Turistak bizilagun

Hiriburuetan eta kostako herrietan gora doaz alokairuen prezioak. Jabe askorentzat, aukera erakargarria bihur daiteke euren etxea turistei epe laburretarako alokatzea; bertakoek, ordea, higiezinen merkatuaren gaineko presioa handitzea leporatzen diete. 'AirBnB efektua' aztertu dute Donostian, arazo larriena duen hirian. Protesta mugimendu batzuk ere sortu dira bertan.
Turista batzuk, Donostiako Parte Zaharrean, <em>selfie</em> makila klasikoarekin.
Turista batzuk, Donostiako Parte Zaharrean, selfie makila klasikoarekin. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Samara Velte -

2017ko uztailak 27
Idealista, Fotocasa edo higiezinen merkatuko beste atariren batera sartu: alokairua klikatu, eta, segidan, Donostia aukeratu. Bi gelako etxe merkeenak 650 euro balio ditu; zerrendako lehenbiziko zazpi emaitzak, ordea, ikasturterako eskaintzak dira soil-soilik. Uda amaierara arte alokatuta daude gehienak, eta bilatzaileak oso aukera gutxi dauzka sasoi honetan urte osorako etxebizitzaren bat topatzeko.

Ez da fenomeno berria euskal kostaldean: Donostian bezalatsu, Zarautzen (Gipuzkoa), Lekeition (Bizkaia) eta Miarritzen (Lapurdi) aspaldi hedatutako ohitura da udan etxeak kanpotarrei alokatzea. Toki horietako batzuk Euskal Herriko garestienak dira; Idealistaren arabera, iaz %22 garestitu zen Donostian alokairua. Internetek eta peer to peer teknologiek, ordea, asko erraztu dituzte norbanakoen arteko akordioak: AirBnBren moduko plataformek etxea epe laburretarako alokatzea ahalbidetzen dute, jabea eta turista zuzenean harremanetan jarriz, eta, gehienetan, lizentzia ofizialik erakutsi behar izan gabe. Ondorioz, etxebizitza turistiko deiturikoak ugaritu dira azken urteotan, eta baita auzokideen kexuak eta kezkak ere. Baina hori ote da etxebizitza arazoaren kausa nagusia? Donostiako Tabakalerak antolatutako SummerLab jardunaldietan, AirBnB efektua aztertu berri dute, datuetatik argi apur bat lortzeko asmoz.

Tailerrean aztertu dituzten datuen arabera, apirilean 2.874 iragarki zeuzkan AirBnBk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; horietatik, %13,7k baino ez zeukaten apartamentu turistikoetarako lizentzia. Ia erdiak Donostian zeuden (1.219), Bilbon halako ia hiru (459), eta Gasteizen halako hamabi (107). Hiriburuen ostean, eskaintza handiena duten herriak Zarautz (83) eta Hondarribia (60) dira. Donostian, denera, 4.553 ohe daude alokagai —iragarki bakoitzean leku bat baino gehiago eskain daitezkeelako—; hiriko hotelek eskaintzen dituzten leku guztien erdiak baino gehiago dira jada.

Auzoen karga

Euskal kostaldean turismoa egitea ez da merkea: Gipuzkoan, batez beste, 107 euro balio ditu hotelean igarotako gau bakoitzak; taberna eta jatetxeen prezioak ere ohi baino altuagoak dira Donostiako gune turistikoenetan. Merke bidaiatu nahi dutenentzat, aukera erakargarria da norbanakoen etxebizitzetan ostatu hartzea. Eta, alderantziz: etxeko gastuak ordaintzeko zailtasunak dauzkanak ere balia dezake aukera sos batzuk ateratzeko.

Susmo zabalduena da, ordea, etxebizitza turistiko gehienak negozio asmoz eskainitako tokiak direla: iragarkien %67tan etxe osoak ageri dira, eta epe luzeetan daude alokagai. «Donostian, soilik bostetik batek alokatzen du etxea zatika eta urtean hiru hilabete baino gutxiago», adierazi du Asier Peredak, Aparture etxebizitza turistikoen elkarteko presidenteak: «Gainerakoak ez dira etxe horietan bizi; izan ere, nekez joango zara zure etxetik urtean hiru hilabete baino gehiago».

Datu horiek Interneteko atari bakarrean ageri diren eskaintzak dira. AirBnBk merkatuaren %60 inguru biltzen du, baina badira beste plataforma ezagun batzuk ere: Home Away eta Wimdu, adibidez. Azterketa zorrotzik gabe, ezinezkoa da jakitea zenbat etxebizitza turistiko dauden benetan: iragarrita daudenez edo erregistro ofizialetan jasota daudenez harago, denera 14.000 plaza egon litezkeela uste du Donostiako Udalak.

Higiezinen merkatuari ez ezik, gizarteari ere nabarmen eragiten diote etxebizitza turistikoek; izan ere, hotelen edo kanpinen aldean, herritarren eguneroko espazioetan nahasten dituzte udatiarrak. «Ez dira soilik ostatuak, komunitateetan txertatzeko modu bat dira», adierazi du Ibai Zabaletak, Tabakalerako Hirikilabs Laborategien koordinatzaileak. Hego Euskal Herrian iragarki gehien dauzkaten hamar auzoetatik zortzi Donostian daude, eta kontzentrazio handiena daukatenak ere badira: Mirakontxa pasealekuan, etxebizitza guztien %10 dira alokairu turistikoak. Gauak 45 eurotik gora balio du bertan; hiriguneko beste auzoetan —Grosen edo Parte Zaharrean—, batez besteko prezioa 35 eurokoa da.

Kasu nabarmenena Parte Zaharrekoa da: bertako bizilagunen elkartearen arabera, 6.000 pertsona bizi dira auzoan, eta gutxienez 275 etxebizitza turistiko daude. 62 pentsio, bi hotel eta egun-pasa dabiltzan bisitariak gehitu behar zaizkio horri. «Ezkaratza guztiei eragiten die ostalaritzak», kexu da Tabakalerako jardunaldietara hurbildutako bizilagun bat: «Udalak informazioa demokratizatu behar luke, eta turismoari buruzko herri behatoki bat sortu». Herritarren artean zabaltzen ari da eszeptizismoa, hiria urreztatzen duen negoziotik ez zaielako irabazi handirik iritsi, baina haren ondorio gogaikarriekin egunero bizi behar dutelako. Gehiegizko turismoaren aurkako protestak ere sortu dira, hainbat formatutan; Tourist Go Home (turista, zoaz etxera) dioten pintaketetatik hasi eta Ezagutu zure auzoa izeneko tour gidatu parodiaturaino.

Herritarren deserosotasunean neur daiteke arazoaren tamaina. Donostiako Turismo Gida Plan berriak arazoari heldu eta etxebizitzak arautzeko eskatu dio udalari; hura ordenantza berri bat aurkeztekoa da «hurrengo asteetan», BERRIAri jakinarazi dionez. Oraingoz, baina, muga gutxi dauzka bere etxea turistei alokatu nahi dienak: Eusko Jaurlaritzaren 2013ko dekretuaren arabera, aski da ardurazko idazki bat aurkeztea; ostatuak turismorako baldintzak betetzen dituen edo ez, gerora egiaztatzen da. Donostiako Udalaren araudia zertxobait zorrotzagoa da, eta soilik lehen solairuetan daudenak onartzen ditu; erakunde horren behin-behineko txosten baten arabera, Jaurlaritzaren lizentzia duten lau ostatutik batek bakarrik beteko luke baldintza hori. Zenbait hedabidek aurreratu dutenez, udalaren asmoa da Donostiako araudia gune geografikoen arabera banatzea: auzo saturatuenetan —Parte Zaharrean eta erdigunean— neurri zorrotzagoak ezarriko lituzkete. «Muga efektua egingo du», kexu da Parte Zaharreko herritarra: «Erdigunean ezin dutena egin, Egian edo Amaran egingo dute».

Bilbo, «bartzelonizatzen»

Turismoak auzoen garapenean ere eragin dezake. Cultumetria behatokiko Alvaro Fierrok Bilboko Zazpikaleen adibidea jarri du: han, alokairuko metro koadroak, batez beste, hemeretzi euro balio ditu; Bilboko batez bestekoa baino bost euro gehiago, eta Bizkaiko batez bestekoa baino zazpi gehiago. «Bilbo ere bartzelonizatuko da; oraintxe prozesuaren hasieran gaude», uste du Fierrok. Kataluniako hiriburuko auzo batzuetan protesta handiak eragin dituzte masifikazio turistikoak eta prezioen igoerak. Fierrok ere sumatzen ditu zantzu batzuk Bilbon: «Turistei begira sortutako zerbitzuak zabaltzen ari dira —tabernak eta souvenir dendak, esaterako—, eta oihal dendak, desagertzen». Horren ondorioz, gerta liteke auzoak praktikotasuna edo erakargarritasuna galtzea bertan bizi direnentzat. «Kohesio sozialak babesten du Donostia», uste du Peredak. «Ez baditugu auzoak zaintzen, kohesio soziala galtzen da, jendea joan egiten delako auzo horietatik. Donostiar askok jada ez dute Parte Zaharrean bizi nahi, leku zaratatsu eta masifikatua delako. Hori gertatzen denean, merkatu turistikoa nagusitzen zaio bertakoari».

Peredaren arabera, etxebizitza turistiko gehienak ez dira jabeen bizilekuak, hutsik dauden etxebizitzak baizik. Kostako hainbat udalerrik arazo larria dute horrekin. Zarauzko Udalak 2012an ohiko etxebizitza ez diren etxeei Ondasun Higiezinen gaineko Zerga igo zienean jakin zen herrian 2.800 etxebizitza huts zeudela; herriko etxebizitza guztien %24,8, beraz. Horrek azaltzen du, neurri batean, zergatik hazten den merkatuaren gaineko presioa: alokatu litezkeen gune asko hutsik mantentzen dituztelako jabeek. Baina ez da arrazoi bakarra, Peredaren ustez: «Egungo bizimoduak ere eragin du: gazteok lan prekarioagoak dauzkagu, eta izurridun baten moduan begiratzen dizute hipoteka bat eskatzera bazoaz. Askok nahiago dute alokairua». Beste arrazoi bat espekulazioa da: etxebizitzak merke erosten dituzten enpresa inbertitzaileak, gero turistei garesti eskaintzeko. Donostian, hamar erabiltzailek eskaintzen dituzte AirBnBko plazen laurdenak; iragarkien erdiak baino gehiago erabiltzaileen %14renak dira. Erdigunetik kanpoko auzoetan ere jaso izan dituzte bizilagunek luxuzko eraikuntza enpresen panfletoak, etxea erosteko eskainiz.

Negozioaren inguruko gardentasun faltaz ohartarazi du Peredak: «Aurten jakin dugu 600 iragarlek ez zituztela iaz alokairu turistiko bidez jasotako diru sarrerak errenta aitorpenean sartu». Askok ez dituzte betetzen ostalaritzako enpresei ezarritako baldintzak, eta ezkutuko ekonomiara jotzen dute, esate baterako, beltzean kontratatutako garbitzaileen bidez. «Datuetarako benetako sarbidea balute, askori ez litzaieke bururatuko euren etxebizitza turistei alokatzea», azaldu du Peredak, eta adibide bat jarri du: «Hilean 1.000 euroko alokairu arrunt batekin, 10.009 euro geratzen zaizkio jabeari urtean zergak ordainduta: diru sarreren %80. Aldiz, etxebizitza turistikoa bada, %54 soilik geratzen zaio. Demagun sarri alokatuta eta gastu gehigarri guztiak bere gain hartuta —egunero pare bat ordu eskainiz garbiketari—, urtean 30.500 euro kobratzera iristen dela; zergen ostean, 16.504 geratuko litzaizkioke». Arau guztiak betez eta zerga guztiak ordainduz gero, Donostiako apartamentu turistikoen %44 soilik lirateke errentagarriak. Peredaren ustez, politika fiskala da merkatua arautzeko tresna eraginkorrena: «Lortu behar da egoitzazko alokairua errentagarriagoa izatea jabeentzat, turistikoa baino».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna