Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia ELAk eta LABek lanuztera deitu dute Jaurlaritzan

Publizitatea

Ekonomia

ELAk eta LABek lanuztera deitu dute Jaurlaritzan

Hiru orduko geldialdia egingo dute administrazioko langileek, azaroaren 22an, «urteetako egoera larria» zuzentzeko neurriak eskatzeko
Administrazio orokorreko langileen egoera «larria» salatu zuten ELA eta LAB sindikatuek
Argazkia: MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2017-11-15 / Asier Arrate Iruskieta

Eusko Jaurlaritzako Mahai Orokorreko negoziazioetan presioa handitzea erabaki dute ELAk eta LABek. Administrazio orokorreko eta Jaurlaritzaren menpeko erakundeetako 7.000 langileak hiru orduko lanuztera deitu dituzte hilaren 22rako, «urteak irauten ari den egoera larri» bat zuzentzeko. Protesta Jaurlaritzaren Bilboko, Gasteizko eta Donostiako egoitzen aurrera eramango dute bi sindikatu nagusiek —ordezkaritzaren %80 dute—.

Miren Zubizarretak (ELA) eta Eider Casanovak (LAB) «arduragabekeria eta egoera aldatzeko borondate falta» leporatu zioten Eusko Jaurlaritzari, atzo. Bilbon egindako agerraldian, ordezkari sindikalek adierazi zuten urteak daramatzatela enplegu publikoaren inguruko «egoera larria» salatzen eta enplegua egonkortuko duen plan bat aldarrikatzen. Gaineratu zutenez, kategoria batzuetan badira 27 urte Lan Eskaintza Publikorik egin gabe. Horrek ekarri du administrazio orokorreko langileen %40 behin-behinekoak izatea: 7.000tik 2.700.

Lanpostu publikoen galera ere ekarri zuten gogora Zubizarretak eta Casanovak. 2010etik hona, 200 lanpostutik gora galdu dira administrazioan, eta zerbitzu publikoak kanpo enpresetara bideratzen segitzen du Jaurlaritzak. Soldaten %15eko murrizketak, gaixotasun baimenak bere osotasunean ez ordaintzea, erretiroa hartzeko pizgarriak kentzea, eta garapen profesionalerako aukera falta ere salatu zuten.

Bada lanuzteak deitzera «behartu» dituen beste gai bat ere: lekualdatze lehiaketa. Prozesu horrek ordezkoen lanpostuak kolokan jartzen ditu, langile finkoak jabetzarik gabeko postuetara bidaltzen dituztelako. «Egun, lan asko dago jende gutxirentzat; beraz, lekualdatze lehiaketaren ordez, prozesu ordenatuago bat ezarriz gero, ez luke inork arriskuan egon beharko».

ELAko eta LABeko ordezkarien arabera, Jaurlaritzak ongi daki zein den egoera, baina, hala ere, hartzen dituen erabakiek «egoera betikotzen» dute. Mobilizazioen bidez dinamika hori hautsi nahi dute, eta honako hau eskatu: negoziazio eskubidea berreskuratzea, lanpostuen behin-behinekotasuna %6ra jaistea, zerbitzu publikoen pribatizazioa gelditzea, erosahalmena berreskuratzea eta erretiroa erraztea.

Mahai Orokorraren zain

«Azken hilabete honetan idatziz eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari negoziazioari ekiteko eta murrizketetan atzera egiteko, eta horri ere entzungor egin dio», adierazi zuten sindikatuetako ordezkariek. EAEko administrazioko langile guztiak biltzen dituen Mahai Orokorra urriaren 19an bildu zen azken aldiz, eta, akordiorik ez zenez lortu, zenbait neurri bere kabuz onartu zituen Iñigo Urkulluren gobernuak: 2018. urtean soldatak %1,5 igotzea langile publikoei, Itzarri pentsio osagarrian langileen soldataren %0,5 jartzea eta 13.500 laguneko lan eskaintza publikoa.

Mahai Orokorra hilaren 18an bilduko da hurrena, eta sektoriala, berriz, 28an.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak