Egunerokotasunaren lekuko den poesia

Iñaki Irazuk bere lehen poema liburua eman du argitara, 'Errukiaren saria' izenburupean. Hurbileko gertakarien «kronikak» ondu ditu
GORKA RUBIO / @FOKU

Ainhoa Sarasola -

2018ko apirilak 18
«Zaldi bidetan/ bakarrik noa,/ lokatz nabarra/ zapatetan./ Itsasoaren/ labarren ertzean,/ zurrumurrua arroan gora./ (...)». Zaldi bidetan poemaren hasiera da hori. Bertan, oinez kostaldeko bide batetik egindako ibilaldia kontatzen du Iñaki Irazuk. Beste poema batean, herrira itzultzean autobusean emakume batekin izandako elkarrizketa. Herriko jaietako zaldi proba bat beste batean. Muga zeharkatu nahian dabilen portugaldar baten istorioa beste batean. Eta polizia etxe batean gertatutakoak beste batean. Eguneroko hurbileko pasadizoak poesiaz jantzirik kontatzen ditu Irazuk, eta eguneroko horren lekuko gisa jardunez osatu ditu Errukiaren saria poesia liburuko aleak. Ñabardura batetik abiatuta sortu ditu istorioak, narrazioak; «kronika poetizatuak», azken batean. Idazten urteak daramatzan arren, argitaratu duen lehen liburua du Irazuk; Ereinekin plazaratu du.

Azalean ez, baina barrualdean, idazleak azpititulua gehitu dio liburuaren izenburuari: Eta beste kronika batzuk. Kronikarena oso gustuko erregistroa duela azaldu du, «ez bakarrik poetikan, baita kazetaritzan eta beste zenbait alorretan ere». Istorio bat kontatzen du berak poema bakoitzean, hain zuzen, kronikak baitira bere poemak, idazlearen beraren hitzetan: «Narrazio hauetan, nire lehen interesa izan da gauzak kontatzea; ez hainbeste sentimendu batzuk agertzea edo munduaren mirariaren ospakizuna, baizik eta gauzak esatea, narrazio bat osatzea». Asmo horren mende dago baliatu duen hiztegia ere. «Testu hauetan, nire kezka zen ea entenditzen den istorioa, testua samur doan... distira ez zait interesatu».

Istorioak nondik sortzen zaizkion azaltzeko, Pio Barojari buruz Azorinek esandako zerbait ekarri du gogora Irazuk. Pio Baroja gauzetatik gertu bizi zela eta zegoela esan ei zuen Azorinek, eta hortik jaiotzen zirela haren hitzak. «Alde horretatik esan behar dut kronika hauek ezaugarri hori ere badutela. Hemen kontatzen diren istorioak jaiotzen dira gauzetatik hurbil, pertsonaia hauetatik hurbil; edo, bestela esanda, lekuko izate batetik, agertzen direnekiko harreman zuzen batetik». Ingurune hurbilean sortzen zaizkio, hortaz, poemetan hizpide dituenak. Izan ere, Irazuren esanetan, «paisaia bat eraikitzea da literatura», eta liburuan sortu duen paisaiaren «elementuak» dira bildu dituen gertakari eta pertsonaiak. Ale asko «kolore ilun samarrekoak» iruditzen zaizkio, «tonuan kutsu dramatikokoak agian».

Edonola, askotarikoak dira hizpideak. Inazio Mujika editorearen hitzetan, «gai sozialak dira poemetako asko, politikoak ere badira tarteka —36ko gerra, tortura, frankismoa...—, baina beti gizona edo emakumea agertzen dira giro horietan, beren bizitza, azken batean». Idazlearen tonu «apala» nabarmendu du editoreak, Irazuren poesian gehien estimatzen duena horixe dela azalduta: «Harrokeriarik gabeko tonua da, sentsibilitate handikoa, hitz arranditsurik gabe hunkitzen duena».

Irazuk 50 poema baino gehiago jaso ditu liburuan, eta hiru ataletan banatu ditu: Errukiaren saria lehen zatiak biltzen ditu gehien; Kaja bakarra izenekoan, sei pieza daude; eta Zubiondoko gaztainatze atalean gainerakoak. Hasieran, baina, ez zekiela poemak nola ordenatu azaldu du. «Niretzat, eskribitzea da norbere bizi esperientzia ordenatzeko modu bat. Testuak banituen, baina ez nekien zeren arau ordenatu. Eta, azkenean, oso bakean geratu naiz: sukaldeka ordenatu ditut». Bere bizitzan zenbat sukalde zeuden zenbatzen hasi zen idazlea, «geografia emozionalaren zilborrak» edo «memoriaren zuloak» sukaldeen sinonimotzat hartuta. Hala, liburuan jasotako poemak bigarren eta hirugarren sukaldeei dagozkienak direla azaldu du, hots, gaztaroan Andoainen (Gipuzkoa) bizi zen garaiko nahiz gerora Bilbora bizitzera joan zeneko istorioei erreferentzia egiten dietenak.

Muguruzarekin elkarlana

«Esperientzia oso ona» izan da liburua plazaratzea Irazurentzat. «Jabetu naiz gauzak beti harreman baten ondorio direla». Mujikaren bultzadarik gabe liburuak ez zuela argia ikusiko uste du. «Ez da ideia abstraktu bat. Liburuko zenbait poema sortuak izan dira Inaziok [Mujika] onartu zuelako publikatzea. Poema horiek nire barruan zeuden, gogoa ere bazegoen, baina atera badira, bultzada horri esker izan da». Jabier Muguruza musikariari beste horrenbeste zor diola uste du. Irazuren poema ugari musikatu ditu Muguruzak urteotan. «Espektatiba bat sortzen zidan diskoz disko. Hein berean esan daiteke testu asko ez zirela egongo haren eskabide edo estima hori gabe».

Muguruzak, aurkezpenera ezin gerturatuta, ohar bidez adierazi du bere poza liburuak argia ikusi izanagatik. Baita Irazurekiko esker ona ere. Azken 27 urteotan haren 35 poema musikatu dituela ekarri du gogora. «Erraz esaten da. Kantagintza modernoan kasu gutxi izango dira, bi egileren arteko kolaborazioak hain emaitza oparoa eman dutenak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna