Azken 11 urteotako trafiko handiena izan du Bilboko portuak 2017an

Hornidura eta barneko trafikoa kontuan hartu gabe, 34,2 milioi tona mugitu dira; 2016an baino 2,2 milioi gehiago. Adierazi dute emaitzek ez dutela zerikusirik Pasaiako portuaren egoerarekin

Asier Arrate Iruskieta.
Santurtzi
2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Pasaiako portuko trafikoak behera egin du, baina Bilbokoa haizea poparean doa. Atzo aurkeztu zuten 2017. urteko jarduera balantzearen txostena, eta emaitzekin «oso pozik» agertu da zuzendaritza. Badituzte pozik egoteko arrazoiak: 34,2 milioi tona trafiko mugitu da portuan, 2017an; %7ko igoera, 2016arekin alderatuz. Bilboko portuko trafikoa hazi den bosgarren urtea da jarraian. Krisi garaian, %22ko jaitsiera izan ostean, 2013tik %18ko hazkundea metatu du portuak. 2018rako, trafikoa %2 haztea, eta 2022rako, 37, 5 milioi tonara iristea espero du zuzendaritzak.

Emaitzak ikusita, Asier Atutxa Bilboko portu agintaritzako presidentearen berbetan, 2013-2017 plan estrategikoa «ia %100» bete dute. Azaldu zuenez, helburua 37,3 milioi tonako trafikora iristea zen 2017rako. Hala ere, azken bost urteetan 5,25 milioi tona gehiago mugitu dira. Mota guztietako merkantziei esker lortu dute trafikoak gora egitea. Bidaiari kopuruak, ordea, %2 egin du behera. Atutxak gogoratu zuen inportazioak eta esportazioak osatzen dutela trafikoaren %95: «Horrek erakusten du Bilboko portuaren balio estrategikoa».

Gasa hazkundearen arrazoi

Merkantziei dagokienez, ontziratu gabeko likidoen trafikoa hazi da gehien. Horien artean, gas naturala nabarmentzen da: %68ko hazkundea izan du. Atutxaren arabera, tokiko enpresen eskariaren ondorioz hazi da gasaren trafikoa. Etorkizunera begira, eskariak behera egin lezakeela onartu zuen. Hori da, Atutxaren esanetan, 2018an trafikoa soilik %2 haztearen arrazoia. Karga lehorrek eta kontainerren trafikoak ere gora egin zuten 2017an, baina, neurri apalagoan. Txatarra eta produktu siderurgikoen trafikoa hazi zen gehien. «Portuak dira egoera ekonomikoaren termometro onena», adierazi zuen.

Bilboko portuko eragin eremua Europa Atlantikoa da oraindik ere, Atutxak azpimarratu zuenez. Erresuma Batua da beste urte batez, Bilboren merkatu nagusia, eta, aurten, %16 igo da hara bideratutako trafikoa. Horren ostean doaz, hurrenez hurren, Mexiko eta AEBak.

Merkantzien mugimenduen hazkundeak izan du ere inpaktua portuko negozio bolumenean: %5 igo da, 68,8 milioi euro arte. Horrez gain, Atutxak azpimarratu zuen, 2017a bukatuta, plan estrategikoan aurreikusitakoa baino errentagarritasun handiagoa eta zorpetze txikiagoa lortu dutela. Aldeko kopuru ekonomikoak baliatuz, Atutxak jakinarazi zuen portuko tasen jaitsiera mailakatu bat abiatuko dutela aurten, 5,6 milioi euro arte iritsiko dena. Jaitsierari eutsi nahi diote 2022 arte.

Portuan egindako inbertsioei dagokionez, 61,5 milioi euro gastatu dituzte 2017an, eta 2018rako , berriz, 49,2 milioi euro inbertitzea aurreikusten dute. Aurten bukatu dituzte Araban eraikitzen ari diren Arasurreko tren bazterbidea eta Getxoko itsas terminala. Martxan diren proiektuen artean, portuko erdiko kai muturraren eraikuntza nabarmendu du Atutxak.

Portuaren eremuaren barruan kokatzen diren enpresa pribatuek, aldiz, 70 milioiren inbertsioak egin zituzten 2017an. Horien artean, aipatzekoa da Haizea Wind enpresak itsas errotak muntatzeko eraikitzen ari den pabiloia. Atutxaren esanetan, zuzeneko 300 lanpostu sortuko ditu.

Txanponaren beste aldea

Bilbok gorako bideari heldu zion, baina Pasaiako portuak trafikoa galdu zuen, 2017an. Gipuzkoako zenbait enpresaren itxierez gain, Pasaiako portuko langileek eta erabiltzaileek salatu zuten erakundeek Bilboren alde egiten dutela. Atutxak adierazpenok ukatu zituen: «Oker daude hori esan dutenek, lortutako guztia gure kabuz egin dugu, inoiz ez dugu ezer jaso erakundeetatik».

Presidenteak gaineratu zuen beraien «lehia» Bartzelonako eta Valentziako portuak direla, ez dutela Pasaiari trafikoa kentzeko interesik: «Beste liga batean gaude, eta ez gara helduko helburuetara Pasaiako trafikoarekin bakarrik». Besteak beste, Zumarragako Arcelor Mittalen itxierari egotzi zion Pasaiaren jaitsiera, gainerartuz Bilboko txatarraren trafikoa Sestaoko ACB lantegiaren eskarien ondorioz hazi dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.