Maiatzean 413 enpresa sortuta, 2012ko kopuruetan dago EAE

Jon Fernandez.
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Laugarren hilabetez jarraian, enpresa berriak sortu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan joan den maiatzean: 413, hain zuzen ere. Horrela, hiru lurraldeetako konpainia kopuruak lortu du 2012ko mailara bueltatzea, guztira 59.418 enpresarekin. Confebasken datuen arabera, aurtengo maiatza azken hiru urteetako onena izan da: 226 enpresa sortu ziren 2016ko maiatzean, 92 bakarrik iazkoan, eta 413 aurtengoan. Aldiz, 2018ko maiatza 2015ekoa baino okerragoa izan da, orduan 549 konpainia sortu baitziren.

Batez ere eraikuntzaren sektorean (+1,1) eta zerbitzuetan (+%0,2) sortu dira enpresak aurtengo maiatzean; ostera, industriako konpainia kopurua txikitu egin da (-%0,6). Herrialdeka, berriz, hiruretan hazi da konpainia kopurua, baina batzuetan besteetan baino erritmo biziagoan: Bizkaiak izan du joerarik onena (+%0,6), Arabaren (+%0,5) eta Gipuzkoaren (+%0,3) atzetik.

Edonola ere, kontuan izan behar da, krisiaren gogorrenean, 2008ko maiatzetik 2014ko urtarrilera, 7.963 enpresa desegin zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, harrezkero, lau urtean soilik 2.454 konpainia berri sortu direla. Hau da, krisian suntsitutako enpresen %30 baino ez dira berreskuratu.

Konkurtso gutxiago

Autonomoen kasuan are gordinagoa da errealitatea, atzera luze begiratuz gero. 2008tik 2013 amaierara bitartean, 18.444 autonomok utzi zuten lana, eta, harrezkero, 1.262 autonomo berrik baino ez dute izena eman Gizarte Segurantzan. Aurtengo maiatzean 236 autonomo berrik eman dute izena, iazkoan baino 76 gutxiagok.

Bestetik, 2018ko lehen hiruhilekoan 60 enpresa sartu dira hartzekodunen konkurtsoan, iaz baino %17,8 gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.