Orainaren sokatik iraganari tiraka

Ugaitz Agirrek 'Tximeletak bizkarrean' lehen liburua plazaratu du, Susa argitaletxearekin. Nobelak «bere iraganari eta bere mamuei» aurre egitea erabaki duen emakume bat du protagonista
JON URBE / @FOKU

Ainhoa Sarasola -

2018ko ekainak 13
Bizitza erdia bere iraganari ihes egiten pasatu du Sarak. Une jakin batean, baina, zerbait gertatuko da, eta iragan horri aurre egingo diola erabakiko du. Sendabide ez ezik, idazbide ere izango du prozesu hori Tximeletak bizkarrean nobelako protagonistak. Iragana eta oraina nahasian doaz Ugaitz Agirreren (Usurbil, Gipuzkoa, 1992) lehen liburuan. Susa argitaletxearekin plazaratu du lana, eta egileak Leire Lopez Ziluaga editorea alboan izan zuen atzo, Donostian eginiko aurkezpenean. Bien artean azaldu zituzten liburuaren nondiko norakoak.

Historia ikasketak egina da Agirre, eta horrek badu harremanik idatzi duen narrazioarekin, Lopez Ziluagak azaldu zuenez, Historia irakaslea baita protagonista. Hortik aurrera, baina, pertsonaia nagusiak zerikusi gutxi dauka egilearekin, Agirrek zehaztu zuenez: «Erronka bat izan zen, ni naizen guztitik aldentzekoa eta ahal zen profil ezberdinena baina maneia nezakeena sortzekoa». Hala, Sara izeneko 35 urteko emakume kataluniar bat jarri du kontakizunaren erdigunean. Italian bizi da, Florentziako unibertsitatean baitabil Historia irakasle. Idazlea ere bada, eta editorearen deia jasoko du nobelaren hasieran; hurrengo nobela ea noiz jasoko duen jakin nahi du. Lehen liburuarekin arrakasta handia lortu zuen, baina «blokeatuta» dago orain.

Ikasturteko lehen egunean, Sarari «istripu txiki bat» gertatuko zaio, iraganeko ezbehar bat gogora ekarriko diona. Egun berean, gainera, ahizparen deia jasoko du Kataluniatik: aita gaixorik dagoela eta mesedez bisitan joan dadila eskatuko dio. Sorterrira itzulita, «gaztaroko ezbehar hura gogoratuko duen bezala, bestelako mamu batzuekin egingo du topo, eta mamu horiei aurre egitea erabakiko du», azaldu zuen editoreak. «Izan ere, une horretara arte, bizitza erdia bere iraganari ihes egiten pasatu du, eta momentu horretatik aurrera erabakiko du ez duela gehiago ihes egingo, aurre egingo diola». Ordutik aurrera, liburuak azalduko du nola saiatzen den Sara bere bizitzaren puzzlea osatzen. Bizi izandako gauzak ulertzen saiatuko da protagonista, eta horrekin joango da bere hurrengo nobela osatuz, bere bizitzaren inguruko eleberri bat idaztea erabakiko baitu. Lopez Ziluaga: «Gauza biak bat izango dira: bere bizitzaren puzzle hori osatzea, eta sendatzeko bide bat bilatzea, iraganarekin bakeak egitea eta nobelaren idazketa».

Liburuaren abiapuntua baino ez da hori, baina egileak eta editoreak ez zuten askorik kontatu nahi izan hortik aurrerako gertakariez. Lopez Ziluagak aurreratu zuenez, iraganeko misterio hori argitzearekin zerikusia duen zati bat du liburuak, baina ez da horretara mugatzen. «Esango nuke batez ere bere mamuei eta iraganari aurre egitea erabakitzen duen emakume baten istorioa dela, eta badu, beraz, indartze prozesutik, batez ere barrura begirakoa, zeren kanpora begira ingurukoek beti ikusi baitute emakume indartsu bat. Badu maskara bat kanpora begira, baina beharrezkoa izango du barrura begirako osatze prozesu hori egitea».

Bide horretan, kontakizunak hainbat gai ukituko ditu: iraganaren zama, identitatea, historiari buruzko gogoetak, memoria, genero desberdintasunak, buruko gaitzak... Egileak azaldu zuenez, 2012 eta 2013 inguruan kokatu du kontakizuna, eta horregatik garai hartan aktualitatekoak ziren gaiak agertzen dira.

Xehetasunen garrantzia

Era batera edo bestera, Agirrek azaldu zuen betidanik idatzi izan duela, eta Historia ikasketen harira Italian egin zuen egonaldi batetik bueltan izan zuela nobela idazteko ideia. Hasieran, bere asmoa zen Historiaren inguruan zituen hainbat pertzepziori buruzko gogoeta bat egitea; hortik abiatzea, eta gogoeta hori bestelako istorio batzuekin «apaintzea», bere esanetan. «Baina alderantziz joan zen; historiaren alderdia pisua galduz joan zen, eta gainerako trama guztia irabazten; uste dut onerako izan dela». Aitortu zuen bost urteko prozesua izan dela eta «gorrotoaren eta amodioaren» artean aritu izan dela.

Estiloari dagokionez, editorearen ustez, Agirreren idazkerak «xehetasunei garrantzi handia» ematen die; «kontatzen duenaren ertz guztiak azaltzen saiatzen da». Egileak azaldu zuen xehetasun eta erreferentzia ugari baliatu dituela, berak irudikatutakoa irakurleari bere horretan emateko. Nobelaren egitura ere nabarmendu zuen Lopez Ziluagak, irakurlea «gertatutakoaren irudi osoa pixkanaka» osatzen joango dela iritzita. «Horrez gain, denborak presentzia handia du liburuan. Atzera eta aurrera egiten du narrazioak, eta joan-etorri horretan aipagarria da nola egiten dituen denbora saltoak». Jauzi horiek historiari buruzko gogoetarekin lotu zituen Agirrek: «Akademian asko eztabaidatzen ari diren gaiak dira memoriarenak, eta zer esanik ez eguneroko errealitatean». Xehetasunen bidez, hainbatetan beste denbora bat ekarri nahi izan du gogora. «Jolas hori badago, non errealitatean bertan lotzen diren iragana, oraina eta etorkizuna; nahastu egiten dira».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna