Erditzea ez dadin izan trauma iturri

Erditzeko unean amen aurka egindako gehiegikeriek izen bat dute: obstetriziaren indarkeria. Zabalduz doa terminologia, nahiz eta aspaldiko min baten adierazle izan; herrialde batzuetan delitu bihurtu dute. Angelun mintzaldi bat antolatu dute, «dena dagoelako egiteko».

ANA MURIEL (WWW.ANAMURIEL.COM).
Nora Arbelbide Lete.
Angelu
2015eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ama gehiegikberen erditzeak negarretan kontatzen zituzten. Hori ez zela normala, hor bazela zerbait egiteko, begi bistakoa egin zitzaien Coeur de famille Pays Basque elkartekoei. Hala izan ez dadin, erditze naturalen alde egin dute.

Hori lortze aldera, solasaldia antolatu dute Angeluko elkarteen etxean (Lapurdi). Obstetriziaren indarkeriaren globalizazioa. Haren mekanismo eta ondorioak, eta saihesteko ekinbideak izenburupean Marie-Line Perarnaud, luzaz emagina izan dena izan dute solaskide. Irailaz geroztik Obstetriziaren Indarkeriari buruzko Frantziako Behatokia sortua du Pauen. Hemen gaindi, «dena dagoelako oraindik egiteko». Ondorio horretara iritsi da behin eta berriz Perarnaud. Hasiz, bi hitz horien elkartzeek sortutako kontzeptu berezia ulertaraztetik. Nahiz, berez, praktika zaharra izan; bereziki, erditzeen medikalizazioa sistematizatuzjoan denez geroztik. Edo beste gisa batez erranez, anestesia epiduralarekin ez dela dena konpontzen erakusteko.

Osasun arloan ere gehiegikeriak gertatzen direla, eta erditzea prozesu naturala dela, eta ez dela, berez, eritasun bat gogoratu zuten Angelun. Eta bizkitartean, behargabeko medikalizazio anitz gertatzen dela, traumatikoak izan daitezkeenak. Hortik, luzaz behargabeko medikalizazio deitu dena indarkeriaren arloan sartzeko beharra, hasteko, izendapenetik. Trauma hori kontuan hartzeko. Zenbait egiteko molde ez direla bortxaketatik hain urrun azaldu zuen Perarnaudek. Amen hitza kontuan hartu gabe, baimenik gabeko ekintzak burutuz, amaren iritzia gutxietsiz. Umiliazioraino. Bere gorputzaz desjabetzeraino. Haurra ongi bada dena gainditu daitekeela dioen ustea erdi ustela ere badela: «Ama traumatizatu batek ez dakar deus onik, ezta umearentzat ere», nabarmendu zuen Perarnaudek.

Genero indarkeriaren baitan sartzen dute mina hainbat herrialdek. Giza eskubideen oinarriak urratzen dituela uste baitute. Bereziki Ameriketan dira alde horretatik franko aitzinatuak. Dela Kanada edo Hego Amerikako herrialdeetan. Horien artean, Mexikoko Veracruz estatua izan daiteke adibide argienetakoa. Hango Zigor Kodean sartua du obstetrizia indarkeria, eta delitutzat dauka.

Erditzea azeleratzea, delitu

Veracruzek, gainera, delitutzat dauka haurdun den ama ez molde eraginkor batean zaintzea: sortzearen prozesu naturala oztopatzea, erditzea azeleratzeko teknikak erabiliz, zesarea eginez, edo amaren borondatearen aurka arituz. Gainera, amari presio edo eraso psikologikoak egitea ere delitutzat du, sortze memento horretan bere haurdunaldiari lotuko erabakiak libreki hartzeko posibilitateak murrizten badizkio. Osasun arazorik gabe, umearen eta amaren arteko lotura oztopatzea ere salatzen du, ezinezko egiten badu jaio eta berehala amak umeari bularra ematea; baita bizkarrezurraren gainean erditzera behartzea ama, zangoak altxaturik. Modu bertikalean erditzeko beharrezkoak diren baliabideak daudelarik, amaren obstetrizia ohidurak beste posizio batzuk hobesten baitituzte.

Hasierako delituengatik, isunak jaso ditzakete osasun zerbitzuetako langileek. 300 eguneko lansariko isunak jartzeraino. Amaren posizioa eta erditzearen prozesu naturala ez errespetatzeagatik, berriz, presondegi zigorra sei hilabete eta hiru urte artekoa izan daiteke. Hamabi hilabetez soldata kentzerainokoa izan daiteke isuna. Egitura publikoan ari diren langileak kargua galtzeko arriskua hartzen du, bi urtetaraino, eta egitura publikoko beste edozein lanbidetako atea hesten ahal diote.

Baina, gero, bada medikuen ikuspuntua ere. Horiek ere babes beharra dute. Angeluko eztabaidara ez da ginekologo obstetrarik bertaratu. Baina Donapaleuko ospitaleko ginekologo Jean Humicek Iparraldeko Hitza-ri azaldutakoaren arabera: «Ziur naiz zesarea franko ere egin direla epaiketarik ez ukaiteko, gehiegizko zesareen kasuan ez baita epaiketarik gertatzen. Aldiz, umekia sufritzen ari bada, eta zesarearik ez egitea deliberatu bagara, epaiketa arriskatzen dugu».

Halere, muga horietan bada zer hobetu, adituen arabera, hori gero eta argiago ikusten ari dira. Erditze mementoko hainbat tabuei estalkia altxatu, eta testigantza mindu ugari entzun daitezke. Brasil izan daiteke adibide. Zehazki, Adelir Lemos de Goes 29 urteko brasildarra. Bi zesarea jasan zituen bere gogoz kontra. Hark segurtatzen du ez zirela ezinbestekoak. Hirugarrenik ez izateko, etxean erditzea erabaki zuen. Medikuak hori jakinik, epaitegira jo zuen. Epaileak medikuari arrazoi eman, eta Polizia bere etxera joan zitzaion bila. Eskuburdinekin, ospitalean ukan zuen haurra, eta zesarea egin zioten. 2014ko apirileko kontua da. Elkartasun uholdeak sare sozialak hartu zituen, Denak gara Adelir lema ikur.

Gertakari hori Brasilen gertatu izana ez da, menturaz, hain kasualitatezkoa. Brasilen zesarea tasa munduko gorenetakoa da. Sektore publikoan sortzeen %37 zesarea bidez egiten ziren 2010ean. Erietxe pribatuetan %90era iristen zen. Gehiago dena, Batxilergoa dutenen amen kasuan, edota goi mailako ikasketak egin dituztenen artean, %70ek zesarea hautatzen dute, ikasketa maila apalagoen artean %20k. Zesarea markatzaile soziala ere bada Brasilen. Arazoaren beste itzal bat. 2009ko ikerketa batean, %5 eta %15 artean behar lukeela zesarea tasa gomendatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak. Tasa apalegiak, edota goregiak «arriskutsuak» izan daitezkeelakoan.

Lekukotasunekin segituz, Marie-Helene Lahaye feministak Le Monde egunkariko blogean bildu ditu beste batzuk, sintoma zenbait laburbiltzen dituenak. Horietako bat Alicerena: «Medikuak erran zidan erditzeko unean arazoak agertzeko arriskua %5 zela. Baina, halere, nahiago izan dute nire sabela moztu. Seguruagoa zelakoan. Eta, orain, min dut. Min dut sabelean. Zauria tiran izaten dut. Zauriaren gaineko sabel zatia hantua dut. Gizarteak zauritu nau, ireki nau, erabili nau. Eskubiderik ez dut. Ez nire gorputzaren jabe izatekoa, ezta gizakiaren natura errespetatzeko, nire natura, nihaur».

Angeluko solasak ere ekarri ditu bere lekukotasunak, Baionako erietxeetan gertatuak. Ahizpak bizi izandakoa ekarri du gogora batek. 2007an, erditzekotan zela, etzana, zangoak altxatuak, emagina igan zitzaion gainera, sabela zapatzeko, pusaka, haurra ateratzen laguntzeko. Beste bat ilargi beteko gau batean erditu izanaz damutzen da. Ilargi beteak ezagunak dira erditze anitz eragiteko. Eta, guztientzat, emagin bakarra izan zuten gau hartan. Episiotomia egin zioten, bagina eta ondestearen arteko giharraren mozte kirurgikoa. Baimenik gabe egin zioten. Oraindik min iturri zaio. Beste batek ez zuen hankak altxaturik eta bizkar gainean etzanda ukan nahi haurra. Baina medikuak ez ziola kasurik egiten ohartzean, berriz ere errepikatu zion, gehituz, «Dakidala ni naiz ama, ez?», eta medikuak iharduki: «Ez zara oraindik ama».

Lekukotasun zenbaitez gain, eztabaida ere sortu da Angeluko bilkuran. Hor izan baitiraBaionako ospitale publikoko emagin batzuk, ikuspegiari ñabardurak ekarriz. Osasun zerbitzuko langileak estigmatizatzea ez dela konponbidea ohartarazi dute, medikuntzak gauza on anitz ekarri dituela. Onartu dute batzuetan gertatzen dela ez aski emagin izatea, baina nola edo ahala moldatzen direla. Garai txarragoak izan direla iritzi diote Baionako Ospitaleko emaginek. Horietako bat duela hamabi urtetik ari da ospitale publikoan lanean. Adierazi du izugarri hobetu dela zerbitzua, bereziki azken bost urteetan. Nola esplikatzen duten aldaketa hori galdeturik, emazteen desirak ere aldatuz joan direla nabarmendu dute guztiek. Adibidez, baginako ukitzeak egin aitzin, baimena automatiko eskatzea. Oro har, guztiak ados agertu dira gurasoak informatzearen beharraz, baita langileen prestakuntzetan alde hori irakasteko beharraz. Baina, dena dela, testu ofizialetan, oraindik obstetrizia indarkeriarik ez da ageri hemen gaindi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.