Zoriontasunaren iragankortasuna

Irene Nemirovskyren 'Gaizki ulertua' argitaratu du Alberdaniak, Joxe Antonio Sarasolak itzulita. Idazlearen lehen eleberria da, eta Lapurdiko kostan du hasiera

Maider Galardi F. Agirre.
2018ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Irene Nemirovsky idazleak aski ongi jakin zuen zer den bizitzan makina bat aldiz zoriontasunaren aparrean gora egin eta berehala jaustea. Ihesean eman zuen bere bizitza laburra. Goi mailako aristokraziak babestuta batzuetan, Parisko miseriak inguratuta besteetan. Literatura adituek diote idazle goiztiarra izan zela, baina haren ondarea ezkutuan egon da XXI. mende hasierara arte. Ordutik, aparrean gora egin du berriro Nemirovskyren obrak. Alberdaniak argitaratu berri du idazlearen lehen nobela: Gaizki ulertua.

Euskarara ekarrien artean berezienetakoa da, Joxe Antonio Sarasola eleberriaren itzultzailearen ustez: «Liburuak aparteko interesa du euskaldunontzat, kontakizunaren hasiera Hendaian eta Hondarribian gertatzen delako». Goi mailako Denise andrearen eta pobretutako Yves aberatsaren arteko maitasun istorioa islatzen da bertan. Hasierako pozak, ordea, gutxi iraungo dio bikoteari, Parisera heldu eta klase sozialen arteko ezberdintasuna jasanezina egingo zaielako; zoriontasunean ez baita betikotasunik.

Nemirovskyk bi mundu gerren arteko Europa irudikatu zuen hainbat liburutan. Bere eleberrietan, goi mailako gizartearen irudi gordina eta garaian garaiko giro nahasia jaso zituen, eta, askotan, bere bizitzaren isla ere igar daiteke idatzietan. Autoreak ordurako idazteko zuen gaitasuna nabarmendu du Sarasolak: «23 urteko emakume gazte batek idatzi zuen Gaizki ulertua, eta harrigarria da erakusten duen heldutasuna. Idazle goiztiarra izan zen, zalantzarik gabe».

Kieven (Ukraina) jaio zen Nemirovsky, 1903an, Errusiako Iraultzaren atarian. Aita bankari judua zuen, eta, iraultzaren ondorioz, Finlandiara ihes egin zuten, eta handik Frantziara. Luxuz betetako urteak ezagutu zituen. Familiak Lapurdiko kostan pasatzen zituen udak; gurasoek, etxe dotoreetan, eta Nemirovskyk, zaintzailearen etxe xumean. Hala ikasi omen zuen euskara, eta hala ikasi zuen zein erraza den aparrean gora egin eta gero beheraino jaustea.

«Gaizki ulertua-n, esaterako, agerikoa da Yves gizonezko protagonistaren eta autorearen arteko paralelismo hori», adierazi du Sarasolak. Liburuko protagonistak, haurra zenean, Hendaian (Lapurdi) pasatzen zituen oporrak, Nemirovskyren antzera. Denise ezagutzen duenerako, ordea, pobretuta dago Yves: «Behartsu bihurtu da gerran dena galdu duelako, idazlearen antzera. Gaztetan aberatsa izan zen, baina azken urteak ihesean eman zituen, judu izateagatik», azaldu du itzultzaileak.

Hain justu, urte lasaiak egin zituen idazleak Lapurdiko kostan, eta arrakasta lortu zuen zenbait argitalpenekin. Besteak beste, ordukoak dira David Golder eta Dantzaldia nobelak. Naziak Frantziara sartu zirenean, ordea, argitaletxeek haren lanak jasotzeari utzi zioten; 1942an atxilotu zuten. Auschwitzen (Polonia) hil zen handik hilabete gutxira, tifusak jota.

Euskal Herria babesgune

Bizitza gorabeheratsua izan zuen idazleak, eta sarri itzuli zen Lapurdiko kostara, lasaitasun bila. Haren egunerokoak jasotzen du une zoriontsuak ere bizi izan zituela bertan. Garai hartako luxuzko giroa, gainera, ederki islatuta utzi du Nemirovskyk zenbait eleberritan. Horregatik, idazle «kutuna» da, Alberdaniako editore Jorge Gimenezen arabera: «Nabarmena da idazleak lotura estua izan zuela Euskal Herriarekin, eta Alberdanian haren obra zabala jasotzea da asmoa». Gaizki ulertua ez da argitaletxeak plazaratu duen bakarra. Sarasolak lehenago itzuli ditu haren beste lan batzuk ere, hala nola Suite frantsesa —Mikel Garmendiarekin—, Odolaren sua eta Birjinak ipuin bilduma.

Gaizki ulertua, ordea, berezia da Gimenezen ustez, agerian gelditzen baita idazleak Euskal Herriarekin izandako lotura. Sarasolak ere nabarmendu du eleberriak zein ongi islatzen duen garai hartako testuingurua: «Esaterako, Denise eta Yves protagonistak Hondarribiko alardea ikustera joaten direnean, desfilearen deskribapen luze eta osatua egiten du Nemirovskyk, ingurua ongi ezagutzen zuen seinale». Idazleak euskara ikasi zuen, Hendaian edukitako zaintzaile bati esker: «Zenbateraino ikasi zuen ez dakigu, baina jasota dago euskararen ezagupena bazuela», dio Gimenezek.

Nemirovskyk ihesean eta miserian egin zituen azken urteak, eta XX. mendean ahaztuta gelditu zen haren lana. Milurteko berriaren hasieran, ordea, haren alabek gordeak zituzten zirriborroak argitaratu, eta idazlearen lanak aparretan gora egin zuen berriro. Suite frantsesa 30 hizkuntzatara itzuli zuten urte gutxian. Alberdaniak ere liburuak euskaratzeko apustua egin zuen, eta argitaletxeko idazle nabarmenetako bat bilakatu da. Horregatik, hiru urtez helduentzako eleberririk argitaratu gabe egon ostean, Gaizki ulertua hautatu dute, etxea «biziberritzeko» aurrerapen gisa.

Alberdaniak, mende laurden

Hiru urteotan isilik egon da argitaletxea, baina, urte berriarekin bat, hainbat proiekturi heltzeko prest dira sustatzaileak. Mende laurden beteko du etxeak maiatzean, eta «birplazaratzeko» aukera aproposa dela uste du Gimenezek. «Ez gara inoiz desagertu, baina egia da azken urteotan ekoizpen txikia izan dugula. Aurtengoa, ordea, berezia izango da guretzat», ohartarazi du.

Egitarau oparoa antolatzeko lanetan ari dira, eta argitalpen zaharrak plazaratu eta berriak ekoiztea dute asmo. «Atzera begiratu eta aurrera egiteko indarrak bilduko ditugu aurten», adierazi du Gimenezek.

Urte berezirako aurrerapen gisa argitaratu dute Nemirovskyren lana, «eleberri esanguratsua eta idazle maitatua» direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.