KURDUEN FAKZIOAK

2014ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Iparraldean (Turkian)

PKK. Kurdistango Langileen Alderdia ezkerreko gerrilla bat da. 1984an matxinatu zen Kurdistango burujabetzaren alde.

HDP. Kurdistango burujabetza babesten duen ezkerreko koalizio bat da. BDP Bakea eta Demokrazia Alderdia, kurduen alderdi nagusia, HDPn dago.

KCK. Kurdistango Herrien Konfederazioa burujabetzaren aldeko plataforma zabal bat da, Abdullah Ocalanen ekinbidez sortua. Siriako, Irakeko eta Irango eragile batzuek ere bat egin dute KCKrekin.

Mendebaldean (Sirian)

PYD. Batasun Demokratikoaren Alderdia indar nagusia da Siriako aldean. Ideologikoki, PKKrekin dago lerratuta. KCKn dago.

KNC. Kontseilu Nazional Kurdua hamabortz alderdik sortu zuten 2011n. Autonomia du aldarri, eta Mendebaldeak babestutako Siriako oposizioarekin lerratuta dago.

YPG. Herriaren Babeserako Unitateak kantoi autonomoen miliziak dira. KNCk eta inguruko herrialdeek PYDen adar armatutzat dauzkate, baina PYDek dio indar independenteak direla. Soilik emakumeek osatutako adar bat daukate (YPJ).

Hegoaldean (Iraken)

KDP. Kurdistango Alderdi Demokratikoa beti egon da boterean Kurdistango Eskualde Autonomoan. Eskuineko alderdi bat da.PKKri lagundu izan dio zenbaitetan, baina Kurdistan osoan erreferente bihurtzeko lehia du harekin.

PUK. Kurdistango Batasun Patriotikoa alderdi sozialdemokrata bat da. 1975ean banatu zen KDPtik. Harekin boterea partekatu izan du.

Gorran.Aldaketa 2009an sortu zen, PUKetik banatuta. Bigarren indarra da parlamentuan, PUK gaindituta. Bi alderdi nagusien ustelkeriaren aurkako salaketa izan du aldarri nagusi.

Pexmergak. Historikoki, Kurdistango gerlariak izendatzeko erabili izan da hitza. Egun, Kurdistango Eskualde Autonomoaren indar armatuen izena da.

Ekialdean (Iranen)

PDKI. Irango Kurdistango Alderdi Demokratikoa da ekialdeko indar historikoa. 1990eko hamarkadan utzi zuen borroka armatua, eta garai bateko eragina galdu du.

Komala.Elkartea alderdi komunista bat da, 1969an sortua. Historikoki, PDKIren ondoren indar nagusia izan da.

PJAK. Kurdistanen Aske Bizitzeko Alderdiak 2004ean hasi zuen Irango Gobernuaren aurkako borroka armatua. PKKren ildokoa da, eta KCKn dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.