.

Sailkatu ezean, Europan lehiatzen segituko du Bera Berak: EHF kopan, hain zuzen ere. Txapeldunen Ligako atarikoak baldintzatu egingo du neurri batean parte hartze hori. Atariko horretan partida bat irabaziz gero, azaroan hasiko litzateke lehiatzen, eta kanporaketa batera izango luke EHFko ligaxka. Partidarik irabaziko ez balu, ordea, urrian ekingo lioke, eta bi kanporaketa irabazi beharko lituzke ligaxkan egoteko.

2016an Bera Berak ezin izan zuen Txapeldunen Ligako atarikoa gainditu. 25-21 galdu zuen Austriako txapeldunaren kontra: Hypo. Ondoren, EHF kopan, Brestek kanporatu zuen, ligaxka atarian. «Orain, guretzat errealena da EHF kopako azaroko kanporaketa jokatzea. Aurreikuspen ekonomikoak horren arabera egin ditugu. Txapeldunen Ligan edo EHF kopan ligaxkara iritsiz gero, ziurrenik laguntza gehiago beharko genuke».

Berezia izan zen Bera Berarentzat 2016ko Txapeldunen Ligako atariko hura. Batetik, Donostian jokatu zen. Horrelakorik ez da gertatutako orain. «Oraingo honetan aukera hori baztertu egin dugu. Ez zen batera erraza izan antolatzea. Donostiako hotelak gainezka daude sasoi horretan, eta, gainera, bat egiten du Kontxako banderarekin. Beste kontu bat izango da inork antolatu nahi ez izatea eta, aurrekoan bezala, EHFk guri eskatzea egiteko». Bestetik, Bera Berak Realaren laguntza ekonomikoa jaso zuen orduan, eta elastiko txuri-urdinarekin jokatu zituen atariko partidak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.