Joycetarrak Bilbon

James Joyce idazleari eskainitako bi eguneko kongresua hasiko dute gaur Bilbon. Nazioarteko hainbat adituk hartuko dute parte, eta sortzaileak Euskal Herrian izan duen eragina ere aztertuko dute

Inigo Astiz
Bilbo
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
«Jende askok esaten du James Joyce irakurri duela, bainagehienetan ez da egia izaten: ukitu intelektual bat ematen duelako esaten dute hori, baina, benetan, oso urria da Ulises leitu duen irakurle kopurua. Izan ere, ez da hala edo hola irakurtzekoa; mami handia dauka, eta ikerketarako liburua da, baina behin Joyce aztertzen hasiz gero, oso erraza izaten da harrapatuta gelditzea». Misterio baten pare azaldu du James Joyce idazle irlandarraren erakarmen ahalmena Olga Fernandez Vicentek (Basauri, Bizkaia, 1969). Hari buruz egin zuen doktore tesia, urteak daramatza haren lanak ikertzen, eta bera dabil egunotan Bilbon eskainiko zaion bi eguneko kongresua antolatzen ere. Nazioarteko hamaika aditu bilduko dituzte jardunaldiek Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaia aretoan gaur eta bihar, eta sortzaileak Euskal Herrian izan duen eragina ere aztertuko dute, besteak beste.

Bi hamarkada pasa daramatza Espainiako James Joyce Elkarteak idazleari buruzko jardunaldiak antolatzen, eta urtero aldatu ohi dute bilkuraren egoitza. Sevillan (Espainia) eta Galizian egin dituzte gehienak, baina Euskal Herrian ere izan ziren duela hamar urte inguru, eta bigarrenez etorri dira Bilbora aurten. Fernandez Vicentek azaldu duenez, orain funtsezkoa izan da Jon Kortazar literatur katedradunak gidatutako Euskal Herriko Unibertsitateko Laida ikerketa taldearen bultzada. «Gero eta zailago dago literaturari buruzko kongresuak antolatzea», onartu du antolatzaileak.

Joyceren lana sakon ezagutzen duten nazioarteko hainbat aditu bilduko ditu kongresuak. Bertan izango da Fritz Senn Zuricheko James Joyce Fundazioko zuzendaria, adibidez. Urteak daramatza idazlearen lana ikertzen, eta, Fernandez Vicenteren hitzetan, gaur egun hura da Joyceren obrari buruz munduan gehien dakiten pertsonetariko bat. 90 urte ditu, eta hitzaldiak eskaintzen jarraitzen du oraindik ere. Bazkalostean egingo du bere hitzaldia, gaur. Harekin batera, programaren parte izango dira, besteak beste, Anne Fogarty Dublingo Unibertsitateko irakasle eta Joyceren literaturaren aditua, eta Francisco Garcia Tortosa Sevillako Unibertsitateko irakasle eta Ulises-en gaztelerako lehen bertsioaren egilea ere.

Nabarmentzekoa da jardunaldiek izango duten euskal ukitua. Izan ere, badu oihartzunik euskal letretan irlandarrak. Bazeuden ipuin solte batzuk itzulita lehenago ere, baina 1992an Artistaren gaztetako portreta liburua euskaratu zuen Irene Aldasorok, eta 1999. urtean, Dublindarrak. Azkenik, duela bi urte ekarri zuen euskarara aurrenekoz Ulises monumentala Xabier Olarra itzultzaile eta Igela argitaletxeko kideak. Eta irlandarrak Euskal Herrian izandako oihartzuna ere aztertuko dute Bilbon egingo diren jardunaldietan.

Luis Garde idazleak Narratzaile hasi zen poeta hitzaldia eskainiko du, esate baterako, ostiral goizean. Eta lehen eleberria Bilbon kokatu zuen Kate O'Brien idazlearengan Joycek izan zuen eragina landuko du Aintzane Legarreta Mentxakak. Bilbon jaioa da Legarreta Mentxaka, baina urteak daramatza Irlandan bizitzen, eta American College Dublin unibertsitatean eta Irish Museum of Modern Art museoan aritzen da egun lanean.

Atxagaren Joyce

Eta bada gehiago ere. Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuan topatutako Joyceren arrastoez arituko da Fernandez Vicente bere hitzaldian. Gabriel Garcia Marquez idazlearen errealismo magikoan Joycek izandako eragina aztertuko du zehazki, eta baita Atxagaren obran sumatu duen irlandarraren oihartzuna ere. «Atxagak ez du onartzen bere obran errealismo magikorik dagoenik, baina Esteban Werfell ipuinean, esaterako, gogora ekarri zidan Artistaren gaztetako portreta. Zertzelada batzuk badaude». Eta, ikerlariaren ustez, badaude gehiago ere liburuan.

Dublinen ingelesa ikastera joan zenean deskubritu zuen Joyce lehen aldiz Fernandez Vicentek. «Au pair joan nintzen, eta lan egiten nuen etxean esan zidaten alboko etxean bizi izan zela Joyce. Denek hitz egiten zuten errespetuz hari buruz, eta denek zuten pasadizoren bat hari buruz. Gero jakin nuenez, Joycek hamaika etxe izan zituen hiriko txoko guztietan, eta, beraz, ez zen hain zaila hura bizi izandako etxe baten ondoan bizitzea». Baina lehen kontaktua izan zen hori. Joan zen liburu dendara gero, eta, dendariak gaztetxo ikusi zuenez, Ulises beretzat zailegia izango zela esan zion. «Pentsatu nuen ea emakume hark zer uste zuen; burugogortu nintzen, eta harrapatu egin ninduen». Eta hala gaur arte.

Ingelesez izango dira Bilboko jardunaldietako hitzaldi gehienak, eta edukiak nagusiki akademikoak izango dira, baina edonorentzat egongo da zabalik atea. Hitzaldiak bilduko dituen argitalpen bat ere egin nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.