Greba amaitu ala ez, gaur erabakiko dute Tubos Reunidoseko beharginek

Greba amaituz gero, astelehenean bilduko dira zuzendaritza eta langileen batzordea. Batzordeak hiru marra gorri eroango ditu negoziazio berrira: labea ez ixtea, kaleratzerik ez egotea eta lan itunari eustea

Jon Fernandez.
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Gaur amai daiteke Trapagarango (Bizkaia) Productos Tubulares enpresako langileen greba mugagabea, hasi eta 42 egunera. Herenegun 157 langile kaleratzeko enplegua erregulatzeko espedientea kentzea erabaki zuen Arabako Tubos Reunidosen adarrak, iritzita ezinezkoa zela ezer negoziatzea greba indarrean dela eta kaleratzeak, %25eko soldata jaitsierak eta altzairutegiko labe elektrikoa ixteko espedientea mahai gainean daudela. Behin dosierra kenduta, zuzendaritzak eskatu zuen greba bertan behera uzteko, eta negoziazio berri bat hasteko. Atzo egin zuten egoera aztertzeko batzarra lantegiko 418 beharginek, eta gaur goizean erabakiko dute greba amaitu ala ez: 09:00etatik 14:00etara bitartean egingo dute bozketa.

Langile batzordeko iturriekBERRIAri azaldu diotenez, sindikatuek ez diote aldeko edo kontrako botorik eskatu langileei. «Inork ez du iritzirik eman. Orain arte batera egon gara, eta batera jarraitzeari eman diogu garrantzia». Greba amaitzea erabakiz gero, astelehenean bueltatuko lirateke lanera, eta astelehenean bertan bilduko lirateke zuzendaritza eta langile batzordea, negoziazio berriari ekiteko.

Hori bai, mahai berrira orain arteko hiru marra gorriak eramango ditu langile batzordeak, atzo konpromiso hori hartu baitzuen batzarrean. «Prest gaude bideragarritasunaz berba egiteko, baina ez dugu amorerik emango hiru baldintzatan: labea ez ixtea, kaleratzerik ez egotea eta gure lan hitzarmena ez urratzea». Negoziazioa abiatuz gero, langileak prest leudeke Jaurlaritzaren bitartekaritza onartzeko.

«Poza bai, baina neurrian»

ELAko idazkari nagusiak atzo Info 7 irratian azaldu zuen badutela poza dosierra kendu izana lortzeagatik, baina zehaztapena egin zuen: «Poza bai, baina neurrian». Pentsatzen du badagoela arrazoi nagusi bat, erregulazio espedientea baztertu arren ere, langileek zuhur jarraitzeko. «Uste dugu enpresak ez diola uko egin bere helburuari: enplegua eta lan baldintzak txikitzeari». Batzordeak iragarritako marra gorriak dira zuhurtzia horren adibide.

Bestalde, Cebek Bizkaiko patronaleko buruak greba bertan behera uzteko «gomendioa» egin die beharginei. Iñaki Garcinuñok ohartarazi du Trapagarango planta ez dela bideragarria, eta «begi bistakoa» dela zerbait egin behar dela, «enpresa bat ez delako bideragarria horrenbeste milioi euro galduta». 32,5 milioi euroren galerak pilatu ditu hiru urtean Productos Tubularesek.

Garcinuñok deritzo lanera bueltatu beharko liratekeela beharginak, grebak eragindako mina handia izan daitekeela uste baitu. «Espero dugu hilabete eta erdiko grebak eragindako kalteak konpontzeko modukoak izatea, bezeroa ez baita zain egoten. Baliteke bezeroak beste hornitzaile batzuk bilatu izana grebak iraun duen bitartean, bere hornidura beharrizanak asetzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.