Mugaz gaindiko lankidetza. Adituen hausnarketa

Zubia egunero igarotzen da

Asko dira Euskal Herriko lurraldeen mugaz gaindiko lankidetza bultzatzeko egiten diren hitzarmenak; tartean dago aurkeztu berri duten Akitania-Euskadi euroeskualdearen plana. Baina instituzioek egiten dituzten itunen garrantzia bainoago, eguneroko praktikena azpimarratu dute adituek.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2014ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Zatituta dago Euskal Herriko mapa. Estatu biren arteko muga du. Eta lurraldeen arteko harremanak garatzea zaildu egiten du egoera horrek. Edonola ere, badira Frantzia eta Espainiako mugak gainditzeko bultzatzen diren egitasmoak. Atzo bertan Hendaiara egin zuen Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak. 2014-2020rako Akitania-Euskadi euroeskualdearen plan estrategikoaren aurkezpena egin zuen Alain Rousset Akitaniako presidentearekin batera. Ez da, ordea, gai hori hizpide hartuta asteon egin den agerraldi bakarra. Pirinioak diruz laguntzeko bigarren deialdia zabaldu zuen asteartean udalbiltzak. «Pixkanaka ari dira urratsak egiten. Baina oraindik hutsunea dago lurraldetasunaren diskurtsoaren eta ematen diren pauso jakin batzuen artean». Hala adierazi du Eguzki Urteaga EHUko soziologia irakasleak. Beharrezkoa ikusten du muga eguneroko praktiken bidez gainditzea.

Hitzetatik ekintzetarako jauzia ematea da mugaz gaindiko harremanetan Urteagak aurrera begira ikusten duen erronka nagusia. «Ondo dago azterketak eta plan estrategikoak egitea. Baina edukia eman behar zaio horri, gorpuztu egin behar da». Azken hamarkadetan lankidetza bultzatzeko egitasmoak garatu direla azaldu du. «Pixkanaka instituzionalizazio prozesua egon da mugaz gaindiko harremanei dagokienez». Adibide gisa jarri ditu Pirinioez gaineko konferentzia atlantikoa, Baiona-Donostia eurohiria eta Bidasoa—Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoa.

Arlo instituzionalari dagokionez, Euskadi-Akitania euroeskualdea osatzea izan da azken urratsa. Baina mugaz gaindiko harremanek ez dute Euskal Herriko nazio lurraldeen arteko lankidetza adierazten, halabeharrez. Akitania-Euskadi euroeskualdea, adibidez, Ipar Euskal Herrian, Biarnon eta Frantziako beste lau departamendutan hedatzen da. Eta, hegoaldeko lurraldeei dagokienez, EAEra mugatzen da, euroeskualdean sartzeari uko egin baitzion Nafarroako Gobernuak.

Europako Batasunaren (EB) eraikuntzan kokatu behar da euroeskualdearen egitasmoa. Mugen desagerpena bultzatzen du EBk, eta eskualdeak indartzen saiatzen ari da. Baina estatu eta gobernuburuen kontseilua da, gaur-gaurkoz, EBko erabakigune nagusia. Estatuek ez dute boterea galdu nahi. Hortaz, erresistentziak jartzen dituzte: «Lankidetza bultzatzen du EBk bere filosofia eta proiektuetan. Baina frenoa jartzen dute estatuek lankidetza hori urrutiegi joatean arazo politikoak sor daitezkeela ikusten dutelako». Aurrera begira beste oztopo bat izan daitekeela azaldu du Urteagak: «Frantzian proposatutako bateratze prozesuarekin, eskualde kopurua 22tik 13ra pasatuko da». Beste bi eskualderekin elkartuko dute Akitaniakoa, eta horrek etorkizunean mugaz gaindi izan daitekeen lankidetzan ere eragingo du.

Bestelako arloetan ere egin dira elkarlanerako saioak. Unibertsitateen arteko akordioa aipatu du Urteagak, tartean. Hain zuzen, joan den hilabetean bertan aurkeztu zuten Bordele (Frantzia) eta EHUren arteko akordioa. Mugaz gaindiko campusa osatzea du helburu egitasmoak. Baina Nafarroako Unibertsitate Publikoa ez da hitzarmenaren parte. Hori ez du guztiz ulertzen Joxe Ramon Bengoetxea EHUko zuzenbide irakasleak: «Errazagoa zaigu Bordeleko Unibertsitatearekin hitzarmenak egitea Baionakoarekin egitea baino. Nola da posible?».

Egunerokoaren garrantzia

Gutxirako balio dezakete akordioek, eguneroko praktikan harremanak garatzen ez badira. Eta desoreka hori nabarmendu du Urteagak. Instituzioek bultzatzen dituzten akordioak baliagarriak dira, baina jauzia eman behar dela dio. Ideia bera azpimarratu du Bengoetxeak: «Azaleko ikuspegi batetik egiten da lurraldeen arteko lanketa. Poliki-poliki ari gara erakundeak nola funtzionatzen duten ikasten. Baina irudipena dut hortik harago doazen proposamenetan aurrera egitea kostatu egiten zaigula». Euskal Herria osatzen duen lurraldearen inguruan gehiago hausnartu behar da, haren arabera. «Aurrerapausoak behar ditugu. Erretorika mailan asko aipatzen eta goraipatzen da, baina oso gutxitan gauzatzen dugu».

Ez du formula magikorik aurkeztu. Baina adierazi du erakundeen lanaz gain bestelako harremanak lantzea ere beharrezkoa dela: «Erakunde publikoetatik harago doan arloa gehiago esploratu beharko genuke». Herritarrengandik sortzen diren egitasmoetan egin du indar. Kirol eta kultur egitasmoen zein enpresen arteko saretzeak jarri ditu adibidetzat. «Nahia eta gogoa badago. Eta lortu dena baino potentzialitate handiagoa dago».

Gizarte zibilak muga gainditzen duen lankidetza gauzatzen du egunero. Hala dio Urteagak. Adibide gisa aipatu ditu mugaz bestalde erosketak egiten dituzten herritarrak eta aisialdian lurraldeen artean izaten diren joan-etorriak. «Gizartean izaten diren eguneroko praktika horrek naturalago bihurtzen du espazioa». Herritarrek instituzioek baino askoz barneratuago dute, hortaz. Eta eguneroko lankidetza horiek bultzatu egin behar direla uste du EHUko irakasleak: «Praktikotasunak eta lankidetzak berak sortzen ditu errealitate, sinergia eta proiektu berriak».

Indar egin du horretan Imanol Esnaola Gaindegiaren koordinatzaileak ere. Argi dio: «Gu ere bagara herri, baina praxiak egiten gaitu herri». Elkarrekin bizi eta lan egitearen garrantzia azpimarratu du: «Elkarrekin lanean hastean, helburu partikularrez gain, helburu berriak sortzen dira, helburu komunak. Eta orduan hasten gara elkarrekin bidea egitearen garrantzia ikusten».

Nazio lurralde osoa aintzat hartuta lan egiten du Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak. Eta eguneroko lanean eragiten dio lurralde zatiketaren aferak. Ezagutza arlo gehienetan ez da euskal lurralde guztietako egoerari jarraipen egiten dion egiturarik. Eta adierazi du diagnostiko eta egitasmo sozial zein instituzionaletan ez dela kontuan hartzen euskal dimentsioa: «Praktika ekonomiko eta sozialen garrantzia erabatekoa da. Elkar ezagutzen ez duten herritarren herri bihurtu gaituzte. Alde horretatik, ezinbestekoa da euskal herritarrak eta erakundeak elkarrekin ideiak landu eta irtenbideak jartzea». Horra, Esnaolarena arabera, herri izateko baldintza.

Hizkuntza, muga

Hizkuntzaren inguruan kezka agertu du Urteagak. Haren arabera, mugak sortzen ditu horrek ere. «Hizkuntza ez ezagutzeak bestearen errealitatea gaizki eta gutxi ezagutzea dakar». Bitartekari da hizkuntza. Eta euskararen komunitate linguistikoak pausoak ematea lortu badu ere, Hegoaldean frantsesaren inguruan dagoen ezjakintasunak distantziak handitzen dituela iradoki du. Gauza bera azpimarratu du Bengoetxeak: «Herri gisa sekulako hondamena da frantsesari eman zaion trataera. Bizkarra eman diogu». Ingelesa ikasi eta atzean utzi da frantsesa. «Hezkuntza politikak Euskal Herrian uniformetasuna bultzatu du, eta ez du kontuan hartu errealitate hori: frantsesa ere badela gurean».

Paradoxa gisa aipatu du Urteagak frankismo garaietan frantsesa zela atzerriko lehen hizkuntza Hegoaldean. Iparraldean desoreka txikiagoa dela dio. Izan ere, ikasleen %20k dute gaztelaniaatzerriko lehen hizkuntza gisa. «Maila handi batean iparraldekoak hobeto ezagutzen du hegoaldeko errealitatea». Lankidetza errazten du hizkuntzak. Eta, hain zuzen, hori da, indar gehiago edo gutxiagorekin, Euskal Herriak lurralde osoan duena: euskara. Euskalgintza da nazio lurraldean hedatuen dagoen mugimendua.

Herri egitasmoen bidez egin da lurraldeen arteko saretzea. AEK-ren kasua da. Zazpi lurraldeetan helduen alfabetatze eta euskalduntze lanean aritzen den bakarra da. Bostehun irakasletik gora, ehun euskaltegi eta gau eskolatan baino gehiagotan banatuta. Ez dute, ordea, behar adina diru laguntza jasotzen Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan. Hala adierazi zuen Mertxe 
Mugika erakundeko koordinatzaileak 2015eko martxoan Euskal Herria gurutzatuko duen 19. Korrikaren aurkezpenean. Eragina izan du euskalduntzean Ikastolen Elkarteak ere. Eta lurraldeen arteko lankidetzaren beste keinu bat da Ziburuko Kaskarotenea ikastola ixteko asmoenharira haren alde egindako ekimenak.

Elkar ezagutu

Elkarri begira jartzea beharrezkoa da, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariaren arabera. «Gainean ditugun muga eta egituraketa administratibo guztiek helburu hori dute: Euskal Herria lausotzea, difuminatzea eta euskal lurraldeak bata besteari bizkar emanez bizitzea». Mugen gainetik urratsak egin eta Euskal Herriko zazpi lurraldeen erakundetzean ari da lanean udalbiltza: «Kohesioa, lankidetza eta barne sinergiak behar ditu Euskal Herriak arlo ekonomiko, sozial, kultural zein politikoan». Horren adibide, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak Pirinioak diruz laguntzeko abiatutako programa. Bigarren deialdia da aurtengoa. Eta jarduera ekonomiko berriak, saretze programak edota egitasmo sozialak bultzatuko dituzte.

Ez da erakundeak abiatu duen egitasmo bakarra. Herrien arteko elkar ezagutza bultzatzeko, udalerrien arteko senidetzeak sustatzen ari da. «Urrats txikiak eginez, helburu handiak lor daitezke», adierazi du Aizpuruak. Eta gogora ekarri du Nafarroako euskalgintza eta ekoizleak laguntzeko HerriGora kanpaina ere: «Horrelako egitasmoek egiten gaituzte herri».

Gaindegiarekin batera abiatutako Euskal Herriari Begira proiektua indartzeko asmoa ere agertu du Aizpuruak: «Ez gara ezer izango zer garen ez badakigu. Gure errealitatearen argazkia izan behar dugu, eta hori da atariak eskaintzen duena». Lan asko dago egiteko, Aizpuruaren arabera. Baina baikor agertu da, hala ere: «Oinarri sendoa dugu. Euskal herritarrak gara guztiak, eta kontzientzia hori barneratuta daukagu. Zorionez, muga administratiboak ez ditu sentimenduak arautzen».

Egunero gainditu beharrekoa da muga. Gakoa: paperetik praktikarako jauzia ematea. Argi du Urteagak: «Zazpiak bat izan daiteke abstrakzio bat eguneroko praktiketan ikusten ez dena. Errealitateek ez badute elkar ezagutzen, nekez garatu ahal izango da lurraldeen arteko lankidetza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.