Gauza txikiak, une latzenetan

Eguneroko bizitzako gauza txikiez, familiaz eta bizipen intimoez jardun zuen Natalia Ginzburgek, historia letra larriz idazten zen garaian. Gaur bete dira ehun urte hura jaio zela.

Ander Perez Argote
2016ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Natalia Levi izena zuen jaiotzez, Siciliako Palermon, udako egun batez, baina lehen senarraren abizenez da oraindik ere ezaguna Natalia Ginzburg (1916-1991), ehun urte geroago. Urte gutxi batzuk iraun zuen elkarren harremanak, Gestapok 1944an Leone Ginzburg atxilotu eta heriotzaraino torturatu zuen arte, baina betirako geratu zitzaion iltzatua militante antifaxista haren abizena. Eta metafora gisara ere balia liteke, abizenetan bezala, bere garaiko gizonen itzal eta boterearen pean bizi izan baitzen, luzaroan, Natalia Ginzburg.

Triesteko judu intelektualen sendi batekoa zuen aita, Giussepe Levi, eta erlijioz katolikoa ama, Lidia Tanzi, baina hezkuntza laikoa izan zuen Natalia Ginzburgek. Ez zuen judaismorik praktikatu, ezta Leone Ginzburgekin—hura ere judua— ezkondu zenean ere, baina, halere, erlijioak markatu zien bizia eta patua, faxismoak boterea hartu zuenean. Gerora, haren saiakeretako batean, halaxe aitortu zuen idazleak: «Nire identitate judua juduak jazarriak izan ziren egunean bakarrik bihurtu zen garrantzitsu». Senarrarekin batera, eta italiar judu gehientsuenak bezalaxe, Abruzzo eskualdean konfinatu zuten Bigarren Mundu Gerra bitartean. Han zelarik idatzi zuen bere lehen eleberria, Hirira doan bidea (Pello Lizarraldek Igela argitaletxerako itzulia), Alessandra Tornimparte goitizena baliatuz.

Turingo Einaudi argitaletxean ikusi zuen argia bere lehen nobela hark. Eta ez zen kasualitate hutsa izan: Leone Ginzburgek eta GiulioEinaudik sortu zuten etxea, artean bi gazte baino ez zirelarik, 1933an. Hasiera ekonomiko latzaren ostean, bere jarrera indartuz joan zen argitaletxea, eta1937tik aurrera kaleratutako bildumek ospea eman zioten orduko irakurleen artean. Natalia Ginzburgek zioenez, «urte horietako Italiako bizitza mortu eta geldian, liburu horien agerpena gertakari izugarria izan zen».

Fama irabazi, handitu eta Erroman zein Milanen egoitza berriak irekitzen zituen bitartean, orduko intelektual ezkertiarren topaleku ere bihurtu zen Einaudi argitaletxea. Cesare Pavese gerra garaian hasi zen han lanean, Turingo bulegoan, bonbak kristalaren bestaldean zartatzen ziren bitartean, eta han jardun zuen 1950eko udan bere buruaz beste egin arte. Haren ekinbidez, besteak beste, Faulknerren, Hemingwayen, Dos Passosen, Melvilleren, Whitmanen eta Joyceren lanak itzuli eta argitaratu zituen Einaudik. Italo Calvinok argitaletxe horretan kaleratu zuen bere lehen lana, Il sentiero dei nidi di ragno, eta hark bultzatuta itzuli zituzten ondoren Latinoamerikako sona handieneko autoreak: Borges eta Cortazar, kasurako. Eta Einaudiko bulegoetatik pasatu ziren, tarteka, Alberto Moravia, Giorgio Bassani, Primo Levi, eta puntako hainbat idazle ere.

Giro hartan hartu zuen parte, zeharka hasieran eta zuzenean gero —argitaletxeko erredaktore izan zen gerraren ostean—, Natalia Ginzburgek ere. Giro hartako kideen artean onartua izan zen, eta kritikak zein publikoak begi onez hartu zuten haren lana, baina, halere, sakonean, gutxitua eta bigarren mailako garrantzira kondenatua izan zen. Batik bat, eguneroko bizitzaren gauza txikiez, detaileez, familia giroaz eta bizipen intimoez idatzi zuen, garai hartako elite intelektualeko idazleek lantzen zituzten gai transzendental eta pisu handiko diskurtsoetatik urrun. Gauza txikiez jardun zuen, tragediaz eta gertakari handiz beteriko uneetan. Eta horrek, neurri batean, gutxitua izatera eraman zuen. Gaur, ordea, eta denboraren perspektiba dela medio, haren lanaren balioa aitortua da, eta XX. mendeko italiar autoreen artean lehen lerroko tokia du Ginzburgek.

Familiaren mikrokosmosa

Familiako giro intimoa ezin hobeto azaldu zuen bere bi lan ezagunenetan: Tutti i nostri ieri (Gure atzo guztiak, 1952) eta Gure etxeko kontuak (1963, Fernando Reyk itzulia Igelarako). Etxeko giroaren, oroitzapenen eta familia harremanen bitartez, Italiako orduko gizartea islatu zuten Ginzburgek. Gure etxeko kontuak lanarekin, Strega saria eskuratu zuen, Italiako literatur sarietan gorena.

Modu nabarmenean jardun ez bazen ere, sekula ez zuen alboratu konpromiso politikoa, eta,1983an, Alderdi Komunistaren eskaintza onartuta, diputatu izendatu zuten Italiako Parlamentuan. Handik zortzi urtera hil zen, 75 urte zituela, minbizi batenondorioz. Hamar eleberri, lau antzezlan eta hainbat saiakera lan utzi zituen. Gauza txikiz betetako liburu handiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.