155. artikulua. Gobernu osaketa Katalunian

Madrilek blokeoari eutsi dio

Espainiako Gobernuak ez du argitaratu kontseilarien izendapenerako dekretua. Torrak «elkarrizketa» eskatu du. Rajoyk erantzun dio ez dezala osa gobernu «bideraezin bat»

Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidentea erdian, atzo Estremerako kartzelatik ateratzen. VICTOR LERENA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Kataluniako egoera politikoak blokeatuta jarraitzen du oraindik ere. Quim Torra Generalitateko presidente berriak gobernu berriko hamahiru kontseilariak izendatu zituen joan den larunbatean, eta, berez, horiek bihar ziren kargua hartzekoak. Baina Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluak indarrean jarraitzen du Katalunian, eta, beraz, Espainiako Gobernuak erabaki du DOGC Generalitateko Egunkari Ofizialean kontseilarien izendapenerako dekretua ez argitaratzea. Dekretua aztertuko du Madrilek, «bideragarritasun arazoak» argudiatuta. Izan ere, joan den larunbatean nabarmendu moduan, Espainiako Gobernuari «probokazioa» iruditzen zaio gobernu berriko kontseilarien artean bi politikari preso —Jordi Turull eta Josep Rull—, eta bi politikari erbesteratu —Antoni Comin eta Lluis Puig— egotea. Hortaz, dekretua ez kaleratuz, izendapena eragotzi du Madrilek.

Torrak, bien bitartean, «elkarrizketa» eskaera egin zien, atzo, berriro, bai Espainiako Gobernuari, baita «oposizioko» alderdiei ere. «Itzul dadila politika; itzul dadila elkarrizketa». Generalitateko presidenteak bisita ofiziala egin zien Kataluniako prozesu subiranistaren harira behin-behinean espetxeratuta dauden kontseilari ohiei. Lehendabizi, goizean, Turull, Rull, Joaquim Forn, Oriol Junqueras eta Raul Romera bisitatu zituen Estremeran. Alcala Mecora joan zen ondoren, Dolors Bassa kontseilari zenarekin eta Carme Forcadell parlamentuko presidente izandakoarekin biltzeko; eta arratsaldean Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohiarekin eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearekin hitz egin zuen, Soto del Realeko kartzelan.

Preso daudenek bizi duten egoera «bidegabea» salatu zuen Kataluniako Gobernuko presidenteak. «Europako beste edozein herrialdetan ez ziren behin-behineko espetxealdian egongo». Torrak «indartsu» eta «ondo» ikusi zituen kartzelatutako politikariak.

Espainiako Gobernuak inposatuta abenduan egindako hauteskundeetan, JxC Junts Per Catalunyak agindu zuen aurreko gobernua berrezarriko zuela, eta betetzeko ahaleginean, Turull eta Rull kontseilari zirenak Presidentetza eta Lurralde eta Iraunkortasun kontseilari izendatu ditu Torrak, hurrenez hurren. Bien zein Cominen eta Puigen eskubide politikoak indarrean daudela aldarrikatu du Kataluniako presidenteak horretarako, eta, hain zuzen, hori azpimarratu zuten Turullek eta Rullek atzo, Twitter bidez. Biek kargua hartzera joateko baimena eskatu diote Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileari. Ez dirudi, ordea, baimenik emango dienik.

Eta, oraingoz, ez dirudi Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Torrarekin biltzeko asmorik duenik. Kataluniako presidenteak joan den astean esan zion Espainiakori jar ditzala horretarako «eguna eta ordua», eta Rajoy aste honetan zen elkarrizketa eskariari erantzutekoa. Dena den, «gobernu bideraezin bat» ez dezala osatu eskatu zion atzo Torrari. «Legearen barruan» baldin bada, mintzatzeko prest dagoela esan izan du Rajoyk behin baino gehiagotan, baina gobernu berrirako preso edo erbesteratuta dauden pertsonak izendatuta, Torra «legearen markoa» urratzen ari dela iruditzen zaio. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidentearentzat, «frontista» da Torraren estrategia, eta «porrotera kondenatuta» dago.

Eta diskurtso horrekin bat egin dute Espainiako oposizioko alderdi nagusiek, PSOEk eta Ciudadanosek. Rajoyk bien babesa du Katalunian 155a mantentzeko orduan, eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia areago joan zen atzo: «Generalitatearen buru dagoen arrazista bat besterik ez da Torra».

Espainiako Gobernuak kontseilarien izendapenari jarri dien betoa dela eta, lege neurriak hartzea aztertzen ari da Junts Per Catalunya. Kataluniako zenbait hedabidetan hainbat juristak adierazi dutenez, izendapenerako dekretua ez kaleratzea legearen kontrakoa da; edo, gutxienez, irregularra behintzat.

ANCren elkarretaratzeak

Beraz, gobernua eraginkorra ez den bitartean, Espainiako Gobernuak joan den urriaren amaieratik, 155.a ezarri zuenetik, Generalitatean dituen funtzionarioen esku egongo dira kontseilaritzak—kontseilaritzen eskumenak sortzeko, izendatzeko eta zehazteko dekretua, hori bai, argitaratu du DOGCek—.

Gertatzen ari dena salatzeko, ANCk elkarretaratzeak deitu zituen, atzo, Bartzelonan, Lleidan, Tarragonan eta Gironan, Prou Xantatges! —Aski da xantaiez— lelopean. Biltzar subiranistak elkarretaratzera deituz kaleratutako oharrak zioenez, «urriaren 1eko agindua berreskuratzeko ordua» iritsi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.