Joxerramon Bengoetxea.
Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma. ANALISIA

Scotland berria: zer ikasi dugu?

2014ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Erresuma Batuan jarraitzearen aldeko erabakia nagusitu da Eskoziako erreferendumean, baina Irailaren 18ko erreferendumeko emaitza edozein delarik ere, Euskal Herritik pozaz, harriduraz eta inbidiaz jarraitu dugu Eskozian gertatutakoa.

Nik Eskozia 1984an ezagutu nuen. Gehien harritu ninduena ikuspegi nazionaletik zera izan zen: britainiar armadaren egoitzetan, barrakoietan Eskoziako bandera zegoela. 1986 eta 1989 bitartean, doktore tesia Edinburgon egin nuen, Neil MacCormick zenarekin, SNP modernoaren sortzailearen semearekin; eta ordudanik ditut nolabaiteko loturak Eskoziarekin. Thatcherren urte gogorrak ziren. Toriak nagusi ziren Britainia Handian, baina Eskozian emaitza eskasak erdiesten zituzten. Poll Tax zeritzona izan zen eskoziarren samindura piztu zuen neurria. Labour oso indartsua zen Eskozian, baina haren ikuspegia britainiarra zen guztiz. Urte batzuk geroago Labour, Blairren eskutik, hauteskunde orokorretan nagusitu zen, eta orduan martxan jarri zuten devolution izeneko prozesua: eskoziar parlamentua eratu eta egiazko eskuduntzaz hornitu zen. Baina New Labour horrek egindako politika ekonomikoak neoliberala izaten jarraitu zuen, eta eskoziarren artean, batez ere ezkerreko ikuspegiak zituen gehiengo batengan, ideia bat hasi zen errotzen: Britainia Handiko sistema horretan ezin izango zutela elkartasuna gauzatu. Politikoki harritu ninduena nazionalismoaren ikuspegi europazalea izan zen. Winnie Ewing europarlamentari bakarra zeukaten SNPn, baina Goierrian eta Irletan sekulako itzala zeukan emakume horrek; ikurra zen. Geroxeago Neil MacCormick berak lortu zuen europarlamentari postua, eta berak landu zuen SNPren politika europazalea, eta barneko zabalkuntzaren teoria, independence in Europe. Alex Salmond buruzagi izendatu zutenean, orduan etorri zen SNPren etengabeko gorakada. Beregan eskoziarrek lider, azkarra, «canny», argia eta jatorra, eskoziar izateaz harro eta aurrerakoia, euren buruaren isla zeukaten. XXI. mendeko «ilustratu» honek ekarri du erabakitzeko eskubidea eta Eskoziari eman dio «behar zuen tornuia».

Britainia Handiko Erresuma Batuan ez dute konstituzio idatzirik, ez dute hautsiezinezko fedezko dogmarik, demokrazia ez bada. Eta demokraziaren beldur ez dira. Edinburgoko Akordioak erreferenduma posible egin zuen konstituzionalki, Britainiar Parlamentuak Eskoziakoari erreferendumera deitzeko eskuduntza propio utzi ziolako. Horrek ekarri du «kontsulta». Galderaren inguruan ados jarri ziren bi gobernuak, eta kanpainaren baldintza nagusiak ere adostu zituzten. Dena zibilizatua izan da; dena baketsu. Gizartea ez da zatitu.

Kanpainak argumentuak kontrastatu ditu. Galdeketan parte hartzea —ia hamarretik bederatzik bozkatu dute— oso handia izan da: eredugarria. Garbi erakusten du jokoan zer zegoen.

Eskozia nazio bat da. Erresuma Batuan erabat onartuta dago. Nazio horrek bere autodeterminazio eskubidea egikaritu egin du.

Ez da horregatik traumarik gertatu. Une batzuetan kanpainan jarrerak tentsionatu egin dira, baina dena modu zibilizatu batean gertatu da. Ezetzak irabazi du, %55 zabalaz, eta ikustear dago, Britainia Handian jarraitzeko gogoa erakutsi eta gero, eskoziarrei agindu zaizkien eskuduntza berriak erdiesten dituen, batez ere zerga sisteman, eta eskuduntza horiekin aurrera eraman nahi duen politika soziala eta elkartasuna praktikatu ahal izango duen. Emaitza hain doia izaki, irabazleak galtzailearen ikuspuntuak kontuan hartu behar du edozein kasutan. Gainera, orain Erresuma Batuaren eta bera osatzen duten lau nazioen arteko konstituzioa berregokitzea letorke, federalismo asimetrikoaren haritik.

Azken gogoetak, etxerako

1991ko irailean, Aberdeenera joan ginen, eta aukera izan nuen Eusko Alkartasunaren izenean hitz batzuk esateko SNPko urteko kongresuan. Bi mezu bota nizkien: 1) Europari begira: hortxe zegoen apustua, herrialdeetako Europan, eta gure marko politiko berria Europako Estatu Batuak izan behar zirela; bertan elkartuko ginela nazio denak, eta 2) zoragarria zela barneko ikuspegi desberdinak edukita SNP alderdia bateratua jarraitzea, zatiketarik gabe. Izan ere, SNP barruan batzuk ezkertiarragoak ziren; besteak, liberalagoak; batzuk, independentistak; besteak, gradualistak; baina denak, alderdi berean. Oraindik ere harritzen nau horrek. Zeinen zibilizatuak eta baketsuak izan diren. Hemen, gurean, beti zatitzen eta abertzaleen artean mesfidati gabiltza. Are larriago abertzale batzuek duela gutxi arte: abertzaletasunaren neurkina zutela sinetsita, hortxe ibiltzen ziren «kredentzialak» nori aitortu eta nori ez. Hori kasu onenetan, zeren kasu txarretan mehatxuka, irainka edo okerrago ibili ziren. Horrela ez gindoazen eta ez goaz inora. Batasuna behar dugu, gutxienekoak adostu.

Eskoziak bere bidea egin du: erabakitzeko eskubidea du, eta erabaki egin du. Gehiengo batek erabakitakoa da Eskoziak, joko demokratikoaren arauak betez, nahi izan duena. Hori errespetatu eta hemendik aurrera naziogintzarekin jarraitu Erresuma Batuan: bere esku egon da, bere esku dago. Badugu zer ikasia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.