Bakearen aldeko mugimendu sozialak. Alderdi politikoak. Pernando Barrena. Sortuko bozeramailea

«Gizarterik gabe zaila da bake prozesuak aurrera egitea»

Bake talde sozial batzuekin gorabeherak izan ditu ezker abertzaleak, baina uste du bake prozesuan gizartearen lana garrantzitsua dela.

enekoitz esnaola
Donostia
2015eko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Sortuk ere jaso du Lokarriren gonbita agur ekitaldirako, eta Pernando Barrena eledunak (Berriozar, 1965) dio joango direla.

Zer iritzi du ezker abertzaleak euskal mugimendu sozialek bakegintzan egindako lanaz?

Bakearen beharra sakontzen lagundu dute, bakoitzak bere ñabardurekin. Batzuek gehiago azpimarratu dituzte elkarrizketa eta akordioa. Bortxakeria nagusiki ETArekin soilik lotu duenik ere izan da.

Zer da bakea?

Bakea da ez bortxakeriarik eza soilik, bakea egon dadin indarkeriarik ez egotea funtsezkoa dela aitortuta beti. Justiziaren praktika dabakea, justuagoa baita.

Ezker abertzaleak gorabeherak izan zituen Elkarri-rekin.

Guk ondo ikusi genuen Elkarri-ren sorrera, gatazkaren konponbide baketsurako elkarrizketa, akordioa eta eskubideak aldarrikatuz sortu baitzen. Gerora, baina, Elkarri bere burua bitartekari gisa ikusten hasi zen, jendartera irudi hori eman nahi zuen. Gainera, bakerako datak jartzen zituen, motzera jokatzen zuen... Elkarri bere ibilbidearen bukaeran oso lotuta egon zen EAJren interes politikoekin. Orain, Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak Elkarriren antz handia dauka.

1995ean Elkarrik antolatutakoI. Bake Konferentzian parte hartu zuen HBk.

Ezker abertzaleak halako ekinbideetan parte hartzeko prestasuna baitzuen, eta baitu, betiere bakea edukiz janzteko.

1990eko hamarkadan Ajuria Eneko Ituna eta BAK ere baziren. Inguratuta sentitu al zen ezker abertzalea?

Ez. Hala ere, Elkarri-ri aitortu behar zaio garai haietan I. Bake Konferentzia antolatzean ezker abertzalearekin ere kontatu izana, gure kontrako apartheid bat baitzegoen. Baliagarria izan zen.

Nola hartu zenuten Lokarriren sorrera?

Haren lehen urteetan giro zaila zegoen: 2006ko prozesua hautsita, ezker abertzalearen aurkako operazioak... Modu xumean izan bazen ere, Lokarrik galdeketaren gaiari heldu zion, eta positiboa izan zen. 2009an hasi ginen harekin hartu-emanean, gure eztabaida estrategikoaren hastapenean. Ikusi genuen garai politiko berria irekitzeko borondatea zuela hark ere. 2011ko otsailean Sorturen estatutuak jendaurrean aurkezteko lagundu egin zigun, eta urrian etorri zen Aietekoa.

Bakea izateko, erabakitzeko eskubidea behar al da?

Bake ikuspegi integral bat behar da, eta hor erabakitzeko eskubidearen errespetua ezinbestekoa da. Hori da justiziaren praktikaren adibideetako bat. Beste eskubide batzuk ere badira, eta bakearen aldeko zeregin hori Euskal Herrian oraindik ez da bukatu. Bakea ez da bakarrik ETAk jarduera armaturik ez egitea edo Sortu legezkoa izatea.

Gizarte zibilak parte hartu behar al du gerora ere?

Alderdi politikoak aktore nagusiak dira bakegintzarako ere, baina ez dira bakarrak, eta gizarte zibilaren papera ezinbestekoa da, era batera edo bestera antolatuta. Hala frogatu da nazioarteko gatazketan. Gizarte osoari dagokio bakea lortzea eta egitea. Hura gabe oso zaila da bake eta konponbide prozesu batek aurrera egitea edo hark garapena izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.