Bi mokadu berri

Giorgio Bassaniren 'Finzi-Continitarren lorategia' eta Laurence Sterneren 'Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar' liburuak berreskuratu ditu Urrezko Biblioteka bildumak euskal irakurleentzat

Sterneren (1713-1768) eta Bassaniren (1916-2010) lanik garrantzitsuenak dira Elkarrek berrargitaratutakoak. BERRIA.
Ander Perez Argote
2016ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Dagoeneko eskuraezinak diren Literatura Unibertsaleko liburuak berrargitaratzeko egitasmo gisa jaio zen Urrezko Biblioteka, 2010ean, EIZIEk bultzatuta, eta Eusko Jaurlaritzako Kultur sailarekin lankidetzan. Berriki, lan horietako bi jarri dizkio eskuragai bildumak euskal irakurleari, Elkar argitaletxearen bitartez. Literatura unibertsalaren bi klasiko dira kaleratutakoak: Giorgio Bassaniren Finzi-Continitarren lorategia, Koldo Bigurik itzulia, eta Laurence Sterneren Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar, Josu Bambonesek euskarara ekarria.

Bambonesek «beti bidaide» izan du Sterneren liburua, irlandarra «oso gustuko idazlea» duelako, eta, hortaz, nobela itzuli zuenetik ia hogei urtera, ez du «ahalegin berezirik» egin behar izan obrara itzultzeko. Are, dioenez, «poza» hartu zuen liburua berrargitaratuko zutela jakinarazi ziotenean, «ostera ere liburuko detailerik txikienak eta ezkutuenak ferekatzeko aukera» izango zuelako.

Mr Yorick apaizak —Sterne beraren alter ego-ak— Frantzian eta Italian barrena egindako bidaia du hizpide nobelak. Narratzaileak, ordea, ez dio arreta berezirik jartzen ibilbidean zehar ikusten dituen monumentuei, eta, horren ordez, ikuspegi subjektiboa gailentzen da, sentimenduei bide irekiz, pertsonen enkontruek sortzen dituzten emozioak narratuz, eta tonu ironikoari tartea zabalduz. 1768an publikatu zen aurrenekoz Sterneren liburua, eta,arrakasta handia bereganatzeaz gain, goitik behera aztoratu zuen ordura arteko bidaien literatura. Hain zuzen ere, estilo hura euskarara ekartzea izan zen Bambonesen erronka nagusia, obra lehen aldiz itzuli zuenean: «Estiloa itzultzea beti konplikatua da, bereziki norberaren estiloa eta euskararen ohiko estiloa bat ez badatoz jatorrizko obrarenarekin. Gogoeta filosofikoak agertzen diren kapituluetan, esaterako, mendeko perpausek pisu handia hartzen dute. Euskaraz ere estilo horri eusten saiatu naiz, gogoeta filosofikoek eskatzen duten estiloa delako. Erraztuz gero, gogoetak ere sinplifikatzeko arriskua egon zitekeen». Gainerakoan, bidaiariak hainbat pertsonaiarekin izaten dituen elkarrizketetan «erosoago» moldatu zen Bambones, «oso ahozko» elkarrizketak direlako.

Oraingoan, moldaketa txiki batzuk egin dituzte argitalpen berrirako, batez ere puntuazioarekin zerikusia dutenak, eta, zehazki, marren erabilerarekin. Baina gainerakoan, «aldaketak ez dira oso sakonak» izan, Bambonesek dioenez. «Hainbat esaldi ulergaitz aldatu behar izan ditugu, eta berriz ere formulatu, irakurgarritasunaren izenean». Xabier Mendiguren Elkarreko editorea arduratu da itzulpena moldatzeaz, eta,itzultzaileak dioenez, prozesua «azkartu eta lagundu du» hark.

Orain, bide hori amaituta, Bambonesentzat, ingelesezko literaturaren «harribitxia» dena izango du berriz eskura euskal irakurleak. Bi ekarpen nagusi ikusten dizkio itzultzaileak Sterneren obrari. Batetik, «digresioz mukuru beterik dagoen kontakizuna asmatzea», gerora beste hainbat idazle handik imitatuko zutena. Bestetik, «nobelaren linealtasunarekin haustea», eta zehatzago, bidaien literaturako arau eta estiloa eraldatzea: «Katedrala beti izan zen eraikuntza zabalegia edozein bidaia liburutan, eta gizon-emakumeak, ostera, figura txiki batzuk haren aldean. Baina Sterne erabat gai izan zen katedrala alde guztiz saihesteko. Saten berdezko zorro bat daraman neska bat Notre-Dame baino askoz inportanteagoa da».

Italiar literaturaren perla

Giorgio Bassaniren Finzi-Continitarren lorategia XX. mendeko italiar literaturaren izenburu nagusien artean dago. 1997an itzuli zuen Koldo Bigurik, eta, orain, liburua berriro irakurrita, argi du «duela mende erdiko literatura italiarra itzultzeak lan handia ematen duela», dioenez, «oso testu landuak izaten direlako», eta «ideiak edo narrazioa sintaxi eta lexiko oso aberatseko esaldi konplexuek» osatzen dutelako. Itzultzailearen hitzetan, «euskaraz ez gaude ohituta —eta, ondorioz, tresna linguistikoak ere ez ditugu oso zorroztuak izaten— horrelako testu exijenteekin». Biguriren ustez, «patxadaz» irakurri beharreko lana da Bassanirena, «hizkuntza aberatsaz gozatuz eta kontatzen den istorioaren sakontasuna dastatuz». Horregatik, eta, badaezpada, ohartarazten du: «Ez da denbora gutxian axaleko literatura azkar irakurri nahi duenarentzako liburua».

Italiako Ferrara hiriko juduen komunitateko familia aberatsenak, Finzi-Continitarrek, liburuko protagonistarengan sortzen duen lilura da Bassaniren nobelaren abiapuntua. Mussoliniren garaia da, eta diktadoreak juduei debekatu die hiriko tenis elkartean aritzea. Finzi-Continitarrek, beraz, haien lorategira gonbidatuko dituzte komunitateko gainerako kideak, eta han izango du protagonistak familiako kideengana, eta, bereziki, Micol alabarengana hurbiltzeko beta, amodiorako aukerak ere irekiz; ezberdintasun sozialek, besteak beste, galaraziko egingo dute.

Xabier Mendigurenen esku utzi du Bigurik ere euskarazko itzulpenaren egokitzapena, eta badu horretarako arrazoirik: «Beti beldurra eman izan dit, argitaratu ondoren, nire itzulpen zaharrak irakurtzea, euskaraz oso azkar zahartzen direlako; ez bakarrik euskararekin dagoen arauketaren eta normalizazio beharren ondorioz, baina baita itzultzaile baten itzultzeko modua ere aldatzen delako denborarekin, eta duela hogei urte hartutako erabaki batzuk segur aski gaur egun ez genituzkeelako hartuko». Edonola, «gustura» irakurri du Mendigurenen egokitzapena, eta Elkarreko editoreak lana «oso ondo» bete duela uste du, «literaturazaleentzat liburu gozagarria» onduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.