Kataluniako hauteskundeak

«Euroagindua kentzea da 155.a bertan behera uzteko lehen urratsa»

Carles Puigdemont presidenteak eta Belgikan erbesteratutako gobernuko kontseilariek adierazi dute Kataluniara itzuliko liratekeela bermatuz gero ez dagoela espetxean amaitzeko arriskurik
Meritxell Serret, Antoni Comin, Carles Puigdemont, Clara Ponsati eta Lluis Puig atzo, prentsaurrekoa egiten, Bruselan.
Meritxell Serret, Antoni Comin, Carles Puigdemont, Clara Ponsati eta Lluis Puig atzo, prentsaurrekoa egiten, Bruselan. MARTA MERINO GOMEZ / EFE

Samara Velte

2017ko abenduak 7
Brusela iparraldeko hotel batean, aspaldiko partez prentsaren aurrera agertu zen atzo Carles Puigdemont. Irribarretsu sartu zen aretora, alboan zeuzkala berekin batera erbesteratutako lau kontseilariak eta aholkulari lanetan ari zaizkien abokatu taldea. Ez zuten poza ezkutatu, Espainiako Auzitegi Gorenak euren aurkako atxilotze agindua bertan behera utzi duenez gero: «Ez dakigu hasieratik ote zekiten euren akusazioak ez zeukala aski oinarririk, edo desastre judizial bat izan ote den; edo bi gauzak».

Puigdemont, Clara Ponsati, Meritxell Serret, Lluis Puig eta Antoni Comin urriaren amaieratik daude Bruselan erbesteratuta; euren gobernuko gainerako kideak espetxeratu zituztenetik, gutxi gorabehera. Besteak beste, sedizio, matxinada eta prebarikazio delituengatik ikerketapean dauzka Madrilek; eta, arrazoi berberagatik, Bruselan daudenen aurkako atxilotze agindua emana zeukan Espainiako Auzitegi Gorenak.

Europaren bihotzeko hiri lasai horretan, ezagun bihurtu da Puigdemonten izena, han kreditatuta jarduten duten mila kazetari baino gehiagoren artean bederen. Atzo, berehala bete zen aretoa mikrofonoz eta kameraz. Denen ahotan, galdera nagusi bat: atxilotze agindurik gabe, itzuliko al dira agintari katalanak sorterrira, hauteskundeen ostean diputatu akta hartzera? Puigdemontek ez zuen erantzun argirik eman. «Etorri ginenetik itzuli nahi dugu», adierazi zuen, baina bermeak eskatu zituen baldintza gisa: «Gerta liteke kontraesan demokratiko bat: Espainiak Europan defendatu ezin duen horrexegatik gu espetxeratzea». Bermerik ezean, «prest» ei daude Bruselan luze geratzeko.

«Beldurragatik atzera»

Berez, Belgikako Justiziak hilaren 14an erabaki behar zuen euroaginduari buruz. Herenegun, ordea, Pablo Llarena Goreneko epaileak bertan behera utzi zuen hura, bat-batean eta inork espero gabe. Puigdemonten ustez, arrazoi bakarra du horrek: Madrilgo juristak bazekiela Belgikak uko egingo ziola estradizioari, sedizio eta matxinada delituak aintzat hartu gabe. «Espainiako Estatua ez da ausartu euroagindua eskatzera, badakielako akusazioak ez direla onargarriak Europako praktika onen arabera», hausnartu du Puigdemontek, eta galdetu du orduan zergatik jarraitzen ote duten bi kontseilarik eta ANCko eta Omniumeko presidenteek kartzelan. «Legea beraiek [Espainiak] egiten dutenean, eta justizia eurek administratu, oso ausartak dira. Baina ezin dutenean kate osoa kontrolatu, ez daukatenean epaile edo fiskal adiskiderik, eta mundu erdia begira badaukate, ez dira horren ausartak».

Presidentearen ustez, Llarenaren keinuak frogatzen du euren auzia «erabat politikoa» dela, Kataluniaren autonomia bertan behera uzteko erabakia bezalaxe: «Geure burua duintasunez eta errespetuz defendatzeko aukera ematen zaigunean —ez gure kide espetxeratuei bezala—, agerian geratzen da gure estrategia zuzena dela. Euroagindua kentzea da 155. artikulua bertan behera uzteko lehen urratsa».

Madrildik ikusten dena, ordea, oso bestelakoa da. Puigdemont bere balorazioa egiten ari zela, Espainiako Konstituzioaren eguna ospatzen ari ziren hainbat diputatu eta kargudun Espainiako Kongresuan; tartean, Rafael Catala Justizia ministroa. Korridoreetan bildutako kazetariei ari zitzaiela, esan zuen ez diola eraginkortasunik ikusten euroaginduaren funtzionamenduari, eta mekanismo hori berraztertzeko proposamena egingo diela Europako Batasuneko beste Justizia ministroei; bihar dira elkartzekoak. Llarenaren erabakia «zentzuzkoa» dela adierazi du; izan ere, Belgikak soilik bere legeen arabera zigortu litezkeen delituengatik estraditatu ahalko zukeen Kataluniako gobernu taldea, eta horien artean ez dago sedizioarena. Ondorioz, Espainiak ezingo lituzke kargudunak akusazio horregatik epaitu. Orain, Bruselan geldituagatik ere, in absentia epaitu eta zigortu ditzaketela argudiatu du Catalak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna